Jose Mutiloa S.A.
- Eraikin industriala, 1941
(Raimundo Alberdi Abaunz
)
Txonta 14
Deskribapena
José Mutiloa Aguirrek arma-tailer bat zuen Bidebarrietan, 1938ko industria-matrikularen arabera. 1941ean, Mutiloak tailer berria egiteko eskaera egin zuen. Eraikin mistoa zen, eta jabearen etxebizitza tailerraren gainean eraiki zen. Etxabea eta lehen solairua egur-biltegi gisa erabili ziren. Geroago beste handitze-lan batzuk egin ziren forma eta material ezberdinekin; industria-multzo heterogeneo bat da, eboluzio eta egokitzapen-prozesu etengabea islatzen duena, oso ohikoa Eibarko industrian.
Sintesi dokumentala
JATORRIZKO ERAIKUNTZA (1938)
José Mutiloa Aguirrek arma-tailer bat zuen Bidebarrietan, 1938ko industria-matrikularen arabera. Gerraostean, Txontan eraikin berri bat jaso zuen zurgintzara bideratua eta etxebizitza ere izango zuena, eta bertan armetarako egurrezko piezak fabrikatu zituen (kulatak, aurrealdeak...).
1941eko urtarrilean, Mutiloak tailer berria egiteko eskaera egin zuen, Faustino de Basterra arkitektoaren proiektu batean oinarrituz. Txontako bidearen ondoan zegoen, Remigio Echeverria [TX-D-01] eta Ochandiano y Echeverria [TX-04] forjen artean, GAC tailerra eraikiko zen lursailaren parean 6858.07.
Eraikin mistoa zen, eta jabearen etxebizitza tailerraren gainean eraiki zen.
Hormigoi armatuz egina, forma errektangularra zuen oinean, eta etxabea eta bi solairu zituen, erdian zegoen eskailera batez lotuak. Etxabea eta lehen solairuaren zati bat egur-biltegi gisa erabili ziren, eta erabat zabalik egoten ziren (fatxadarik gabe), egurra erraz aireztatu eta lehortzeko. Zati bat bakarrik zegoen itxita lehen solairuan: bulegoa. Bigarren solairuan, aldiz, etxebizitza bat zegoen, eta leihoen forma eta tamainak zainduagoak ziren; teilatuan egurrezko estalkia zuen.
Emaitza tipologia berezi bat zen, harrigarria baitzen etxebizitza bat ikustea egurra lehortzeko leku baten gainean.
LEHORTEGIA TAILER OSTEAN (1954)
1954an, enpresaren zabalkundea zela-eta, Jose Mutiloak lehortegi bat egitea eskatu zuen eraikinaren ostean, Ramon Martiarenaren proiektu bati jarraituz 6880.02.
Hormigoi armatuzko egitura bat zen mendiaren kontra eraikia, euste-hormen eta lehendik zegoen eraikinaren artean; tarteko espazioan patio bat egin zuten. Lursailaren aldapa zela-eta, lehortegia etxebizitzaren maila berean geratzen zen, eta, arrazoi beragatik, haren forma irregularra zen, lursailari egokitua. Aipatu behar da jatorrizko eraikina baino luzeagoa zela, Ochandiano y Echeverria forjaren [TX-04] ostetik ere zabaltzen baitzen.
Erdisotoa estua eta luzeska zen (27 m luze x 5 m zabal) eta erabat zabalik geratzen zen egurra lehortzeko; solairu nagusia, ordea, handiagoa zen (27 m luze, eta sakonera 9 eta 13 m artekoa) eta erabat itxita geratzen zen aurrealdean fatxada batez, non kulatak bernizatzeko espazioaren aireztapena goitik beherako leiho batzuek ahalbidetzen zuten.
LEHORTEGIA HANDITZEA (1968)
José Mutiloa Unzuetak aitaren bideari jarraitu zion familiaren enpresan. Kulaten fabrikak hazten segitzen zuen, eta 1968ko abenduan, eskatu zuten solairu bat eraikitzea lehortegian, Felix Gabilondo ingeniariaren diseinuari jarraituz 6939.12.
Proiektuan aurreikusten zen solairu bat eraikitzea lehortegiko estalki lauaren gainean, forma berarekin, eta patioan karga-jasogailu bat jartzea.
Egitura metalikoa zuen, seguru asko handitzearen pisua arintzeko, eta altzairuzko zutoin eta habez osatua zegoen. Eraikitako bolumena uralitazko estalki inklinatu batez eta adreiluzko itxituren bidez mugatuta zegoen eta arotzeriako leiho handiak zituen.
TAILERRA HANDITZEA (1975)
Handik urte batzuetara, 1975eko azaroan, eskatu zuten solairu bat eraikitzea 1938ko jatorrizko eraikinaren gainean 7006.05.
Castor Garate bide-ingeniariak idatzitako proiektuak aurreko altxaeraren kontzeptu berari jarraitzen zion, altzairuzko egitura batekin eraiki baitzuten.
Obrarako, aurretik egurrezko teilatua desmuntatu egin behar izan zen. Altxaera hori patiora ere luzatzen zen, estalita eta tailer barruan geratu baitzen.
Fatxada nagusian oso argi bereizten da obra hori, txapa galbanizatuzko fatxadek kontrastea egiten baitute eraikinaren gainerakoarekin.
Seguru asko garai hartan itxiko zen jatorrizko lehortegia adreiluz eta egurrez, hala, fatxada amaituta utziz, gaur egun dagoen bezala.
Mutiloa enpresa duela urte batzuk itxi zen, eta eraikina erabilerarik gabe geratu zen. Txontan zaharberritze-plan bat dago, eta industria-eraikin gehienak desagertu egingo dira.