A.B.C.

Eraikin industriala, (cat) 1927 - 1950 - 1960 - 1970
Matsaria 23

Deskribapena

Eraikin honen hazia SEAM (Sociedad Española de Armas y Municiones) konpainiak jarri zuen 1925ean, Adolfo Thiemek biltegi eta bulegoetarako erabiliko zen pabiloi hau eraikitzea eskatu zuenean. Gerra zibilaren ostean, enpresak leku berean jarraitu zuen, 1947ra arte gutxi gorabehera. Urte hartan Arizaga, Basterrica y Cía (A.B.C) enpresaren eskuetan geratu zen, eta konpresoreak fabrikatzeari ekin zion. Instalazioak ahal izan zuten guztia handitu zituzten, baina ez zen egokia industria-eredu berriei erantzuteko eta erabilerarik gabe geratu zen. ABC enpresak Azitainen jarraitzen du.

Airetik

Planoa

Argazkiak

Argazki historikoak

Informazio gehiago

Enpresa honen jatorrian bi industria-gizon daude: Adolfo Thieme eta Guillermo Edeler.

1897an, Adolfo Thieme "Nimrod Gewerhfabrik Thieme & Sclegelmich" enpresa alemaniarraren bazkide omen zen. Eibarren Thiemek eta Edelerrek, “alemanek”, gupidagabe fama zeukaten krisia jasaten ari ziren fabrikatzaileekin, zeinak behartuta baitzeuden beren produkzioa alemanei eskaintzera.

Thieme & Edeler enpresa Eibarko industria-matrikuletan azaltzen da 1914. urtean, Estaziño kalean. 1924an, sozietate mugatu gisa berrantolatu zen “La Española de Armas y Municiones” izenarekin, eraikin berria egin zuten Matxarian, eta urte berean SEAM marka eskatu zuten.

Enpresak ez zuen fabrika propiorik eta haren jarduera komertziala zen. 1929ko armaginen erroldan eta Arma Probatokian, hala ere, eskopeten, errebolberren eta pistola automatikoen fabrikatzaile gisa ageri dira.  

Nolanahi ere, katalogo batzuk aurkitu dira, non arrantza-artikuluak ere komertzializatzen zituzten. Nabarmentzekoa da menbreteetan Valentziako eta Madrileko ordezkaritzei egiten ziela erreferentzia.

Enpresa sozietate anonimo gisa berrantolatu zen 1934an, SEAM. marka erregistratuz diseinu berri batean, inskripzio hori jasotzen zuena artilleriako granada baten barruan. Era guztietako armak komertzializatu zituzten, baita arma zuriak ere, hala nola gazteria falangisten labana bat.

Adolfo Thieme Bartzelonan hil zen gerra zibilean.  1939an La Española de Armas y Municiones enpresak berriro ekin zion jardunari Guillermo Edelerren zuzendaritzapean.

1944an, enpresa Matxarian ageri da erregistratuta Eibarko industria-matrikuletan, eta jarduera nagusia lehergaien handizkako salmenta da. Merkataritza-erregistroan 1947an ageri da azken aldiz.

Itxura denez, Edelerrek Sociedad Española de Explosivos sozietateari saldu zion enpresa. Data horretatik aurrera, enpresa desagertu egin zen Eibartik. SEAMek okupatzen zuen eraikina ABC enpresak hartu zuen. (Arizaga, Basterrica y cia.).

 


Sintesi dokumentala

Eraikin honen hazia SEAM (Sociedad Española de Armas y Municiones) konpainiak jarri zuen 1925ean, Adolfo Thiemek biltegi eta bulegoetarako erabiliko zen pabiloi hau eraikitzeko eskabidea egin zuenean, Urbano Manchobasen proiektuaren arabera C5.34.19.

Matxariako gunea hutsik zegoen artean, eta hori ondo zetorkion enpresari, hirigunetik urrun samar egon behar baitzuen lehergaiak manipulatzen zituelako. Eraikinak oin laukizuzena zuen, hormigoi armatuzkoa zen eta zutabe finak zituen; egitura horrek bao handiak zabaltzea ahalbidetzen bazuen ere, fatxaden konposizioan oraindik ere zati opako asko zeuden, garai hartako hormen egitura estetikoek agintzen zuten bezala.

