Lambretta. Edificio Lambretta

Eraikin industriala, 1953 - 1956 (Joaquín Domínguez Elosegui )
Otaola 3

Deskribapena

Lambretta Locomociones SA Eibarren sortu zen, 1953an, motorrak egiteko. Urte horretako apirilean baimena eskatu zuten tailerra eraikitzeko Avenida de Bilbao hiribidean (gaur egun Otaola). 70eko hamarkadan izena aldatu eta “Serveta Industrial SA” bihurtu zen. Zailtasun ekonomikoak izan ondoren, enpresaren zati bat langileen eskuetara pasatu eta lan-sozietate anonimo bilakatu zen, harik eta 1984an behin betiko itxi arte. Lambrettaren instalazio batzuk berrerabiliak izan ziren, eta beste batzuk bota eta merkataritza gune bat eraiki zen.

Airetik

Planoa

Bideoak

Jose Mari Cruceta: VESPA (Villaverde Estraperlea Sin Pagar Aduanas)

Argazkiak

Argazki historikoak

Kanpoko argazkiak

Sintesi dokumentala

Lambretta Locomociones SA Eibarren sortu zen, 1953an, motorrak egiteko.

Urte horretako apirilean baimena eskatu zuten tailerra eraikitzeko Avenida de Bilbao hiribidean (gaur egun Otaola). Halaxe adierazi zuen Florencio Irigoyen Berrondo jaunak enpresaren izenean egindako eskaeran, Joaquin Dominguez Elosegui arkitektoaren proiektua erantsita.

Jatorrizko asmoak neurri handiko eraikin trapezoidal bat islatzen zuen, partzelaren kanpoaldeko mugekin lerrokatuta geratzen zena. Beheko solairua zuen —lursailaren kontra mailakatua—, lehen solairua, erdian patioa zuela, eta bigarren solairua —bakarrik eraikinaren txaflan erako izkina okupatzen zuena—. Bigarren solairuaren gainerako zatian, zirkuitu bat egiteko asmoa zegoen patioa inguratzen zuen lehen solairuko estalkiaren gainean 6877.01.

Nolanahi ere, eskaeran adierazten zenez, eraikina faseka egingo zen, hala, lehenik, beheko solairua bakarrik egin zen eta Otaola hiribide ondoko gunearen lehen solairua; era horretan, hasierako ekoizpen-premiei erantzuten zitzaien.

1954ko martxoan, Victoriano Areitio-Aurtena Olasolo jaunak, enpresaren zuzendari gerente gisa eta Vicente Olave industria-ingeniariaren proiektuari jarraituz, transformazio-zentro bat eraikitzea eskatu zuen, ekoizpenari ekin zitzaion seinale 6879.18.

1956 eta 1957 urteen artean, Dominguez Eloseguiren proiektuarekin eta haren zuzendaritzapean, bi handitze-lan egin ziren.

  • Lehena, 1956ko ekainean eskatu zuen Victoriano Areitio-Aurtenak: asmoa zen industria-instalazioak 29 m handitzea tailer ostean, transformazio-zentroraino. Lehendik zegoen tailerrak bezala, beheko solairua eta lehen solairua zituen; lursailaren inklinazioa dela-eta, mailakatuta geratzen ziren lur-erauzketa handirik ez egiteko 6885.16.

  • Bigarren handitzea, 1957ko urtarrilean Emiliano de la Torre Vergara zuzendari teknikoak eskatutakoa, multzoaren mendebaldeko izkinari zegokion, alegia, Dominguez Eloseguiren proiektuaren alde adierazgarrienari. Orubearen izkinan kokatua, bolumenak beheko solairuan izkina kurboa zuen eta lau solairu, multzoaren zatirik dotoreena osatuz. Beheko solairuan eta lehenengoan bakar-bakarrik egiten ziren industria-jarduerak; bigarren eta hirugarren solairua, aldiz, administrazio-eginkizunetarako prestatu ziren, bulegoak eta artxiboa bertan jarri baitziren. Laugarren solairua, azalera gutxikoa, alaka kurboaz bakarrik osatua zegoen. Gune horrek, altuera handiago eta estetika zainduagoarekin, industria honen irudi bereizgarria ematen zuen 6885.21.

Enpresa ondo zihoanez, 1959ko urtarrilean jatorrizko proiektua osatu nahi izan zuten, bloke osoa ixten zuen fabrika osteko zatia eraikitzean. Hala ere, kasu honetan, obra-lizentzia ematea zailagoa izan zen aurrekoetan baino 6899.08.

Victoriano Areitio-Aurtenaren eskaerak hasieran Hirigintzako Batzorde Probintzialaren ezezkoa jaso zuen 1959ko apirilean, ez baitzuen orduko Lurzoruaren Legea betetzen, artean ez zegoen-eta poligonorako Plan Partzialik.

