Fundiciones Aurrera

Eraikin industriala, 1942
Urtzaile 1

Deskribapena

Manuel Beristain Bengoecheak eta Diego Iraeguik 1883an sortua, Eibarrek izan duen fundiozio-enpresarik handiena izan zen, harik eta 70 hamarkadaren amaiera aldean Legutiora joan zen arte. Enpresak fintasun handiko fundizioa zuen; hasieran, armagintzarako piezak egiten zituen eta aurrerago Alfa eta Sigma izan ziren bezerorik handienak, bereziki josteko makinen hanketan espezializatuz.

Airetik

Planoa

Bideoak

Adela Telleria: Aurrera fundizioko bulegoen inaugurazioa

Eibar Industrial

Adela Telleria: Aurrera galdetegia

Argazkiak

Argazki historikoak

Barruko argazkiak

Kanpoko argazkiak

Informazio gehiago

AURRERA fundizioa Eibarko enpresarik zaharrenekotzat jotzen da. 1883an sortua, makinak eta armagintzako piezak egiten zituen.

Seguru asko Fundidores kaleak (Urtzaile) —bertan dago enpresa— Aurrerari zor dio izena.

Aurrera eraikineko lehen instalazioak egurrezko egitura zuten pabiloiak ziren, non tximinia, kea zeriola, fundizioaren bereizgarri zen. Bulegoak eta jabeen etxebizitzak pabiloiei atxikiak zeuden.

Gerraren ostean, plan bat egin zen egurrezko instalazioak kendu eta hormigoi armatuzko pabiloiak jartzeko. Raimundo Alberdik egindako proiektuak aukera ematen zuen fabrikazioa eten gabe, poliki-poliki instalazioak ordezteko. Pabiloien ezaugarria haien altuera eta zabalera zen: teilatuaren goialdeko irekierak aireztapena eta argiztapena ahalbidetzen zituen. Kanpoko itxurari dagokionez nabarmendu egiten dira bulegoen eta biltegien hegalak, non izkinako alakaren (txaflanaren) gorputzak eraikinari berezitasuna ematen dion.

Enpresak fintasun handiko fundizioa zuen, eta Alfa eta Sigma izan ziren bezerorik handienak; josteko makinen hankak egiten zituzten haientzat.

Enpresaren hazkundeak eta makinen modernizazioak handitze-obra handia eragin zuten 50eko hamarkadaren erdialdean, Arane kalea irekitzearekin batera. Industria-azalera ia bikoiztu egin zen, eta ekoizpen-prozesua berriztu, nahiz eta behargin kopurua 150 langileren bueltan mantendu.

70eko hamarkadan, gainbehera zihoan enpresa sektoreko lehia gogorraren eraginez, eta Legutiora joan zen, baina handik gutxira itxi behar izan zuen.

Aurrerak lagatzen digun legatua eraikitako multzo handi bat da, 80ko amaieran birmoldatua. Pabiloiak aparkaleku gisa erabiltzen dira, eta biltegien eta bulegoen hegalek jarraitzen dute beren eginkizuna betetzen. Fatxadaren konposizio ongi pentsatuaz gain, aparkalekuan oraindik miretsi daiteke hormigoi armatuzko saihets indartsuek sortzen duten espazio handia.


Informazio gehiago

Sintesi dokumentala

Aurrera enpresa 1883an sortu zen, Fundidores kale inguruan (Urtzaile); hala ere, aurkitu dugun lehen artxiboa 1900koa da [C5-21.10]. Artxibo horretan deskribatzen da altuera bateko zati bat gehitu zela, fabrikako mendebaldeko egurrezko egitura batean.

Eibarko plano historiko orokorretan ikusten denez, fundizioa Bidebarrietatik hasi eta mendi-mazelarantz zihoazen nabe batzuek osatzen zuten. Partzelak muga egiten zuen mendebaldetik Urtzaile kalearekin. Hasieran, instalazioek egurrezko egitura zuten, hormigoizko eraikuntza ez baitzegoen artean zabalduta.

Aurkitutako hurrengo obra-artxiboa bulegoa handitzeko lan bati dagokio, fabrikaren aurrealdean egin zena (Bidebarrieta), etxeari atxikia. 1913ko espediente horretan [C5-26.36], Gregorio Iraeguik, Aurrera SA enpresaren presidente gisa, baimena eskatu zuen obrak Augusto de Aguirreren proiektuari jarraituz egiteko.

1928ko espedientean [C5-36.42], Juan Guisasolak, Eibarko bizilaguna bera, Aurrera sozietate anonimoaren izenean, obra-baimena eskatu zuen fabrika handitzeko. Proiektuaren eta zuzendaritzaren arduraduna Urbano Manchobas izan zen. Baimen-eskaeraz gain, exekuzioaren plano bat ere badago. Obra fabrika ostean egin behar zen. Jada eginda zeuden Bidebarrieta kalera eta Urtzaile kalera ematen zuten nabeak. Anpliazioa oin baxuko nabe bat gehitzean zetzan, atxikitakoaren berdina ia. Teilatuan egurrezko zertxak dituzten oin baxuko nabeak dira. Lehendik zegoen tximinia nabe berriaren barruan geratu zen. Bada [argazkiren] bat garai hartakoa.

