Cadenas Iris

Eraikin industriala, 1955 / (cat) 1948 (Raimundo Alberdi Abaunz, Ramón Martiarena Lascurain )
Iparragirre 2

Deskribapena

Industrias Echeverria 1936an sortu zen Valentin Echeverría eta Willy Bohmen ekimenez. Lehenik Bidebarrietan egon ziren harik eta 1938an Iparragirre baserrirako bidean lehen tailerra eraiki zuten arte. Bizikletentzako kateak egiten zituzten eta gero motoen sektorera pasatu ziren. 2008an Azitaingo instalazio berrietara joan ziren.

Airetik

Planoa

Argazkiak

Argazki historikoak

Barruko argazkiak

Kanpoko argazkiak

Informazio gehiago

Industrias Echeverria SL 1936an jaio zen, Valentín Echeverría eta Willy Bohm elkartu ondoren. Lehenik Bidebarrietan egon ziren harik eta 1938an lehen tailerra eraiki zuten arte, Iparragirre baserrirako igoeran.

Enpresak bizikletentzako kateak egiten zituen eta BH, Orbea, GAC… tailerren hornitzaile zen; motoentzako kateak ere fabrikatu zituzten (Motobic…).

Bizikletaren industria sasoi betean zegoen eta enpresa ere hazten joan zen. Haren kokaleku zailak eta orografia aldapatsuak eraginda, tailerrak terrenora eta maldara egokitu beharra izan zuen. Hain dago maldatik gertu eta hain da handia mimesia, ezen tailerraren estalki begetalak mendiaren luzapena ematen baitu.

Tailerrerako sarbidea alaka kurboaren azpitik egiten da, eraikinaren eta errepidearen artean kokatua. Tailerraren zati horrek, kaletik ikusten dena, atzealdean fabrika handi bat ezkutatzen du, 8.000 m2 baino gehiagoko azalera izan zuena eta 150 langile ere eduki zituena.

Bizikleta-kateen sektorean zegoen lehia gogorraren eraginez, enpresak aldatu egin zuen produkzioa eta motoentzako kateetan eta industria-sektorean espezializatu zen. Cadenas Iris Azitaingo instalazio berrietara joan zen, 2008an, eta han jarraitzen du mundu osorako kateak ekoizten IRIS CHAINS markarekin.

Gaur egun tailer zaharra ez da erabiltzen eta botatzeko asmoa dago.


Sintesi dokumentala

Nahiz eta artxiboetan ezin izan dugun egiaztatu, Cadenas Iris, Valentín Echeverríak eta Willy Bohnmek sortutako enpresa eta Industrias Echeverria SM izenarekin erregistratu zena, Bidebarrieta kaleko etxebizitza baten beheko solairuan hasi zen.

1938an, tailer handi bat izango zenaren hazia erein zuten, Udal Artxiboko 1938ko obra-artxiboan 6854.33 ikus daitekeen bezala, non Raimundo Alberdik Industrias Echeverria SMrako idatzitako proiektua jasotzen zen. Tailer txiki bat zen Iparragirre baserrira igotzeko aldapan zegoena, pendiz handiko terreno batean: eraikinaren zati bat terrenoaren kontra dago jasoa eta bidera ematen duen beste zatia euste-horma baten kontra. Hormigoi armatuzko egitura du, eta espazio zabal bakarra da, altuera handikoa; leihotzar handiak ditu eta argia goitik jasotzen du. Gaur egun egurrezko arotzeriak mantentzen ditu eta baita jatorrizko gillotina-leihoak ere, edifizioa eraiki zen garaikoak.

Hurrengo obra-artxiboa Udal Artxiboko 1946koa da 6866.27, non egindako handitze-lana deskribatzen den. Zabaltzea baino gehiago, jatorrizkoari erantsitako beste tailer berritzat jo liteke, haren bolumena askoz handiagoa da-eta, eta solairuak ere ez daude altuera berean. Jatorrizko tailerra erantsitakoarekin komunikatzen da eskaileratik.

Proiektua Francisco Asís Alonso ingeniari industrialak izenpetu zuen, Francisco Aizpuruak lagundua. Hala ere, bai planoen grafismoak bai proiektatutako eraikinaren estetikak argi eta garbi erantzuten dio Raimundo Alberdik egindako proiektuari. Baliteke, Francisco Aizpurua —Raimundo Alberdirekin sarritan lan egin ohi zuen aparejadorea— izatea eraikina proiektatu zuena, baina sinatzeko titulaziorik ez zuenez, kanpoko kolaboratzaile bat bilatu izana.

Eraikina maldaren pendizera egokituz diseinatu zen, eta goiko solairuak azalera handiagokoak ziren. Izan ere, beheko solairuak sarrera bakarrik dauka; lehenengo eta bigarren solairuak txikiak dira, eta hirugarren solairuak bakarrik du behar besteko azalera handitzea justifikatzeko, jatorrizko tailerraren ostean aldapan gora eginez.