Horregatik, administrazio-prozesu bat hasi zen, ondo amaitu zena. 1959ko abuztuan, Udaleko Obra Batzordeak obrei baimena ematea proposatu zuen, nahiz eta ezin zen aurretik adierazitako ezezkoaren aurka egon. Horregatik, urte horretako urrian, Hermenegildo Bracons udal arkitektoak, Batzorde Probintzialari zuzendutako idatzi batean, kasu horretan batzen ziren berezitasunak azaltzen zituen, lizentziaren baimena eskatuz; eta nahiz eta probintzia mailako teknikariak hasierako iritziari eutsi, azkenean baimena eman zuen 1960ko martxoan.

Azpimarratu behar da udal arkitektoaren idatzian, beste arrazoi batzuen artean, zera alegatzen dela: Lambrettaren zabalgune horrek BHko langileei eman ziezaiekeela lana, “enpresa Gasteizera joan zela-eta". Halaxe, udal arkitekto horren konpromisoa ikusten da; izan ere, 1957ko Plan Orokorra egin zuen eta desarrollismoarengaraian herriaren hazkunde ordenatu bat adosten saiatu zen, industriaren garapena Eibarko motore sozial bezala eragotzi gabe, nahiz eta eginkizun zaila izan, baldintza orografikoak eta industria-lurzoruaren falta direla-eta.

Osteko zati hori eraiki ondoren, jatorrizko proiektua osatuta geratu zen. Hala ere, fabrikaren gaina sekula ez zen motorrak probatzeko zirkuitutzat erabili, hasieran pentsatzen zen bezala: urez bete zen.

Hurrengo urteetan egokitze-lan batzuk egin ziren, baina ez hain handiak, eta ez zuten balio arkitektoniko handirik:

  • 1964an kanpoko estalpe bat egokitu zen hustutako bidoiak biltzeko eta langileen ibilgailuak faktoriaren atzealdean aparkatzeko 6917.22.

  • Urte horretan bertan, fibrozementuzko teilape bat eraikitzea eskatu zen atzealdeko estalkiaren gainean; hark ere bidoiak eta langileen motozikletak aparkatzeko balioko zuen 6923.18.

  • 1970ean, eskatu zuten ate bat egokitzea atzealdean, motorren kargaleku gisa Otaolako ate nagusiaren zama arintzeko, arazoak baitzeuden errepidean gero eta ibilgailu-trafiko handiagoa zegoelako.

Garai hartan, Lambretta akordio batera iritsi zen Honda enpresa japoniarrarekin ziklomotoreak fabrikatu eta inportatzeko, eta enpresaren izena aldatu eta Serveta Industrial SA bihurtu zen. Hala ere, Hondarekiko harremanak ez ziren ondo amaitu eta 1978an fabrikazioari utzi zioten. Zailtasun ekonomikoak izan ondoren, enpresaren zati bat langileen eskuetara pasatu eta lan-sozietate anonimo bilakatu zen, harik eta 1984an behin betiko itxi arte.

Lambrettaren instalazio batzuk berrerabiliak izan ziren eta beste batzuk bota egin ziren:

Alakadun bolumena:

Eraikinaren zati adierazgarriena da, bulegoak hartzen zituena.Birmoldatu ondoren, Ertzaintzarako bulegoak egin ziren bertan, 1987an hasitako proiektu batzuen ondoren; Fernando Garate eta Agustin Oteiza izan ziren arkitektoak.

Egitura bere horretan mantendu zen, gehitutako eskaileraren bat gorabehera.Kanpoaldean, fatxada zeramika beiraztatuz berriztu zen, eta sareta-leihoen arotzeria metalikoaren ordez aluminio lakatu zuria jarri.Geroagoko eraberritze batean, berde koloreko panel handi batzuk jarri ziren, jatorrizko akaberekin oso gaizki ematen dutenak.

Fabrikaren erdiko zatia:

Multzoaren erdiko gunean tailerraren instalazioak zeuden. Berrerabiliak izan dira eraikitako bolumena aldatu gabe.Otaola etorbidera ematen duen aurrealdea biltegi bihurtu da ia aldaketarik egin gabe, fatxadan jarritako “Merca China” errotulua izan ezik. Romualdo Galdos kalera ematen duen atzeko aldean jatetxe batzuk eta dendaren bat jarri dira, eta aldaketak egin dira fatxadan eta barruan erabilerara egokitzeko.

Fabrikaren ekialdeko zatia:

2004 eta 2005 urteetan eraitsi zen merkataritza-gune bihurtzeko.

 

Signaturak

Mapa