Gaztañaga Trocaola e Ibarzabal/ AYRA DUREX

Eraikin industriala, 1941 (Castor de Uriarte, Felipe Anitua )
Barrena 11

Deskribapena

Isidro Gaztañaga, Venancio Trocaola eta José Ibarzabal eibartarrek sortu zuten enpresa, 1940an, Barrena kalean, eta ibilgailuen transmisiorako piezak egiten espezializatu zen. Materiala lantzeke iristen zen eta enpresan hasieratik amaierara fabrikatzen ziren piezak. 1980. urtearen inguruan tailerra itxi eta Zumaiara joan zen.

Airetik

Planoa

Argazkiak

Argazki historikoak

Kanpoko argazkiak

Informazio gehiago

Ayra Durex sortu aurretik, fundatzaileek bazuten ibilbide eta izen bat egina, zein bere aldetik. Nolanahi ere, horrek ez zien eragotzi Gaztañaga, Trocaola eta Ibarzabali abentura berri bati ekitea izen bereko enpresa sortuz.

Hasieran, batez ere pistolak fabrikatu zituzten, baina beste artikulu batzuk ere ekoiztu zituzten, eta azkenean ibilgailuen transmisiorako piezei ekin zieten nagusiki.

1940an, Ayra Durex izena jarri zitzaion sozietateari, eta Barrena kalean hormigoi armatuzko tailer berri bat eraikitzea bultzatu zuten, ibaiaren 100 metro inguru estalita. Proiektuaren arduraduna Castor Uriarte arkitektoa izan zen; izen handiko arkitekto bilbotar hori Eibarren inoiz lanik egin gabea zen, eta horrek erakusten du eraikin bikain bat lortzeko interesa.

Diseinatu zuen eraikina hiru bolumen gehituta osatu zen. Muturretan, bi bolumen altuagoetan, bulegoak eta biltegia egongo ziren, eta, erdian, fabrikazio-pabiloia, luzexkagoa. Eraikina harmonikoa zen, baina argi dago handitze-lanak aurreikusita diseinatu zela.

Enpresa, 1955ean, 70 langile izatetik 300 izatera pasatu zen, 1975ean. Azalera eraikia, ondorioz, 1940an 2.500 m² izatetik 11.000 izatera igaro zen 1970ean. Nolanahi ere, hazkundea aldez aurretik egindako planteamendu bati jarraituta egin zen. Hala, bulegoen gorputza, hasieran albo batean zegoena, handitze-lanen ondoren erdi-erdian geratuko zen.

Ayra Durexek transmisio-pieza ugari egin zituen Eibarren, karabinak (Destroyer), eta baita motozikletak ere, nahiz eta azkenean komertzializatzea lortu ez. 1978 eta 1980 artean Zumaiara joan ziren. Gaur egun, Ayra Durex beste fabrikatzaile batzuek bereganatu dute, baina jarraitzen du automozioaren sektorean beren instalazio modernoetan, eta 400 bat langile ditu gutxi gorabehera.

Eibarren Aya Durexen ondarea birmoldatu egin da, eta oraindik ere erabiltzen da. Konposizioaren aldetik, nabarmendu behar da 150 m luze den fatxada simetrikoa, eta bereziki, bulegoen gorputza, erabat zentratua. Aurreko aldeak, altuagoa izateaz gain, hegal kurbatua dauka, eta horrek bereizi egiten du kalearen lerrokaduratik. Eskailera helikoidal bat du sarreran, fabrikako bisitaria harritu ohi zuena.


Sintesi dokumentala

AYRA DUREX enpresa 40ko hamarkadan erregistratu zen, Gaztañaga Trocaola e Ibarzabal SL enpresaren eboluzio gisa. (Isidro Gaztañaga, Venancio Trocaola eta José Ibarzabal).

Industrialari horietako bakoitza Eibarko beste enpresa eta tailer batzuetan lan egina zen. Isidro Gaztañagaren kasuan, 1933ko espedientean [C5-40.12] jasotzen da Arregi familiarena zen tailer batean lanean ibili zela, Urkizun. 1919ko [C5-32.46] eta 1923ko [C5-33.16] espedienteetan, Trocaola eta Aranzabalen (Venancio Trocaolaren aurreko enpresa) obra-eskaerak ageri dira; hor ikusten dira Maria Angelako tailerrean (desgertua) egindako handitze-lanak.

