Castor de Uriarte

Ikasketak: Arkitektoa

Castor de Uriarte Aguirreamalloa (1892-1979)

Cástor Uriarte Catabuig-en (Filipinas) jaio zen, 1892ko martxoaren 28an. Merkantzia-kapitain baten semea, jaio eta hilabete batzuetara familia Bizkaiko Ajangiz herrira joan zen bizi izatera, eta, 1900ean, Gernikara. Lehen ikasketak Aita Agustindarren Eskolan egin zituen.
1908an, Bartzelonara joan zen Arkitektura ikastera. 1917. urtean, ikasketak bukatuta, Gernikara bueltatu, han ezkondu eta Gernikako Udalaren arkitekto gisa aritu zen, 1928tik 1937ra. Gernikako bonbardeaketaren lekuko izan zen, eta, beste eraikin askoren artean, hark diseinatu eta eraikitako frontoia suntsitu zuten. Gertaera haren gaineko testigantzak 1976an argitaratutako Bombas y mentiras sobre Guernica. Acusa su arquitecto municipal cuando la guerra liburuan daude jasota.

Gerra ostean, Lekeitio, Ondarru eta Zornotzako udal arkitekto izan zen, eta beste hainbat herritan ere garatu zituen proiektuak. Eibarko Ayra Durex tailerra diseinatu zuen, eta Astelehena frontoiaren berritze-lanak ere haren kargu egon ziren 1969tik 1972ra. Markinako La Esperanza frontoia ere harena da. Frontoietan aditua, 1964an doktorego-tesia gai horren inguruan egin zuen.

Hainbat ikerketa egin zituen (Estudio de Santa María de Guernica, sus altares e imágenes, -1976-; Las iglesias-salón vascas del último período del gótico -1978-).

Bilbon hil zen, 1979. urtean.

 

Eibarko eraikinak