Aurrera enpresak hazten eta etengabe eboluzionatzen jarraitu zuen. 1930eko obra-espedientearen arabera [C5-38.49], Juan IñarraIraeguik, sozietate anonimoa ordezkatuz, obra-baimena eskatu zuen fabrika handitzeko Bidebarrieta kale aldera eta baita barruko erreformak egiteko ere. Beste behin ere, Urbano Manchobas arkitektoa izan zen proiektuaren eta obra-zuzendaritzaren arduraduna. Biltegirako eranskin bat egitea zen asmoa, Bidebarrieta kale ondoan zegoen lorategian (eskaeraren arabera, palmerak eta bestelako arbolak zeuden). Espedientean jasotako planoetan, zabaltze txiki horren oina eta altxaera ikusten dira; lan horrek fatxada berria emango zion eraikinari Bidebarrieta kalera.

Gerra zibilaren ostean, Eibarko industria berpiztu egin zen. Tailer berriak hormigoi armatuarekin egin ziren, horrela, eraikinak altuagoak, erresistenteagoak eta suaren aurrean seguruagoak ziren. Aurrera fundizioaren eraikuntza mota horren erakusgarri da. 1942ko obra-espedientean 6860.01, Heraclio Echeverria eibartarrak Aurrera SA fundizioa ordezkatuz, zera dio: “ Que deseando llevar a cabo la construcción de parte del proyecto que se presenta, cuyo autor es el arquitecto Raimundo Alberdi…”. Beraz, atera dezakegun ondorioa da egurrezko nabeak hormigoi armatuzko eraikuntza berriekin ordeztu zirela, proiektu osoago bati jarraituz.

Proiektu horrek, ildo nagusietan, gaur egun ezagutzen dugun eraikinari erantzuten zion. Bulego gune bat planteatzen zen “L” forman, Bidebarrieta eta Urtzaile kaleetara ematen zuena, eta izkinan alaka edo txaflan kurbo bat zuena. Gune hori eraikinaren ezaugarri bereizgarria da: altuera handiagokoa eta sarreran kokatua. Gorputz horien ostean dago fundizioa, estalki esanguratsu batekin, goitikako argiztapena zein aireztapena eta ke-ebakuazioa bideratuz.

Hainbat fasetan eraiki zen, Raimundo Alberdiren proiektu partzialei jarraituz, 2 urteko epe batean, egurrezko nabeak hormigoi armatuzko nabeekin ordeztuta.

  • 1942ko otsaileko artxiboa 6859.15: anpliazio bat egin zen, Urtzailera ematen duen gune batean (horrek esan nahi du eraikitzen ari zela jada).

  • 1942ko maiatzeko artxiboa 6860.01: barruko nabearen zati bat eraiki zen.

  • 1942ko azaroko artxiboa 6860.59: alaka eta Bidebarrieta aldeko bulegoen gorputza egin zen.

  • 1943ko abenduko artxiboa 6861.70: jatorrizko proiektuan zehazten zen bulego-gorputzeko hirugarren solairua handituko zela, baina azkenean erabaki zen obra hori ez egitea.

Aipatu behar da egurrezko nabean lehendik zegoen tximinia eraitsi, eta metro gutxira antzeko bat egin zela (gutxi gorabehera 5-10 m).

Instalazioen inaugurazio ofiziala 1946an izan zen.

Hortik aurrera, Aurrera industria-multzoan ez zen obrarik edo aldaketarik egin 1956ra arte; orduan anpliazio garrantzitsu bat planteatu zen enpresarenak ziren atzealdeko terrenoetan, Arane alderantz. Sasoi horretan, Arane ingurua asko zabaldu zen, eta fabrika berriak eraiki ziren.

1956ko espedientean 6887.07, Francisco Iñarrairaegui Elejaldek, Aurrera SAren zuzendari gerente gisa zera dio: “…habiendo comprobado que el referido proyecto no reunía las condiciones necesarias… enviamos nuevo proyecto, el cual no varía el emplazamiento aprobado…”. Udalak aldeko iritzia eman eta eraikitzeko baimena eman zion.

Nabe berriak azalera handikoak ziren, eta fundizioaren azalera ia-ia bikoiztu egiten zuten. Nabe horiek egin zirenean, bota egin zen aurrekoetan zegoen tximinia. Berriak bata bestearen ondoan kokatu ziren, eta aurrekoen altuera eta zabalera oso antzekoa zuten. Goiko aldean irekiera bat zuten argiztatu eta aireztatzeko; aldea zen sekzioaren forma kurboa zela.

Bestalde, errespetatu egin zen Iñarrairaegui familiaren etxebizitza-eraikina Bidebarrieta ostean zegoena (proiektuan hura botatzea aurreikusita zegoen); eraikinean langileen etxebizitzak zeuden eta baita Iñarrairaeguirena berarena goiko solairuan.

70eko hamarkadaren amaieran, ekoizpen maila jaitsi egin zen lehia gogorraren eraginez. Enpresa Legutiroa eraman zuten, eta eraikina hutsik geratu zen.

80ko hamarkadan proposamenen bat edo beste egon zen eraikinean enpresa berriak kokatzeko, baina ez ziren aurrera atera. Azkenean, 80ko bukaera inguruan birmoldatu egin zen eraikina, eta autoen aparkalekua, bulegoak, tailer mekaniko bat eta tailer txikiak (AYA hor egon zen) izan zituen.

Signaturak

Fitxa teknikoa

Tipologia:
Fundición
Tamaina:
Handia
Bilakaera:
Handitzeak
Topografia:
Aldapan
Errekarekiko harremana:
Sin afección
Numero de plantas piso:
4
Numero de plantas sotano:
0
Numero de plantas semisotano:
1
Egitura:
Hormigón armado,
Estalkia edo teilatua:
Ur-estalkia, Fibrozementuzko plakak,
Arotzeria:
Celosía metálica,
Plangintzaren eragina:
Fuera de ordenación sin proyecto para derribo inminente
Erabilera maila:
Birmoldatua

Mapa