Ed. ind. en Bittor Sarasketa 1A

Eraikin industriala, (cat) 1958
Bittor Sarasketa 1

Deskribapena

Azpiri, Aranceta y Palacios enpresak bizikleta-osagarriak fabrikatzen zituen, batez ere “Lucis” markarekin komertzializatzen zituen faroak eta dinamoak, nahiz eta Merkataritza Erregistroaren arabera, burdin, altzairu eta metalen salmentan ere jarduten zuten. Industria-matrikulen arabera, bi lekutan zeuden. Txontan tailer mekanikoa zuten, eta Victor Sarasqueta kalean, berriz, burdin-biltegia zuten. Hasierako enpresak gainbehera egin ondoren, hainbat tailerrek erabili zuten eraikina solairu ezberdinetan. 2019. urtean eraitsi da.

Airetik

Planoa

Sintesi dokumentala

Gerra zibilaren aurretik, eraikina zegoen lekuan, Martin Errastiren jabetzako etxebizitzak egon ziren. Matin Errasti "Errasti y Cía" enpresaren bultzatzaile nagusia izan zen, eta forja bat izan zuen Urkizun  [CB-CD-04] eta errota bat Otaolan [OT-D-05].

Eraikinak egurrezko egitura zuen, etxabea eta hiru solairu. 1931n beste solairu bat altxatu zen [C5.39.16]. Eraikinaren atzean, Martin Errastik tailer bat eraiki zuen 1925ean, Victor Sarasquetakoari atxikia [C5.36.32], non egur-lanak egiteko makinak zeuden, matrikula industrialen arabera (arrabotatzeko makina, zulagailua, zerra).

Gerraostean, etxebizitzen eraikin horren zati bat eraitsi zen, eta Azpiri, Aranceta y Palaciosen burdin-biltegi batez ordeztu; dena den, ezin izan da zehaztu zer urtetan izan zen, ezta zer irismen izan zuen obrak, ez baita artxiboko informazioa aurkitu.

Arrazoizko hipotesi bat da etxebizitza-eraikina beheko solairuko harlangaitzezko horma perimetalak mantenduz eraitsi zela, eta horma horiek aprobetxatuz hormigoi armatuzko egitura berri bat eraiki zela biltegi horretarako, erdisotoaekin eta beheko solairuarekin.

Azpiri, Aranceta y Palacios enpresak bizikleta-osagarriak fabrikatzen zituen, batez ere, “Lucis” markako faroak eta dinamoak, nahiz eta Merkataritza Erregistroaren arabera, burdin, altzairu eta metalen salmentan ere jarduten zuten. Industria-matrikulen arabera, bi lekutan zeuden. Txontan tailer mekanikoa zuten, eta Victor Sarasqueta kalean, berriz, burdin-biltegia.

1954ko urtarrilean, Martin Arancetak, enpresaren izenean, biltegi horren gainean beste solairu batzuk eraikitzeko baimena eskatu zuen, Joaquín Dominguezen proiektuari jarraituta [Sarasketa 1]. Egitasmoan aurreikusten zen bost solairu jasotzea, jatorrizko perimetro berean.

Arrazoi horrengatik, desadostasunak egon ziren Gaspar Arizagarekin, zeina eraikuntzaren atzealdetik gertu zegoen eraikinaren jabea baitzen. Haren iritziz, lerrokadurak berrikusi egin behar ziren eta atzerago jarri, Regiones Devastadas delakoaren Planera egokituz, berari enpresa eraiki zuenean gertatu zitzaion bezala [CB-01].

Udalak, aldiz, baimena bidezkoa zela defendatzen zuen, argudiatuz eraikina Regiones Devastadas delakoaren “Obra Plan”ean "bigaren aldikotzat" sailkatutako gunean zegoela, eta mantendu ahal zirela aurreko lerrokadurak “por la necesidad de viviendas que se ha de sentir como consecuencia de su desarrollo industrial, dejando para un segundo periodo y, a medida que lo requiera el futuro de Eibar, la rectificación de alineaciones (…)”; hortaz, Gaspar Arizagaren alegazioek ez zituzten obrak gerarazi.

Eraikin berria egin ondoren, Txontako produkzioa hara eraman zuten eta desagertu egin zen “burdinen” jarduera matrikula industrialetatik. Hurrengo urteetan ere han jarraitu zuten lanean; horren seinale 5. solairuko terrazan 1964an jarri zuten aire-konpresorea, Martin Aranceta Iturricastillok enpresaren izenean egindako eskariz [6914.15].

Hasierako enpresaren gainbeheraren ondoren, hainbat tailerrek erabili zuten eraikina solairu ezberdinetan. Haietako bat, Luis Azpiriren (fundatzaileetako bat) ondorengoek okupatu zuten, non torlojuak eta hariak egiten zituzten nagusiki.

2019. urtean bota zuten eraikina.

Signaturak

Mapa