Forja Ochandiano Echeverria

Eraikin industriala, (cat) 1956
Txonta 16

Deskribapena

Ochandiano y Echeverría enpresa 1940an inskribatu zen Gipuzkoako Merkataritza Erregistroan eta 1941ean hasi ziren forja eta tailer mekanikoa eraikitzen. Edifizioa eraikin batzuen batuketaren emaitza da eta estetika albo batera laga da.

Planoa

Sintesi dokumentala

Ochandiano y Echeverría enpresa 1940an inskribatu zen Gipuzkoako Merkataritza Erregistroan, nahiz eta hasieran Ochandiano, Odriozola eta Echeverría gisa eratu.

Hain zuzen, hiru industrialariek izenpetzen dute 1938an tailerra eraikitzeko egindako eskabidea, Ignacio Ochandiano Cortazarren izenean egina 6854.39.

Raimundo Alberdiren hasierako diseinuak solairu bakarreko hormigoi armatuzko eraikin bat aurreikusten zuen, bi bolumenez osatua: forja (altuagoa eta aireztapenerako irekidura batekin goialdean), eta tailer mekanikoa (baxuagoa eta azalera handiagokoa). Tailerra Txontako bide ondoan zegoen, beste forja batzuen inguruan.

Hala ere, ez zen hasi eraikitzen 1941 arte. Urte hartako ekainean, proiektu berri bat aurkeztu 6858.56, eta baimena eskatu zuten uraren hargunea egiteko 6858.54. Azpimarratu behar da ordurako aldatuta zegoela enpresaren izena, hartatik Odriozola desagertzean.

Arkitekto berberaren proiektu aldatuak ere forja eta tailer mekanikoa aurreikusten zituen, nahiz eta beste leku batean izan: forja atzeko aldean geratuko zen maldaren kontra, eta tailer mekanikoa fatxada nagusian.

Enpresak nekazaritzarako ordezko piezak fabrikatzen zituen eta instalazioak handitzen joan zen poliki-poliki. Hala, 1942an, beste solairu bat eraiki zuten tailer mekanikoaren gainean, Raimundo Alberdiren argibideei jarraituz 6859.36.

1946an, nabe txiki bat eraiki zuten atzealdean, tailerretik pixka bat aparte 6865.34, eta 1947an beste solairu bat bi isurialdeko teilatu batekin 6866.21; bi lanok Felipe Anitua ingeniariarenak izan ziren.

1950ean bulegoetarako solairu bat egin zuten aurrealdean, ingeniari beraren egitasmoan oinarrituta 6869.52.

Enpresak handitzen jarraitu zuen, eta 1953an tailer berri bat egin zuten askoz handiagoa. Eskabidea, José Echeverríak eta Ignacio Ochandianok izenpetuta, Ramon Martiarena arkitektoaren proiektuaz lagunduta zetorren 6876.20.

Aurri-egoeran zegoen Silverio Mandiolaren etxetzarra [TX-D-04] botata, hormigoi armatuzko eraikin bat egin zen forjarako, etxabea eta bi solairukoa; jatorrizko proiektuan hirugarren solairu bat eta bi isuriko teilatua aurreikusten ziren, baina ez ziren egin. Eraikitako solairuak diafanoak ziren, eta eskailera eta oinezkoen sarbidea eskuinaldean zuten.

1962an transformazio-zentro bat egin zuten, enpresaren industria-hazkundearen erakusgarri 6906.01.

Enpresak Modesto Urquiolarena zen aldameneko eraikina ere eskuratu zuen, eta 1973an eraberritze-lanak egin zituen bertan, Eduardo Artamendi arkitektoaren egitasmoari jarraituz. Beheko solairua forjarako handitu zen, eta lehen eta bigarren solairuak administrazio-erabileretarako bideratu ziren (lehen solairuan bulegoak, eta bigarrenean artxiboa) 6906.01.

Gaur egun, hasierako forja-eraikinak hormaz itxita ditu leihoak eta ez da erabiltzen; 1953ko eraikina ere ez da erabiltzen, nahiz eta egoera hobean egon eta beste enpresa batzuek erabili izan. Txontan eraberritze-plan bat dago aurreikusita, eta seguruenik tailer hauek guztiak eraitsi egingo dira.

Signaturak

Mapa