Estaziñua

Eraikin zibila, 1909
Estaziño kalea, 19

Deskribapena

Eibarko EuskoTren geltokiko fatxada nagusiaren goiko aldean erloju bat dago eta erloju horretan 1909 urtea dago zenbaki handietan idatzita; hori ikusita batzuek uste dute eraikina urte hartan eraiki zela. Dena den, armaginen herria zeharkatzen duen trenbidea askoz lehenago inauguratu zen, 1887ko irailaren 17an hain zuzen ere. Sasoi hartako egunkarietan agertzen denez, Maria Cristina de Habsburgo y Lorena erregina erregenteak burutu zuen ekitaldia. Daten artean dagoen alde hori dela eta, batzuek uste izan dute hasieran Eibarrek ez zuela bere geltoki propiorik, eta herriaren premiak betetzen zituen geltoki bakarra Maltzagakoa zela. 

Durangotik Zumarragara bitarteko trenbidearen emakida zuen enpresak, 1906. urtean "Compañía de los Ferrocarriles Vascongados"en integratutakoak, ez zuen bere ibilbidean biztanle-kopuruagatik eta garapen ekonomiko eta industrialagatik inguruan zegoen herririk garrantzitsuenean gelditu gabe igaro, eta are gutxiago trena sustatu zuen sozietatearen akzionista gehienak eibartarrak zirenean: Placido Zuloaga Zuloaga, Ignacio Ibarzabal Iriondo, Santa Cruz markesa.... 

Eibarren bazegoen trenbide-terminal bat, gaur egun ezagutzen dugun leku berean, kalearen amaieran. Geltoki hura Maria Cristina erreginak inauguratu zuen. Geltokiak bidaiariak hartzeko eraikin bat eta merkantzia-zerbitzurako biltegi bat biltzen zituen. Horrez gain, nasa edo andena, trenbide nagusia, trenak gurutzatzeko bidea eta trenbide nagusiaren saihetseko trenbide-atala edo bazterlekua ere bazituen. 

Bidaiarien zerbitzura jarritako eraikina solairu bakarrekoa zen. Erdian atondoa zuen, eskuman txarteldegia, telegrafoa eta bulegoak eta ezkerraldean  geltoki-buruaren etxebizitza, sukaldea, jangela eta hiru logelarekin. 

Eibarrek garapen handia eta azkarra izan zuen XIX. mendearen azken urteetan eta XX.mendeko hasierakoetan. Ondorioz, trenbide-geltokia txikia geratu zen eta 1907. urtean, "Compañía de los Ferrocarriles Vascongados"ek bere instalazioak modernizatzeko programa sakon bati ekin zion.

1909an Eibarko geltokia handitzeko obrak amaitu ziren eta data hori agertzen da fatxada nagusiaren erlojuaren gainean. Geltokiaren aldaketa esanguratsuenak honakoak izan ziren.

  • Bidaiarien eraikina goitik behera berriztatu zen, fatxadak berreraiki eta barruko lekuak berrantolatu egin ziren.
  • Geltoki-buruaren etxebizitza kendu egin zen, eta etxe hura zegoen lekuan abiadura handiko merkantzien garraiorako bulegoa jarri zen.
  • Bigarren pisu bat eraiki zen, langileentzako bi etxebizitza ipiniz.
  • Markesina bat ipini zen nasaren gainean. 

Geltokia berriztatzea inbertsio handia izan bazen ere, Eibarko industriaren garapen handiagatik, instalazioak berriztatu egin behar izan zituzten:

  • Baztergunea edo trenbide-atal bat egin zen La Industrial Orbea  fabrikarentzat (1919)
  • Helduera-biltegi berri baten eraikuntza (1935)
Gerra Zibilean, Eibarko geltokiak Francoren ejertzitoko artilleriaren eta abiazioaren erasoak jasan zituen eta 1941ean konpondu egin behar izan zen. Gainera, trenak gurutzatzeko hirugarren bide bat egin zen, nasa bietan markesinak jarriz.

Urte hartatik aurrera Eibarko geltokiak ez zuen aldaketa handiegirik izan harik eta 1980an, merkantzien trafikoa desagertzear zegoela eta, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak merkantzien biltegi zaharra Donostiako eliz barrutiaren eskuetan uztea erabaki zuen arte; elizak, instalazio haiek behar bezala moldatu eta San Agustin parrokiaren egoitza ipini zuen bertan. 

2012an modernizazio-lanak egin ziren. 

 

Airetik

Planoa

Bideoak

Bartolo Arriola Garate eta Agustin Arana Barinaga: Trenbidea eraiki zenekoa

Jose Mari Cruceta Alberdi: Ferrocarriles Vasco Navarros

Bartolo Arrieta Garate: Eskusoinua kanpotik ekarri zuen trenbideak

Argazkiak

Argazki historikoak

Barruko argazkiak

Mapa