Cerámica Eibarresa
- Eraikin industriala, (cat) 1950
(Lucas Alday
)
Otaola 12
Deskribapena
Tailerra lehenik Alejandro Ordoñorena izan zen eta gero Julián Larreatieguirena. 1930ean, adreiluzko tximinia eta labe bat eraiki ziren, eta geroztik hainbat obra eta handitze-lan egin ziren. Tailerra ez da erabiltzen 2005az geroztik. Zeramikazko pieza erregogorrak egiten zituzen.
Argazkiak
Informazio gehiago
Pablo Julian Larreateguik 1928an sortu zuen familia-enpresa. Tailerra gaur egun Olabe plaza dagoen tokian eraiki zuen.
Nolanahi ere, enpresa hau sortu aurretik, Pablo Julian beste jarduera batzuetan aritu zen: 8 pertsonako grabadore-tailer batean hasi zen. Han Lucas Alberdik lan egin zuen, eta damaskinatzaile entzutetsua izatera iritsi zen.
Aparatu elektrikoen enpresa bat ere jarri zuen martxan, Matxarian. Emilio Solaunekin batu eta "Solaun, Larreategi y Cía SA" sortu zuen, 1929an Donostiako Merkataritza Erregistroan inskribatua. Enpresa hori SOLAC bihurtuko zen geroago.
Gauzak horrela, Cerámica Eibarresa enpresa martxan zen 1928an. Labe propioa zuen eta tailerra Isasi kale ostean zegoen.
Enpresa familia tradiziokoa izan zen. Julianen heriotzaren ondoren, bere semeak ziren Francisco (Paco) eta Timoteo Larreategi egin ziren enpresaren kargu.
1955a baino lehen, tailerra Otaola hiribidera joan zen "La Fidelidad" zeramiken eta esmeril-harrien fabrikara (Alejandro Ordoñorena), 1941eko obra-espedientean jasotzen den bezala. Eraikin horrek labe bat zuen eta bistako adreiludun tximinia bat.
Julian Larreategi, Pacoren seme eta Pablo Julian Larreategiren biloba, izan zen enpresaren kargu egin zena. Enpresak izena aldatu eta Ibarcer SL izena hartu zuen, eta martxan jarraitu zuen harik eta 2005ean Julian Larreategi hil zen arte; horren ondoren itxi egin zen betiko.
Sintesi dokumentala
Eibarko industriaren barruan, zeramika-labeak salbuespen dira. Otaolako tailer honetan oraindik labea eta tximinia mantentzen dira.
Tailerra lehenik Alejandro Ordoñorena izan zen (“La Fidelidad” Cerámicas) eta gero Julián Larreateguirena (Cerámicas Eibar).
Tailerraren jatorria errepide ondoko etxeari lotua dago, itxura guztien arabera, labearen eta tximiniaren aurretikoa baita. Eraikuntza xume bat da, harlangaitzezko hormak eta egurrezko egitura dituena bi isuriko teilatu batekin. Eraikin estua eta luzeska da. Hormen ezaugarrietatik ondorioztatu daiteke lehenengo erdisotoa eta beheko solairua eraiki zirela (harlangaitzezko hormak) eta geroago lehen solairua egin zela (adreiluzko pareta).
Aurkitutako lehenengo obra-espedientea 1930ekoa da [C5-38.46]; bertan, Alejandro Ordoñok labe txiki bat eta tximinia bat eraikitzea eskatzen du, beraz, badirudi etxea existitzen zela, nahiz eta planorik ez egon. Orduan eraiki ziren, hortaz, adreiluzko tximinia etxearen ondoan eta labe bat hormigoi armatuzko estalki lau batekin, etxe osteari atxikia. Tailerra han zegoen ur-erretenak zedarritzen zuen, Errastitarren errota (1976an eraitsia) hornitzen zuena.
1941eko obra-espedientean [6858.19], Alejandro Ordoñoren eskaera berri bat dago La Fidelidad izeneko zeramiken eta esmeril-harrien tailerra handitzeko, Lucas Alday arkitektoaren kargu. Proiektuak tailerra luzatuko zuen hormigoi armatuzko egitura batekin erdisotoaren altueran, aldameneko orubea okupatuz; halaber, labe berri bat jartzea zegoen aurreikusita. Hala ere, handitze-lana tximiniaraino ailegatu zen bakarrik eta labea ez zen eraiki.
Bestalde, solairu bat gehitu zen hormigoi armatuzko forjatuaren gainean, solairu bat egokituz tailer gainean egurrezko habeekiko teilatu inklinatu batekin. Ez da aurkitu horren obra-espedienterik, baina airetiko irudiak aztertuz egiazta daiteke 1955. urtea baino lehenxeagokoa dela.
Hurrengo obra-artxiboa 1955ekoa da 6882.16, eta tailerraren azken zatiaren altxaera dakar. 12 m luze den azken zatia eraikitzen da tailerraren forjatu gainean, estalki inklinatuari jarraituz.
Une horretan tailerraren jabetza Julian Larreategirena zen, berak izenpetzen baitu instantzia, baina ezin izan da egiaztatu noiz eskuratu zuen tailerra. Industria-gizon honek beste zeramika-tailer bat izan zuen Isasi kalean gerra aurretik, 1929ko obra-espedientean ikus daitekeenez [C5-37.16]. Seguru asko Ordoñoren instalazioa erosi eta enpresarekin jarraitu zuen. Julian Larreategi industria-gizon entzutetsua izan zen. SOLACen hastapenetan parte hartu zuen eta tailer bat ere izan zuen, non Lucas Alberdi grabadore famatua hasi zen lanean.
Hurrengo espedientea, 1960koa, 6899.09, Julianen semeen izenean dago: Paco eta Timoteo Larreategi. Espedientean birbanatzeko proposamen bat dago, garrantzi gutxikoa.
1963ko espedientearen arabera 6910.03, 1963an baimena eskatu zuten aldameneko orubean estalpe txiki bat eraikitzeko, hura ere ez oso handia, garaje gisa erabiltzeko.
Azkenik, 1970eko obra-espedientearen arabera 6946.01, hasierako tailerrari atxikia eraikin bat egin zen 1970ean, gaur egun mantentzen dena, eta Julian Larreategi, fundatzailearen bilobak izenpetua. Gaur egun Otaola hiribideko 12 zenbakia da.
Industria-eraikin berri horrek erdisotoa, beheko solairua eta 4 solairu zituen. Erdisotoko solairua lehendik zegoen tailerrarekin konektatu eta handitu egin zuen. Beheko solairua karga-jasogailu baten bidez elkartzen zen industriarekin. Solairuek bolumen kubiko isolatua osatzen dute, eta lokalak alokatu edo saltzeko erabiltzen da.
Erdisotoko solairuan zeramika-labe bat jarri zen, fuel-olio bidezko hiru pizgailurekin, lehengo tximiniaren tiroa erabiltzen zuena. Eman dezakeenaren kontrara, tximinia airea xurgatzeko balio zuen. Keak labearen hormetatik ateratzen ziren.
Tailerra ez da erabiltzen 2005az geroztik.