Hiru industrialari horiek osatutako enpresa berria Barrena inguruan eraikitzeko lehen espedientea 1940koa da. Espediente horretan, Gaztañaga, Trocaola eta Ibarzabal enpresak piezen tenplaketarako estalpe bat eraikitzeko eskaera egin zuen, 1940eko agiriaren arabera 6856.20. Estalpea, krokisean ageri denez, 8 x 6m–koa zen, isuri bateko teilape batez estalia, eta seguru asko zubiaren bestaldean egongo zen, Ego ibaiaren ondoan, gaur egungo “Barrena Berri” etxeetatik gertu; baina datu hori ezin izan da egiaztatu.

1941ean, obra berriko fabrika bat eraikitzea eskatu zen, AYRA DUREX enpresarentzat (aldatua zuen haren egoitza soziala). 1940ko espedientean 6856.30, eskaera Antonio Gaztañaga Ibarzabal jaunak sinatu zuen, Zientzia Ekonomikoetan lizentziatua eta seguru asko Isidroren semea. Haren bigarren abizenetik egiazta dezakegu Isidro Gaztañaga eta José Ibarzabal (fundatzaileak) koinatuak zirela.

Eraikin berria errekaren gainean zegoen, hiltegiaren eta udalaren zentral elektrikoaren artean, biak desagertuak gaur egun. Erreka estaltzeko, Gabilondoren fabrikarako egindako proiektuari jarraitu zioten.

Fabrika berrirako proiektua Castor Uriartek diseinatu zuen; izen handiko arkitekto bilbotarra Eibarren lanik egin gabea zen, eta, beraz, nabarmena zen industrialariek zuten interesa eraikin bikain bat lortzeko. Diseinua ez-ohikoa da Eibarko industria-eraikinen artean, bereziki sarbideko bolumaren diseinuan; izan ere, izkina batean kokatua, altuera handiagokoa zen eta erdigunean arku zirkularraren forma zuen. Bolumen horretan bi zatiz osatutako eskailera helikoidala jarriko zen. Diseinua arrazionalista da, bolumen garbi eta indartsuekikoa, eta gune kurbatuak gustuko dituena. Hala ere, arkitektoak saihestu egiten du sarrerako alaka kurbatua iritsiera-gunera orientatzea (Aurrera, Gabilondo, BOJ...) eta nahiago du bidera perpendikularki orientatutako fatxada. Sarrera bao zirkularraren erdian zabaltzen da, horma beiradunak aldamenean dituela.

Agian kontuan hartu ziren sarrerako bolumenaren tratamendu horretan etorkizunean izango ziren handitze-lanak. Eta hala gertatu zen; izan ere, ekialdeko zati berria egitean sarrerako bolumen hori erdi-erdian geratu, eta fatxada simetriko bat osatu zen: mutur bietan irteten diren bolumenak eta fabrikazio-pabiloiak erdiko guneetan.

Etengabeak izan ziren handitze-lanak eta bata bestearen atzetik egiten ziren obra-espedienteak, garai hartako Eibarko industriaren goraldiaren lekuko.

Itxura denez, lehenik tailerraren osteko aldean pabiloi bat eraiki zen, 35 bat metro luze eta 7 m zabal zena, solairu bakarrekoa eta hormigoi armatuzko egitura zuena. Ez da topatu obra horri dagokion espedientea.

Nolanahi ere, 1945eko obra-espedientean 6863.23 jasotako hurrengo handitzean, aurreko lan hori eginda bezala agertzen zen, eta aurrekoaren antzeko pabiloi berri bat egitea planteatu zen, fabrikaren ostean, aurrekoari jarraituz.

1948an eraiki zen beharginentzako bizilekua. Ez da ohiko tipologia Eibarko tailerretan, baina etxebizitzarik ez zegoenez, enpresak erabaki zuen kanpotik zetozen langileentzako toki bat eraikitzea. 1948ko obra-espedientearen arabera 6867.16, eraikin horietako bat altueran handitu zen, eta bi solairu gehiago gehitu ziren. Beharginentzako bizilekuak 30 gela zituen gutxi gorabehera, komun komunitarioak, gimnasioa eta jangela.

