Faustino de Basterra
Ikasketak: Arkitektoa
Faustino de Basterra Zabalaurtena (1897-1993)
Faustino de Basterra Zabalaurtena Bilbon jaio zen, 1897ko ekainaren 27an. Gurasoak, Serafin Basterra eskultorea eta Nicolasa Zalaurtena izan ziren; Diego de Basterra (1883-1959) arkitektoaren anaiordea zen.
Madrilgo Goi Mailako Eskolan egin zituen Arkitektura ikasketak, eta 1924an graduatu arren, ordurako bazebilen lanean arlo pribatuan, Bilbo inguruan.
1924tik 1928ra, arkitekto garrantzitsuenetako bat izan zen neovasco zeritzon estiloan. Diego Basterra anaiak diseinatutako "etxe merkeen" aldean, klase ertain burgesari begira egindakoak ziren Faustinoren etxeak, eta ez fabriketako langileei begira egindakoak. Haren lan garrantzitsuenen artean, Cooperativa de la Unión de Gueñes (Gueñes, 1926), El Cadagua (Zalla, 1925), Lagun-Etxea (Bilbo, 1928) edo La Amistad (Zorroza, 1923-1927) etxe-multzoak daude, besteak beste.
1930. urtean, Arkitektoen Elkargoek izaera juridiko osoa izatea lortu zuten, eta Euskadiko eta Nafarroako Arkitektoen Elkargoaren (COAVN) lehenengo batzorde ofiziala sortu zenean, Faustino de Basterra elkarteko idazkari izendatu zuten.
Barakaldoko udal arkitektoa izan zen 1931tik 1936ra; proiektu ugari egin zituen Bilbon ere. Gerra zibilaren ondoren, ezgaitu egin zuten hamabost urtez zuzendaritza postuetan eta konfiantzazko karguetan zein kargu publikoetan hautagai izateko.
Arlo pribatuan jarraitu zuen eta 1941. urtetik aurrera Eibarren hasi zen lanean, bereziki tailerrak eta etxebizitza-tailerrak diseinatzen. Hona hemen Basterraren eraikinetako batzuk:
- Acha y Basterra, Matxaria 11 (1941)
- Acha y Basterrako eraikin industrialaren gaineko etxebizitzak (1946)
- Etxebizitza-tailerra, Barrena 8-10 (1942)
- Etxebizitza-tailerra, Bista Eder 23 (1942)
- Norica, Otaola 16 (1955)
- Rodisa, Barrena 34 (1960)
- Industria-pabilioia, Asua Erreka 8 (1964)
1993. urtean hil zen, 96 urterekin.
Barrena 8-10 zenbakietako tailer eta etxebizitzen planoa (1942). Iturria: Muñoz Fernández, F. J. Gerraosteko Euskal Herria eraikitzea: Eibarko berreraikuntza (1937-1957)