Garage en Barrena 17
- Eraikin industriala, 1953
(Jose Garmendia,
Ramón Martiarena Lascurain
)
Barrena 17
Deskribapena
Eraikin-multzo hau 1951n sortu zen gasolindegia eraikitzean, Acitain SA enpresaren eta haren sortzaile Casimiro Errastiren ekimenez. Guneak bi zati ditu: garajea eta gasolindegia. Proiektua Ramon Martiarenarena izan zen. Elementurik esanguratsuena garajearen barruko espazio irekia da. Goitikako argiztapena duen espazio horrek Aurrera eraikinaren barrualdea gogoraraz dezake.
Sintesi dokumentala
Nahiz eta eraikuntza ez izan industria-jatorrikoa, multzoak merezi du aztertzea.
Eraikin-multzo hau 1951n sortu zen gasolindegia eraikitzean, Acitain SA enpresaren eta haren sortzaile Casimiro Errastiren ekimenez. Ramon Martiarenaren proiektuak zerbitzugune bat aurreikusten zuen, Eibar eta Donostia arteko irteeran kokatutako etxola eta markesina batez osatua. Eraikina luzeska zen eta forma zirkularrak zituen alboetan; horrek irudi ikonikoa ematen zion eraikuntzari. [6871.51].
1952ko abenduan, zerbitzugunea eraikitzen ari ziren bitartean, Casimiro Errastik baimena eskatu zuen garajeetarako eraikin bat egiteko, galtzadaren ondoan, lursailaren mendebaldeko muturrean, eta arkitekto beraren proiektuari jarraituz.
23,45 m-ko pabiloi bat zen 34 m-ko sakonera zuena, arkitektoaren memoriaren arabera; atzeko aldea ibaiaren gainean geratzen zen. Hormigoi armatuzko egitura bat zuen, altuera handikoa, garajerako espazio diafano eta ezin hobea irekiz, ez soilik automobilentzat, baita kamioientzat ere [6876. 07].
Garajearen fatxada ere berezia zen, batez ere markesinaren gainean jarritako “GARAGE” letra handiengatik; gasolindegiko markesinan ere "ESTACION DE SERVICIO" letra handiak jarri ziren.
Hala ere, fatxada 1961ean aldatu zuten, ate handiak leiho bihurtzean[6901.02].
Bestalde, obra ugari egin ziren zerbitzugunearen inguruan, eta enpresaren instalazioak handitu egin ziren beren jabetzakoak ziren lurretan.
Gas butanoaren biltegia:
1963an, Casimiro Errasti Acitasin SA zerbitzugunearen gerenteak eskaera aurkeztu zuen pabiloi bat eraikitzeko gas butanoaren biltegi bezala erabiltzeko, Ramón Martiarenaren proiektuan oinarrituz. Nabe txiki bat zen, bi isuriko estalki batekin, orubearen ekialdeko muturrean kokatua, Cadenas Irisek zuen biltegitik gertu [6912.03].
Dena den, 1964an beste proiektu bat aurkeztu behar izan zuten Industriak ezarritako aldaketekin, eta botila hutsentzako biltegi bat ere gehitu behar izan zuten[6912.01].
Materialak biltzeko etxola:
1964an, Ángela Iñarra Trocaolak, Acitain SAren gerenteak, baimena eskatu zuen materialentzako biltegi bat eraikitzeko, José Aguado Aramburu industria-perituaren proiektuari jarraituz. 20x10 m-ko nabe bat zen, arku tenkatuez estalia, gas-biltegitik gertu [6912.02].
Markesina:
1969ko urrian, Acitain SA enpresak aurreproiektu bat aurkeztu zuen markesina batzuk eraikitzeko. U formarekin eta materialen biltegiari atxikia, hesitutako leku bat izango zen, ibilgailuak gordetzeko. Udalaren erantzuna jaso ondoren, proiektua José Luis Madinagoitia Ibabe industria-perituari enkargatu zioten.
Autoak garbitzeko etxola eta euste-horma:
1973an, kotxeak garbitzeko etxola bat egiteko eskabidea egin zuten; proiektua aurkeztu ostean, haren kokapena aldatu ahal izan zuten, aurrekoarekin arazoak zituztelako. Halaber, 100 metro luzeko euste-horma bat eraiki zuten ibaiaren ibilguaren aurrean orubea sendotzeko. Udalak obra horri buruzko proiektua eskatu zion enpresari eta azkenean Bizcarrondo ingeniariak idatzi zuen.
80ko amaiera aldera arte multzo hau osorik egon zen funtzionamenduan.
1990 inguruan, bonbona-biltegia eta markesina zeuden lursailaren ekialdeko partean etxebizitza-blokeak eta parke bat egin ziren.
Eraikuntza interesgarrienek (zerbitzugunea eta garajea) funtzionamenduan jarraitzen dute. Zerbitzugunea egoera onean dago eta Avia banatzailearen kargu martxan jarraitzen du; eta garajean ere eraberritze-obrak egin dira.