Aguirre y Aranzabal (AYA )-> Portalea
- Eraikin industriala, 1938 / (cat) 1996
(Raimundo Alberdi Abaunz
)
Bista Eder 10
Deskribapena
Nicolás Aranzabalek eta Gregorio eta Nicolás Aguirreazaldegui anaiek 1914 inguruan sortua eta 1938an Bista Eder kalean kokatua, herriko arma-fabrika handienetakoa izatera heldu zen. 1996an, arma-fabrika izan zena Portalea Kultur Etxea bihurtu zen.
Bideoak
Jose Antonio Albizu: Grabatzaile-mutil AYAn
Jose Antonio Albizu: Lanerako erremintak
Jose Antonio Albizu: Aprendiz garaian hogei duroko ordainsaria
Argazkiak
Informazio gehiago
Eraikin hau, gaur egun Portalea dena, Eibarko eskopeta-fabrikarik handiena izan zen.
Aguirre Hermanos y Aranzabal taldekoek beren tailer berria 1938an eraiki zuten, Bista Eder inguruan, 1937ko bonbardaketan suntsitutako hirigune historikotik gertu.
Enpresak 1914. urtetik ziharduen lanean, baina instalazio xumeago batzuetan. Tailer berria eraikitzeak aukera eman zion enpresari “mapan kokatzeko” eta eskopetagintzan handienak zirenekin lehiatzeko (Orbea, BH…); izan ere, enpresa handi horiek bizikletak fabrikatzen hasiak zeuden.
Raimundo Alberdi arkitektoaren proiektuak diseinu arrazionalista bati erantzuten zion eta bolumen kubiko garbiak nabarmentzen ziren; eskaileraren erdiko bolumena nabarmendu egiten zen, gailurrean enpresaren ikurra buru zuela. Bolumen-konposizio horrek eraikinaren erabilerei erantzuten zien, eta argi bereizten zituen fabrikazio-guneak, bulegoak, zerbitzuak…
Enpresa hazten eta handitzen joan zen, baina fatxadaren bolumen-konposizioari eutsiz. Eraikitako azalera guztira 8.000 m² izatera iritsi zen, eta eskopeten fabrikazio guztia bertan egiten zen, material gordinetik abiatuta. Urtean gutxi gorabehera 20.000 eskopeta egitera iritsi ziren, eta 470 langile izan zituen.
Nolanahi ere, AYAren bereizgarrietako bat kalitatea izan da: eskopeta fina, gama altukoa eta kasu askotan neurrira egina. Merkaturik handiena atzerrian zuen, nagusiki Ingalaterran, non oraindik ere oso famatua den.
80ko amaieran, eta eskopeta-sektorearen krisi larri baten ondoren, AYAk itxi egin zituen lantegi historikoa izan zenaren ateak. Zorionez, enpresak aktibo jarraitzen du Otaolako bere tailerrean; fabrikazioa ez da oso ugaria, baina zehaztasunez egina da, eta tradiziozko ofizioari eusten zaio.
90eko hamarkadan Portaleko Kultur Etxearen eraikina bihurtu zen, baina sentsibilitate gutxi egon zen eraikina eta instalazioak baloratzeko. Horren erakusgarri da eraikinaren gainaldean zegoen AYAren ikurra kendu izana, birmoldatze-urtea “1996” inskribatzeko.
Informazio gehiago
Sintesi dokumentala
AYA enpresa existitzen ez den Barrenkale kalean sortu zen, 1914 urte inguruan. Ez da aurkitu obra-espedienterik haren izenean, nahiz eta industria-matrikulek hor kokatu enpresaren sorrera.
Aurkitutako lehen obra-espedientea Bista Eder kalean eraiki zuten tailerrari dagokio,1938ko obra-artxiboaren arabera 6854.43; bertan dago jasota Raimundo Alberdik Nicolas Aranzabalentzat -Aguirre y Aranzabal ordezkatuz- idatzitako proiektua.
Bonbardaketan, tailerra zegoen eraikina txikituta geratu zen. Tailer berria bonbardaketak suntsitutako parte zaharraren ostean kokatu zen, Bista Eder izeneko gunean, eta nabarmen gainditzen zituen tailer batek erdigune historikoan izan ohi zituen neurriak. Jatorrizko proiektuan tailerra jabetzako lursailarekin lerrokatu arren, azkenean kaleak etorkizunean izango zuen lerrokadurari jarraituz eraiki zen. Eraikin berriaren ondoan Luis Aranberriren tailerra zegoen (Margola).
Hormigoi armatuzko eraikin berriak diseinu zaindua zeukan, hainbat bolumen kubikoz osatua, eta eskaileraren erdiko zatia nabarmentzen zen, altuera handiagokoa. Diseinua arrazionalista da, apaindurarik gabea, eta fatxadan simetria saihesten duena. Erabilera industrialeko leiho zabal etzanak konbinatzen ditu goitik beherako leihate batekin, eskaileraren bolumen bertikalean dagoena; bolumena altuagoa da, AYAren ikurra gailurrean duela.
Eraikin mailakatu bat dauka, mendi-magalaren aldapari egokitua. Aurrealdean sarbidea dago, eta bi solairu ditu tailer-erabilera dutenak. Azpimarratu behar da ekoizpen-solairuak bolumen zabal eta garbiak direla, eta eskailera eta komunak haietatik kanpo daudela.
Hurrengo obra-artxiboa 1949koa da 6868.58; bertan eskaera dakar edifizioaren aurrealdean garaje txiki bat eraikitzeko, Aranberriren eraikinarekin lerrokatuta (Margola tindategia). Dagoen plano bakarra eskema bat da, eta ez da aurkitu argazkirik eraikina garai hartan nolakoa zen esango ligukeenik.