Erdisotoa, beheko solairua eta lehen solairua zituen; lehen solairua bulego, biltegi eta enbalajerako zen, eta ez zuen berez produkziora zuzendutako espaziorik.  Bigarren solairua etxebizitza bat izatera bideratuta zegoean hasieran, baina obra-prozesuan proiektua aldatu eta solairu horretan biltegia egin zen eta langileentzako logela batzuk.

1926an, eta Juan de Urizarren eskariz eta Española de Armas y Municiones-en izenean, bi bolborategi eraikitzea eskatu zuten mendi-mazelean gora, erreka txiki baten ondoan. Bolborategietan kartutxoak egiteko erabiltzen zuten bolbora biltegiratzen zen; kartutxoak lehendik eraikia zuten tailer txikian gordetzen zituzten (ikusi planoa) C5.35.32.

1929an, Guillermo Edelerrek (Thiemeren bazkidea) obra-baimena eskatu zuen eraikinaren aurrealdea eraberritzeko eta atzealdean biltegi-gune bat egiteko C5.37.2.

Gerra zibilaren ostean, enpresak leku berean jarraitu zuen 1947ra arte gutxi gorabehera. Urte horretan Arizaga, Basterrica y Cia (ABC) enpresaren eskuetan geratu zen,  eta konpresoreak fabrikatzeari ekin zioten.  SEAM enpresak ez bezala, leku gehiago behar zuten produkziorako hainbeste biltegiratzeren ordez, eta higiezinaren egokitze- eta zabaltze-prozesu bati ekin zioten:

-          1951n, esltalpe txiki bat eraiki zuten kartutxoen tailer zaharrari atxikia, Felipe Anitua ingeniari industrialaren proiektuaren arabera 6871.33.

-          1952ko abenduan, aurretik zegoen eraikinaren zabalkundea hasi zuten, eraikinaren eta Matxariako bidearen artean, solairu berberak erabiliz: erdisotoa, beheko solairua eta  bi solairu 6876.16.

-          Pixka bat lehenago, 1952ko maiatzean, Diego de Basterraren proiektuari jarraituz, eskabidea egin zuten Matxariako errekaren zati bat estaltzeko, bidean gorantz jarraitu ahal izateko, gutxienez 6 m-ko paso bat errespetatuz itxitura berriaren eta berriki eraikitako higiezinaren harlanduzko hormaren artean 6874.01.

-          Bidearen ibilbidea finkatuta geratu ondoren, enpresak 1953ko ekainean zabalkunde bat egitea bultzatu zuen instalazioen ondoan bidean gora 6876.16. Gehitutako zatia mendi-magalaren eta bidearen artean geratzen zen espaziora egokitzen zen, hala, estuagoa zen aurrera egin ahala. Zabalkuntza-lanetan beheko solairu bat eta bi solairu egin ziren, zeinak gainerako instalazioekin lotuta geratu ziren. Ez zeukan erdisotoko solairurik, ez baitzuen altuera nahikorik bidea oso goian geratzen zelako.

Diego de Basterra arkitektoak egindako zabalkunde-lan horiek inguratu egiten zuten lehendik zegoen eraikina, eta dirudienez, agortu egiten zuten enpresaren hazkuntza-ahalmena.  

Hala ere, jarduera industrialak artean espazio gehiago eskatzen zuen, eta 1961ean udal arkitektoak salatu egin zuen handitze-lanak egiten ari zirela baimenik gabe. Isun bat jarri, eta agindu zitzaien handitze-proiektua aurkezteko.

Diego de Basterrak idatzitako zabalkunde-proiektuak mendi-mazelari irabazitako zerrenda estu bat zabaltzea aurreikusten zuen, eraikinaren ostean. Zerrenda 3 m zabalekoa zen beheko aldean, baina luzera guztian eta solairu guztietan izatera, azalera-hazkunde nabarmena zen 6901.14.

Hortik aurrera eraikinak ez zuen aldaketa garrantzitsurik izan. 1964an bulegoak konpontzeko eta egokitzeko lanak egin ziren 6914.01, eta habe-garabi bat instalatu zen ondoko eraikinetik gertu (Nicolás Correa), leku bakarra zelako kamioi bat kokatzeko ibilgailuen trafikoa eten barik6914.02.

Eraikinaren gaur egungo egoera ez da ona, ura sartzen da eta ur-putzuak daude erdisotoan.

Signaturak

Mapa