Eibarko udaletxea

Eraikin zibila, 1901 (Ramón Cortazar Urruzola )
Untzaga plaza, 1

Deskribapena

Eibarren udaletxe berri bat egiteko asmoa 1870etik gutxienez bazegoen. Garai hartan, Felix Guisasola alkate zela, udaletxe zaharrak -"Kontzejokua" izenez ezaguna- zuen egoera txarrari buruzko kexak jasotzen hasi zen Eibarko korporazioa. Hala ere, udaletxe berriaren proiektua ez zen itxura hartzen hasi 1899. urtera arte.  Diseinatutako udaletxe berriak "Kontzejokua" zaharraren neurriak biderkatu egingo zituenez, antzinako herrigunetik kanpoko aldera mugitzea proiektatu zen.  

Lekualdaketak hainbat traba edo oztopo zituen aurrean. Bata administratiboa: Errege Etxea botatzeko baimena lortzea. Errege Etxeak, arma fabrika, Guardia Zibilaren kuartela, posta eta telegrafo bulegoa  eta Erregistro Zibilaren egoitza hartzen zituen eta herriaren erdigune berria izan behar zuenaren zati bat ere bai. Beste oztopoa teknikoa zen, erdigune berriari lekua egiteko, erreka estali beharra baitzegoen.

Ramón Cortazar arkitekto donostiarra izan zen eraikinaren proiektua egin zuena. Hiru solairuko eraikin bat aurreikusten zuen, harlanduzko basamentuekin eta  aurreko aldea arkupeduna. Haren arrakasta, adituen iritziz, palazio italiar baten antzeko itxura horretan eta inguruko euskal udaletxe klasikoen ezaugarriak -bereziki arkupeak- zuhurki nahastean datza.

Emaitzarekin  pozik, eibartarrak edifizio berria 1901eko irailaren 14an inauguratu zuten, eraikinaren beraren neurrira antolatutako ospakizunekin: orfeoi lehiaketa, herriko lan industrialen erakusketa eta oturuntza.

1901ean inauguratutako eraikinak U itxurako oinplanoa zeukan, eta zabalik geratzen zen aldea -gaur egun trenbidera ematen duena- zurezko atarte txiki batek ixten zuen, atarte hori ez zen horma bilakatu harik eta gaur ezagutzen dugun fatxada 1961. urtean egin zen arte; orduan eratu zen patio txiki moduko bat 1975. urtean erakusketa areto bat osatzeko estali zena.

Jatorrizko proiektuan, beheko solairuan eskola bi, poliziaren bulegoak eta obra-bulegoaren lokalak zeuden. Bigarren solairua solairu dotorea zen: eskailerak, zoruak eta beirateak argi erakusten dute dotorezia hori; gainera, solairu horixe izan da jatorrizko ezaugarriak ondoenn gorde dituena.

Hirugarren solairuan etxebizitzak zeuden, bakoitza bere sukaldearekin, izan ere  Udal idazkariari, diruzainari, hiru maisuri eta atezainari etxe horiek utzi  egiten zitzaizkien euren soldataren parte legez. Beste bi etxebizitza ere bazeuden udalak errentan ematen zituenak. Hori aldatuz joan izan da mendez mende eta udalak ezagutu izan ditu bere barruan dibujo eskolak, kuartelak, kartzela, udal liburutegia, kapera bat eta, nola ez, mota guztietako administrazio-bulegoak.

Iturria: Eibarko Udal Artxiboa: C5 18.3

Airetik

Planoa

Bideoak

Mertxe Ugarte: Eskolara Untzagara

Mari Carmen eta Julita Agirre: Errepublika garaiko eskolako kontuak

Candido Eguren: Eskolako zigorrak

Argazkiak

Argazki historikoak

Kanpoko argazkiak

Mapa