Victoria Eugenia erietxea

Eraikin zibila, 1930 (Urbano de Manchobas )

Deskribapena

Victoria Eugenia Erietxearen irekiera, XX. mende hasieratik Eibarren beharrezkoa zen osasun-proiektu baten parte izan zen.

1908. urtea zen, Niceto Muguruza doktoreak Teatro-Salón antzokian higieneari buruzko hitzaldi batean, tuberkulosia duten gaixoek atseden hartzeko eta sendatzeko gune baten beharraz hitz egin zuenean. Batzorde bat sortu zuten berehala eta pilota partidak, kontzertuak, tonbolak, zezenketak eta bestelako ekitaldiak antolatuta, 26.000 pezeta biltzera iritsi ziren. Diru horrekin, 1910ko ekainaren 25ean Eriondoen Lorategia edo “Jardín de Convalecientes” delakoa inauguratu zen, gaur egun Ignacio Zuloaga Institutua dagoen tokian.

Tuberkulosiaren arazoak hobera egiten ez zuela ikusirik, Ziriako Agirre medikuak, Eibarko herriari dei egin zion gaitz horren gaixoentzat pabilioi bat eraikitzeko beharragatik.  Agirrek proiektua taxutu eta lan-batzorde bat izendatu zuen. 68.280 pezeta bildu ziren herrian bertan eta beste dohaitza personal eta Aurrezki Kutxaren mailegu bati esker, 1926ko abenduaren 12an pabiloi txiki bat inauguratu zen Legarren, gaur egungo adinekoen egoitza dagoen lurretan.  Egongela bat eta 4-5  logela zituen eta 86.730 pezeta gastatu ziren lanak burutzeko.

Eraikin berrian pertsona gutxi batzuk bakarrik tratatzeko aukera zegoenez, Ziriako Agirre doktoreak eraikin askoz handiago bat sortzeko nahia zuen, langile prestatuagoekin eta material mediko modernoagoekin. 1927an, Eibarko Udala Gobernazio Ministerioarekin izapideak egiten hasi zen eraikin berria egiteko eta azkenik Estatuak obraren kostu osoaren erdia diruz laguntzea lortu zuten. Gainera, behin martxan jarrita, bere funtzionamendu-gastuen erdia ordaintzeko konpromisoa ere hartu zuen. Lanak 1930ean amaitu ziren, 298.988 pezetako kostuarekin, eta honen ia heren bat  X izpien aparatuak erostera bideratu zen.

1930eko ekainaren 1ean inauguratu zen erietxea eta orduko erreginaren izena jarri zioten: Victoria Eugenia. Erietxea 16 gaixorekin hasi zen martxan (10 gizon eta 6 emakume), nahiz eta 40 pertsonentzat lekua izan. Ziriako Agirre doktorea izan zen zuzendaria, eta Felisa Ventura udal praktikantarekin lan egin zuen beti tuberkulosiaren aurka.

1979an eraitsi zuten, hainbat urtez hondatuta eta utzita egon ondoren.

Airetik

Planoa

Bideoak

Benigna Sarasketa: Tuberkulosoentzat ospitalea

Serafin Basauri: Legarreko ospitalea eta Amañako antituberkulosoa

Argazkiak

Argazki historikoak

Kanpoko argazkiak

Mapa