Proiektua erredaktatu zuen arkitektoa Diego de Basterra izan zen, eta Ayra Durexen egin ziren obren arduradun ere hura izan zen. Eibarren ohikoa zenez, ur-estalki lauak erabiltzen ziren, altueran handitze-lanak egiteko aukera ematen zutenak.

1952ko obra-espedientean 6874.10 jasotakoaren arabera, atzeko aldean fabrika handitzea pentsatu zen. Bolumen kubiko bat aurreikusi zen, azkenean eraiki ez zena. Seguru asko ez zen egingo atzeko pasoko kalea itxi egingo zuelako. Aldiz, proiektuak tailerraren ostean biltegiak gehitzea planteatzen zuen, eta horiek bai eraiki zirela.

1955ean, solairu bat gehitu zitzaion fabrikazio-pabiloiari, fatxada nagusian. Itxura denez, bi fase jarraietan egin zen, 1955eko 6882.04 eta 1952ko 6882.10 espedienteetan ikus daitekeenez.

1958an, enpresak leku gehiago behar zuen eta ibaiaren zati bat estaltzea planteatu zuten, 1958ko obra-espedientean 6891.15 jasotzen denez. Halaber, espediente batean urte horretako Plan Nagusiari buruzko komentarioetan egitasmo hori jasota geratu zen Udal Artxiboaren 1959ko obra-artxiboan 6893.09. Hala ere, ez da topatu jarraian eraiki zen handitze horri buruzko obra-espedientea.

Udal Artxiboaren 1959ko obra-espedientean 6893.10 tailer ostean pabiloi baten eraikuntza islatzen da.

Barne-zerbitzuko kalea mantentzen zen fatxada nagusian kokatutako instalazioen eta osteko pabiloien artean. Izan ere, 1961eko obra-espedientean 6901.19 kale hori beirate batekin babestea planteatu zen.

Obrak egiten jarraitu zuten. Atzealdeko instalazioak Larrañaga y Elorza eraikineraino iristen ziren. Udal Artxiboko 1963ko obra-espedientean 6907.27 ikus daitekeenez, tailer horri atxikitako estalpe bat eraiki zen.

Beste aldean, tailerraren mendebaldean, fatxada nagusian eraikitzeko geratzen zen azken zatia egin zen. Bolumena irten egiten da fatxadatik, jatorrizko proiektuaren ekialdeko muturreko bolumenaren ereduari jarraituta. Bolumen horrekin, 150 m-ko fatxada nagusia amaituta geratu zen; hartara, konposizio simetriko bat zuen eraikinak, sarrerako bolumena erdian kokatuta. Bolumen hori kamioientzako sarbidearen gunean zegoen. Hala, eraikuntza berria zamalanetarako diseinatu zen; estalkian zulo bat zuen, eta etorkizunean garabia instalatuko zen bertan.

1966an, solairu bat gehitu zitzaien artean ere beheko solairu ziren instalazio guztiei. Handitze-lan hori batez ere mendebaldeko zati osoari zegokion. Pasabideak ere egin ziren osteko instalazioak aurrekoekin lotzen zituztenak. Zamalanetarako bolumenean, garabia bat jarri zen, eta horretarako altuera handitu egin zen bi isuriko teilatu bat eginda.

Azkenik, nahiz eta obra-espedientea aurkitu ez, osteko pabiloia handitu egin zen, eta solairu bat gehiago gehitu bi isurialdeko estalki batekin.

1978an, gutxi gorabehera, enpresa Zumaian eskuratu zituen instalazioetara lekualdatzen hasi zen. 1980an, industriagune handi hau erabilerarik gabe geratu zen. Okupatzen zuen partzela 5.000 m2-koa zen eta eraikitako azalera 11.000 m2 baino gehiagokoa.

Eraikinari erabilera berria eman zaio. Atzeko aldean leku batzuk eraitsi ziren, langileen bizilekuak eta beste, garajeak eraikitzeko. Fatxada nagusia birmoldatu eta egokitu egin da hainbat erabileratarako. Gainontzean, tailerraren zati gehiena, goiko solairuetan, horniketa-enpresa batek okupatzen du.

Signaturak

Mapa