Urbano de Manchobas

Ikasketak: Arkitektoa

Urbano Manchobas Careaga (1886-1968)

Urbano Manchobas Careaga Ermuan jaio zen, 1886ko abenduaren 7an. Gurasoak, Lorenzo Manchobas eta Salomé Careaga, Artekale kaleko lehenengo zenbakian bizi ziren, eta sei seme-alaba izan zituzten; horietatik bigarrena zen Urbano. Aitak Madrilen lan egiten zuenez, joan-etorri asko egiten zituen familiak.

1903an, Arkitekturako ikasketak hasi zituen Madrilen eta, aldi berean, boluntario-lanak egin zituen Udal suhiltzailegoan. 1911an graduatu, eta 1913an Miguel García Lomas arkitektoarekin batera estudio bat zabaldu zuen Madrilgo España Plazan. Lan ugari eta esanguratsuak sinatu zituzten elkarrekin.

1918. urtean, Madrilgo Ogasun Publikoko arkitekto ofizial izendatu, eta Valladolideko Katastrora bidali zuten lanera. Urtea amaitu aurretik eszedentzia bat eskatu zuen, eta 1924. urte arte, García-Lomasekin batera, Ribadesellako hainbat indiano-etxe diseinatu eta eraiki zituen. Garai berean, Covandongako Favila Hostala (gaur egungo seminarioa) eraiki zuten.

1925. urtean, Manolita Egaña Eitzagako auzo-eskolako maistra donostiarrarekin ezkondu zen. Hiru seme-alaba izan zituzten eta Ermuko Irulitxa kalean bizi izan ziren. 1923 eta 1935 urte bitartean, Ermuko hainbat eraikin esanguratsu eraiki zituen: Drogenten Rantxoa (1923), Nicolas Careagaren txaleta (1925) eta Ermuako Batzokia (1935), besteak beste.

1927ko abuztuan, Eibarren arkitekto plaza lortu zuen lehen profesionala bilakatu, eta udal arkitekto gisa jardun zuen hurrengo hamar urteetan. Gerra aurreko industriagintzaren hazkundearen protagonista esanguratsuenetako bat izan zen, hainbat tailer eta neovasco izeneko estiloko txalet eraikiz:

  • AURRERA FUNDIZIOKOko handitze-lanak (1928)Isasiko txaleta
  • SOLAC (1930-1931)
  • CRUCELEGI HERMANOS (1930)
  • ORMAETXEA (1930-1931)
  • ARRIZABALAGA (1931)
  • Vildosolako txaleta -eraitsia- (1927)
  • Isasiko txaleta (1925)

1929. urtean, Ego ibaiaren ur zikinen hustuketa, depurazioa eta ur-hornikuntzaren proiektua garatu zuen.

II. Errepublikaren garaian armagintza-industria krisi sakon batean sartuta zegoen, eta Eibarko langabezia-tasa oso altua zenez, Alejandro Telleriak, 1933. urtean etxebizitzak eta azpiegiturak eraikitzeko plan berezi bat diseinatu zuen, eta lanpostu ugari sortu. Lan guztiak, Urbano Manchobas arkitektoaren gidaritzapean egin ziren hurrengo urteetan zehar:

  • Etxebizitza berriak O’Donell eta Pagei kaleetanUntzagako kioskoaUntzagako kioskoa
  • Ura ekartzea Arratetik
  • Labaderoak Txontan eta O’Donell kalean
  • Auzo-eskolak eraikitzea Aginagan, Santa Kurutzen ta Maltzagan
  • Alhondiga berria
  • Kanposantu berria
  • Txantxa Zelaiko eta Eskola Armeriako frontoiak
  • Victoria Eugenia Tuberkulosoen erietxea
  • Untzagako musika kioskoa

Coromotoko Eliza, CaracasUdal arkitekto gisa, gerra garaian eraikin publikoetan bonbardeaketek eragindako kalteak gainbegiratu behar zituen noizean behin. Hori dela eta, 1937ko udan, Ormaiztegiko biaduktoaren desmuntaketan parte hartzen ari zela, tropa frankista bati bidea moztu zien, eta heriotza zigorra ezarri zioten. Santanderrera ihes egin zuen lehenengo eta Belgikara gero, Ziburun familiarekin elkartu ostean. Anberesen, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzan egon zen lanean. Ordurako, hiru heriotza-zigor zituen bere zain Espainian, eta 1939an, II. Mundu Gerra hasi baino egun batzuk lehenago, Venezuelara abiatu zen. Familia ezin izan zen elkartu hamar urte igaro arte. 

Venezuelan, Construcciones Paul enpresan egin zuen lan, eta, 50eko hamarkadan zehar, gaur egun Caracasen Interes Kulturaleko Ondasun diren hainbat eraikuntza diseinatu zituen, haietako batzuk neovasco estiloan. Berandura arte jardun zuen eraikinak diseinatzen, eta 1961. urtean, 75 urte zituela, 1949an diseinatu zuen Santa María de Coromoto eliza bukatu zuen. Azkenengo lanetariko bat izan zen. 

Toribio Etxeberriaren lagun handia zen, nahiz eta ideologikoki oso ezberdinak izan: bata, nazionalista eta elizgizona eta bestea, ateoa eta sozialista errepublikazalea. Baina biek, Caracasen bizi ziren beste euskaldun askok bezela, hizkuntza eta aberria partekatzen zuten. Manchobasek Euskal Herrira bueltatzeko grina izan zuen beti, eta 60ko hamarkadan ahaleginak egin bazituen ere, haren kontrako heriotz-zigorrek bere horretan jarraitzen zuten, eta ezin izan zen inoiz itzuli. 

1968ko apirilaren 26an hil zen, erori ostean egin zioten ebakuntza baten konplikazioen ondorioz. Caracasen dago hilobiratua, Panteón de los Vascos deritzon lekuan.

 

 

Eibarko eraikinak

Hermanos Crucelegui S.A.

JARDIÑETA - IBARGAIN

Santa Kurutzeko eskola

Gorosta bailara