Felipe Telleria - Carbureibar

Eraikin industriala, 1956 (Joaquín Domínguez Elosegui, Jose Maria Ruiz Azpiri )
Arane 4-6

Deskribapena

Lorenzo Telleriak 1957an eraki zuen tailer hau, Arane kalean. Egitasmoa Jose Maria Ruiz Azpiri arkitektoak idatzi zuen: tailer funtzional bat zen kalearen aldapa gogorrera L forman egokitzen zena. Hainbat enpresa egon ziren bertan, besteak beste, Carbureibar. Gaur egun ere hainbat enpresa daude eraikinean, eta etxebizitza bat atikoan.

Airetik

Planoa

Sintesi dokumentala

Lorenzo Telleria Txontan kokatutako Telleria etxetik zetorren (gaur egun desagertua). Industrialari hau tailer mekaniko eta dekoletajeko baten jabea izan zen, eta baita industria-eraikin batzuen sustatzailea ere.

1957an tailer bat eraiki zuen Arane kalean, Jacinto Alcortaren tailerrari (Jata) erantsia  [6888.17]. Garai hartan, Aurrera ostean kale hori zabaltzeak industria-zabalkunderako gune garrantzitsu bat sortzea ekarri zuen.

Egitasmoa José María Ruíz Azpiri arkitektoak idatzi zuen, eta tailer funtzional bat proposatzen zuen, kalearen eta orubearen aldapa gogorrera egokitzen zena, bere solairuak lursailaren kontra mailakatuz. Sotoko solairua, etxabea eta hiru oin-solairu zituen, eta azken solairua fatxadatik atzerago zegoen, araudiari zegozkion arrazoiengatik.

Proiektuaren arabera, oin laukizuzena zuen, eta goialdean errepideari egokitzeko bira txiki bat egiten zuen. Baina eraikuntza-prozesuan tailerra gorantz luzatu zen, “L” forma hartuz. Fatxadek bat egiten zuten izkina kurban eraiki zen, bai errepidearen kurbadurari egokitzeko, bai arrazoi estetikoengatik; eta  fatxada jarraitu bat eratu zen, oso ohikoa Eibarko industria-eraikinetan.

Itxura hori antzematen da dagoeneko Telleriak 1958ko uztailean partzialki altxatzeko eskatu zuen proiektuan, Joaquin Dominguezek idatzia, zeinak eraikina “L” forma horrekin marraztu zuen. Aurreikusi zen  zaintzailearentzako etxola bat egitea eraikinaren estalkian, eta baimendu arren, azkenean ez zen egin [6891.08].

Felipe Telleriak instalazio horietan jardun zuen, eta eraikina tailer mekaniko gisa ageri zen, industria-matrikuletan jasotzen denez. Nolanahi ere, 1963tik aurrera, tailer berri bat eraikitzeko prozesuari ekin zion Matxariako goialdean [M-10], non, bere eskaeraren arabera, “hirigunean zeuden tailer eta fabrika batzuk batu nahi zituen”.

1973an, Matxariara joan zen, eta instalazioek Decoletaje Especial SA (DESA) izena hartu zuten.

Carbureibar enpresa ere egon zen eraikin honetan. Hain zuzen, enpresa hori izan zen azkenean zaintzailearentzako etxola egin zuena tailerraren gainean.

Lehenik, hura eraikitzeko aukeraz egin zuten kontsulta 1965ean [6921.26]; eta 1966ko azaroan, José Luis Leceta Larreateguik, Carbureibar enpresaren kontseilari ordezkari gisa, etxola eraikitzeko baimena eskatu zuen, Ignacio de Bilbao Iturriagaren proiektu batean oinarriturik [6950.03].

Proiektua solairu hori zati batean igotzean zetzan, aipatutako etxola tailerraren estalki gainean jasoz. Eraikuntza horrek ez du batere ondo ematen eraikinarekin gainerako guztiarekin alderatuta. Ordudanik (60ko amaieratik), tailerrak ez du aldaketa nabarmenik izan.

Carbureibar enpresa —ezin zituenez instalazioak Eibarren handitu— Abadiñora joan zen, eta han jarraitzen du gaur egun ere Pierburg taldearen barruan, 400 langile inguru dituelarik. Muelles Berry ere eraikin honetan kokatu zen, Carbureibarren azpian, eta, arrazoi beragatik, hura ere Matiena ingurura joan zen.

Gaur egun hainbat enpresa daude kokatuta eraikineko lokaletan: Aguitor 1. solairuan, Berezi Lantegiak 2.eta 3. solairuetan, Domingo Guisasola 4. solairuan, Lasculan 5. solairuan, eta atikoan bi etxebizitza, haietako bat Carbureibarreko tailerreko nagusia izan zenarena.

Signaturak

Mapa