1951ko obra-artxiboan jasotzen da jatorrizko tailerraren lehen handitze-lan garrantzitsua 6871.35. Ramon Mariarena arkitektoak idatzitako proiektuak hiru solairu gehiago egitea aurreikusten zuen. Eskaeran azaltzen da handitzea industria-zatian egingo dela, bulegoen aurreko aldea ez dagoelako nahikoa zimendatuta. Solairu berriek banaketa bera dute. Komunak osteko aldean mantentzen dira, produkzio-eremutik kanpo, eta handitu egiten da altueran eskaileren kanpoaldeko bolumen bertikala, berriz ere AYAren anagrama eraikiz bolumenaren gailurrean.
Hala ere, nahiz eta hiru solairu teilatu inklinatu batekin eraikitzea aurreikusi, azkenean bi solairu bakarrik altxatu ziren, eta azken solairuan arma-probaleku bat egin zen, 1951ko obra-artxiboan 6872.19 ikus daitekeen bezala. Probalekua galeria luze bat zen fatxadatik atzeraeramana zegoena; estalkiak zerra-hortz forma izanik argia goitik sartzea ahalbideratzen zuen, eta, hala, saihestu egiten zuen leihoak jartzea aldamenetan, hautsi egin baitzitezkeen eskopeten tiro-hotsekin. Seguruenik Eibarko enpresa bakarra izango zen tiro-galeria bat jarri zuena armak probatzeko.
Azken handitze-lana 1960ko obra-artxiboan [6879.04] jasotzen da. Proiektua eta obra-zuzendaritza Joaquin Dominguez Elosegui arkitektoarenak dira. Asmoa zen edifizioari eraikuntza berri bat gehitzea atzeko aldean. Ahalbidetu egiten zuen Plan Nagusian definitutako etxe-uhartea ixtea, eta berezitasuna zen patio handi bat egokitzen zela erdian, goiko solairuei argi naturala eta aireztapena emateko.
Gainontzean, eraikuntza erabat funtzionala zen, inolako apaindura estilistikorik gabea. Obraren helburu nagusia zen industria-erabilerari ahalik eta etekin gehien ateratzea, eraikina inolako irudi bereizgarrirekin identifikatu beharrik gabe. Fatxada lauak dira bao handi etzanekin, egituraren erritmoari jarraitzen diotenak.
Handitze-lan horren eraikuntza ere magalaren pendizera egokitu zen. Zabaltze-lanaren sotoko solairua atzeraeramana geratzen da mendiaren kontra, eraikinaren lehen solairuaren altuera berean. Beheko solairuak oin osoa hartzen du, patiorik gabe, eta hurrengo hiru solairuek "U" forma dute patioa zabaltzeko erdiko gunean, probalekuaren solairura iritsiz. Hala ere, egitasmoan aurreikusita zegoen beste bi solairu gehiago altxatzea, baina ez zen horrela egin.
Horren arrazoia izan daiteke AYA enpresak Luis Aranberrik eraiki zuen aldameneko eraikinaren goiko solairuak ere bereganatu zituela. Industria-gizon hori Margola tindategiaren jabea zen, AYAren aldameneko nabeetan kokatua. Nabe horiek partzialki suntsituak izan ziren 1937ko bonbardaketan, eta hala markatu ziren Regiones Devastadas delakoen planoetan; geroago berreraiki egin ziren enpresaren jarduerari berrekiteko. Dena den, tailerrak oztopatu egiten zuen Vista Alegreko bidea Regiones Devastadasek diseinatutako Antolaketa Planaren arabera egitea; hortaz, azkenean tailerra bota, eta edifizio berria eraiki zen markatutako lerrokaduran eta AYAren ondoan kokatua.
Hainbat obra-artxibo daude eraikuntza horri lotuak, 1957 eta 1960 urteen bitartean. Lehen proiektuetan planteatu zen beheko solairua Margola tindategirako erabiltzea, eta goikoak etxebizitzarako. Baina azkenean goiko solairuak AYAren industria-erabilerarako izan ziren. Tailer bat eraiki zen aldamenekoaren altuera berberekin. 1960ko obra-artxiboan [6897.10] proiektu hau ageri da; egilea Ramon Martiarena arkitektoa da, urte berean atzealdeko handitze-lana egin zuen arkitekto bera.
Harrezkero, tailerrak ez zuen aldaketa nabarmenik izan industria-jarduera eten arte, 1985ean; hantxe geratu ziren 9.5000 eta 10.000 m2-ko industria-instalazioak.
90eko hamarkadan, Udalak multzo guztia birmoldatu zuen udal instalazioak egiteko; eraikinak Portalea izena hartu zuen. Hainbat proiektu egin ziren birmoldaketarako, Marquet, Zulaica eta Muñagorri arkitektoek idatziak. Obrak modu oldarkorrean egin ziren: hormigoi armatuzko egitura indartu zen, sarrera eta bulegoetarako tailerraren aurrealde osoa eraitsi zen, baita fatxada guztia ere, arotzeria-bao berrien proportzioak aldatu ziren, karga-jasogailu eta eskailera berriak egin ziren… Eraikinaren gailurrean zegoen AYAren anagrama ere aldatu egin zen, lehoia bakarrik utzita eta haren azpian birmoldaketaren urtean erantsita (1996). Hitz batean: oraingo eraikinak AYAren "hezurrak" kontserbatzen ditu, baina ezin daiteke esan errespetuz jokatu denik ez tailerrarekin ez haren historiarekin.