C. y T. Bascaran - Ugartechea

Eraikin industriala, 1963/ (cat)1962 (Ramón Martiarena Lascurain )
Txonta 26

Deskribapena

Eraikin hau José Iparraguirrek egin zuen 1961ean, Txontan. Industria-lokalak alokatu eta saltzeko erabili zen. C. y T. Bascaran enpresak karabinak fabrikatzen zituen (Cometa) eta eraikinaren beheko solairuetan jardun izan du lanean, eta Ugartechea eskopeta-fabrika historikoa ere hor egon zen. Gaur egun jatorrizko eraikinak segitzen du industria-erabilera izaten eta nahiko kontserbazio-egoera onean dago.

Airetik

Planoa

Argazkiak

Argazki historikoak

Sintesi dokumentala

Eraikin hau José Iparraguirrek egin zuen, Ramón Martiarena arkitektoaren proiektu batean oinarrituz, 1961eko urrian egindako eskabidetik ondorioztatu daitekeenez 6909.33.

Eraikinak zorrotz jarraitu zion Ramón Martiarena arkitektoaren egitasmoari, aldaketa eta handitzerik gabe; hortaz, gaur egungo eraikinaren bolumetriak jatorrizkoari erantzuten dio.

Hormigoi armatuzko egitura bat da, Txontako bidearen ondoan kokatua, Rocandioren eta Iberdueroko estazioaren artean (azken hori kendu egin zen Txontako “V”a egiteko).

Forma laukizuzenekoa, etxabea eta hiru solairu ditu, zeinak zati batean lursailaren kontra dauden atzealdean. Eraikina industria-lokalak alokatu eta saltzeko erabili zen, eta solairuak eskailera eta karga-jasogailu batez lotzen ziren.

C. y T. Bascaran enpresak karabinak fabrikatzen zituen (Cometa) eta eraikinaren beheko solairuetan jardun izan du lanean, eta gaur egun ere hor segitzen du. Horren erakusgarri da 1963ko urrian Martiniano Larrañaga Zubiate enpresaren zuzendari-gerenteak izenpetutako eskabidea; bertan baimena eskatzen zuen pabiloiaren etxabeko bibrazioen aurkako zimentu-oinarri isolatu bat eraikitzeko 6908.04.

Ugartechea eskopeta-fabrika historikoa ere hor egon da. Ignacio Ugartechea Aulestiartek 1972ko martxoan egindako kontsulta da horren erakusgarri 6972.10.

Idatzian ikus daiteke enpresak gero eta leku premia handiagoa zuela, izan ere, bertan aztertzen da ea aukerarik dagoen osteko aldean hiru solairu gehiago egiteko. Udalak jakinarazi zuen baimena emango zuela, baina autopista azpian geratzen zenez, Errepide eta Bideen Zuzendaritza Nagusiarekin izapidetu behar zela. Azkenean, ez ziren obrak egin.

Dena den, Ugartechea ez zen konforme gelditu eta tamaina handiko eraikin bat egin zuen handik gertu [TX-14].

Imigas enpresa (ontzi-garbigailuak, ur-berogailuak eta sukaldeak, bai elektrikoak bai ikatzezkoak egiten zituen) ere bertan egon zen. Ermura joan ziren leku falta zela-eta.

Remeca enpresa (trokelaketak, errematxeak) eta Cestafe enpresa ere egon ziren.

Gaur egun jatorrizko eraikinak segitzen du industria-erabilera izaten eta nahiko kontserbazio-egoera onean dago. Dena den, hirigintza-planak daude auzorako, eta eraikinaren etorkizuna ez da ziurra.

Signaturak

Mapa