Estiloaren ikuspegitik, diseinu arrazionalista bati erantzuten dio, apaindura handirik gabea. Alaka edo txaflan kurbatua du sarreran; gune hori da altuera gehien duena. Asko erabili zen Eibarren diseinu hori garai hartako industria-eraikinetan, eta eraikinaren bereizgarria da, nahiz eta bisibilitate gutxiko leku batean egon. Baoen proportzioak diseinu ondo pentsatua eta ordenatua du, fatxadako tolesdura bertikalek indartua. Tartekatu egiten dira bulegoetarako baoak, industria-erabilerarako leiho zabalak eta urradura bertikal bat, eskaileraren bereizgarri.

Urte batzuk geroago, solairu bat gehitu zitzaion aurreko eraikinari, Udal Artxiboko 1952ko obra-espedientean 6874.26 ikus daitekeenez. Fatxadaren altuera berdinduta geratu zen, eta, hala, ezabatu egin zen alakan bolumen altuagoa izatearen efektua. Proiektua Ramón Martiarena arkitektoak egin zuen.

1955ean, transformadore bat gehitu zen eraikinaren ipar-mendebaldeko izkinan, Udaleko obra-artxiboan 6884.06 ikus daitekeen bezala, hori ere arkitekto berak erredaktatua. Azpimarratu behar da jada Cadenas Iris SA dela, eta ez Industrias Echeverria SA obren lizentzia egiten duena, Juan Echeverria Arana gerentearen izenean. Beraz, enpresaren izen-aldaketa 1952 eta 1955 artean egingo zen.

Egoitza sozialaren aldaketa hori berretsi egiten da Udal Artxiboko 1955eko espedientean [6884.10]. Espediente horretan Barrena amaieran pabiloi berri baten eraikuntza zehazten da. Eraikuntza soil bat zen, beheko solairukoa, produktu kimikoekin eta dekapatuekin lan egiteko. Kasu horretan ere Ramón Martiarena arkitektoaren laguntza izan zuten.

Iparragirreko instalazioetan, 1956ko obra-artxiboan 6885.23 fuel-oileko depositu bat jartzea eskatu zen, tailerraren aurrealdean, sarbidetik gertu. Eskaeran zehazten zen fuel-oilaren deposituak labeetarako balioko zuela.

Udal Artxiboko 1957ko espedientean 6889.23 azalera handi bat egitea aurreikusten zen enpresaren industria-azalera bikoiztuko zuena. Hegal handi baten gisara proiektatu zen tailer ostetik ia Txontaraino, non Gisastubideren tailerraren (Olave, Solozabal y Cia) ondoan ibilgailuentzako sarbide bat egokitu zen. Egindako hegal hori Urkizuko etxebizitzen atzeko aldean dago eta maldan dagoen desnibelera egokitzen da, eraikuntza-maila desberdinen bidez. Hegalak azalera urriko beheko solairua dauka; lehenengo solairua pixka bat handiagoa da, eta hura ere terrenoaren kontra geratzen da; eta bigarren solairu luze bat du aurreko tailerraren hirugarren solairuarekin lotzen dena; hala, industria-pabiloi handi bat lortzen du 100 m baino luzera handiagokoa.

Zati horren diseinua erabat funtzionala da. Egituraren erritmoari jarraituz egindako bao etzan handiak ditu, inolako apaindura edo lizentzia estetikorik gabe. Azpimarratu behar da izkinaren alaka kurboaren tratamendua sarrerako gunean, izkina horren ardatzean kokatutako arotzeria-baoek handitzen dutena, bilbadura metalikoko arotzeriarekin.

1959an, eraikin txiki osagarri bat egin zen Txontako ibilgailuentzako sarbidetik, Udaleko obra-artxiboan 6894.03 jasotzen denez, atzera ere Martiarenak proiektatu eta zuzendua.

1962an, beste zati berri bat egin zen 6903.19 obra-artxiboan jasoa. Solairu bat gehitu zen Urkizuko etxeen ostean, 1957an eraikitako hegalaren gainean. Zati berri hori hirugarren solairuan zegoen, eta, hala, bi industria-pabiloi handi osatzen zuten 100 m baino luzera handiagokoak.

Harrezkero, beste zati handi bat eraiki zen tailerraren atzealdean, eta mendiaren kontra geratu zen. Ez da aurkitu obra horren espedientea, baina baliteke proiektua onartu barik egiten hastea. Gune hori 1970 eta 1981 urteen artean eraiki zen, seguru asko gertuago 70etik 80tik baino, baina ez dakigu zehazki zer urtetan izan zen. Dena den, Udal Artxiboko 7737.63 signaturan hainbat urtetako dokumentuak daude obra honekin lotuak, besteak beste, multzo osoaren azken planoak. Ikusten denez, industria-hegal berri bat egin zen, aurrekotik patio batek bereizia. Pendiza dela eta, goiko solairua bakarrik garatu zen osorik (3. solairua); beheko solairua mailakatua geratu zen eta terrenora egokitua.

Hortaz, multzo osoak 6.000 m2 baino gehiagoko azalera zuen guztira, eta 2008ra arte, leku berean egon zen, nahiz eta ordenamenduz kanpo egon (partzialki gutxienez), 1988ko Arau Ordezkatzaileez geroztik. Aurreikusita dago osorik eraistea bide berri bat egiteko Txonta hasiera Iparragirrerekin lotuko duena, Urkizuko etxebizitzen ostetik.

Signaturak

Mapa