Laurona

Eraikin industriala, 1962 / (cat) 1967 (Ramón Martiarena Lascurain )
Otaola 25

Deskribapena

Eraikin hau hainbat fasetan eraiki zuen Industrias São Paulo enpresak Otaola hiribidean. Ubitxan zegoen, eta trokelaketa egiten zuen puntzonaketa, estanpazio eta enbutizioaren bidez. Eraikina egiteko aurreneko eskaera Manuel Elorzak egin zuen 1961eko urrian industria horren ordezkari gisa, Ramon Martiarena Lascurain arkitektoaren proiektuaren arabera eta haren zuzendaritzapean. Gero "Laurona” eskopeten enpresak okupatu zuen eraikina. Lauronak lehendik zegoen pabilioia egokitzeko lanak egin zituen, Fernando Martín Trinchetek enpresaren izenean 1972ko apirilean egindako eskaeraren ikus daitekeenez. Gaur egun, eraikinak erabilera industrialari eusten dio, eta hainbat enpresa daude bertan, AYA, besteak beste.

Airetik

Planoa

Argazkiak

Argazki historikoak

Sintesi dokumentala

Eraikin hau hainbat fasetan eraiki zuen Industrias São Paulo enpresak Otaola hiribidean. Ubitxan zegoen, eta trokelaketa egiten zuen puntzonaketa, estanpazio eta enbutizioaren bidez, eta trokel handietan zegoen espezializatuta.

Eraikina egiteko aurreneko eskaera Manuel Elorzak egin zuen 1961eko urrian industria horren ordezkari gisa, Ramon Martiarena Lascurain arkitektoaren proiektuaren arabera eta haren zuzendaritzapean 6905.05-1.

Eraikin industrial bat aurreikusten zen, partzelaren aurrealdean erabilera administratiboak eta bulego teknikoko erabilerak uztartuko zituena, bi solairutan banatuta, eta fabrika-jarduera atzeko aldean altuera handiagoko nabe batean.Lursailaren pendiza dela-eta, lur-mugimenduak eta euste-hormak egin behar izan zituzten, eta eraikina mailakatuta geratu zen lursailaren kontra.

Hala ere, eraikuntza-prozesuan zehar, 1962ko maiatzean, Elortzak handitzeko eskabidea egin zuen, arkitekto beraren proiektu aldatuaren arabera. Solairuen banaketa eta sekzioa erabat aldatu ziren. Partzelaren aurrealdean erdisoto bat gehitu zen; fabrika-nabeak beheko solairu osoa hartu zuen, eta sarbide zuzena zuen arrapalan errepidetik; eta bulegoak lehen eta bigarren solairuan kokatu ziren, eraikinaren aurrealdea bakarrik okupatuz 6905.05-2.

Hala ere, azalera industriala ez zen nahikoa, itxura denez; izan ere, 1963ko azaroan, aldameneko orube batean lur-erauzketa lanak aprobetxatuz, orubearen atzealdean indusketa lanak egitea eskatu zuten, "etorkizunean handitzeko aukera" zegoela aurreikusiz 6917.08.

Hala, 1964ko urtarrilean eskatu zuten handitze hori, Martiarenaren proiektuaren arabera. Hauexek ziren obrak: solairu bat gehiago altxatzea eta, atzealdean mendiaren kontra eraikina luzatzea, 1104 m2 eskainiz industria erabilerarako 6917.09.

Nolanahi ere, instalazio horiek ez ziren nahikoa izan eta, 1967ko martxoan, Manuel Elorzak handitzeko aukerari buruz kontsultatu zuen "Bilbao etorbidean kokatutako Industrias São Paulo faktoriak bi solairu gehiago izateko premia larria zuelako industria normaltasunez garatu ahal izateko” 6933.02.

Eraikitako bolumena aztertu ondoren, onargarria zela ondorioztatu zen, eta, horregatik, 1967ko apirilean Javier Marquet Artola arkitektoaren proiektu teknikoa aurkeztu zuten altxatze horretarako 6933.03.

Bere memorian, arkitektoak zera alegatzen du: "nahiz eta jakin industria pisuetan garatzea ekonomikoki kaltegarria dela, behartuta daude horretara"; argi geratzen da, hortaz, Eibarko fabrikek industria-garapenerako zituzten zailtasunak. Handitze horrek industriara bideratutako 2500 m2 gehiago hartzen zituen, eta, horrela, partzelan onartutako bolumen eraikigarri osoa bete zuen.

Prozesu guztiaren emaitza da ia 7.000 m2 eraikitako eraikin bat, administrazio-espazioak eta fabrika-guneak uztartzen dituena, garaiera nabarmenekin. Hortik aurrera, Industrias São Paulok tailerra utzi zuen, ez dakigu hedatzeko ezintasunagatik lekuz aldatu behar izan zutelako edo negozioa utzi zuelako.

Gero "Laurona” eskopeten enpresak okupatu zuen eraikina. 1941ean lau armagile artisauk sortua, lehenik Ibargain eraikineko hirugarren solairuan egon zen [JR-05], eta 60ko hamarkadan Almaral eraikineko lehen solairura aldatu ziren [CB-13], Muzategiko aldapan.1971 aldera, Sao Paulo eraikinera joan ziren.

Lauronak lehendik zegoen pabilioia egokitzeko lanak egin zituen, Fernando Martín Trinchetek enpresaren izenean 1972ko apirilean egindako eskaeraren ikus daitekeenez. Saez eta Basañez arkitektoek idatzitako proiektuak hainbat jarduketa aurreikusten zituen, baina garrantzitsuena fatxadaren eraberritze integrala izan zen. Fatxadako itxitura atzeratu egin zen, eta jardinera eta landare esekiak agertu ziren. Horrez gain, garajerako zoru-arteko berri bat jarri zen eta jangela bat egin fabrikaren estalkian 6971.03.

Proiektua baimendu egin zen, baina enpresak lizentziaren zati bat salbuestea eskatu zuen, arrazoi ekonomikoak zirela-eta obra horiek hainbat fasetan egingo zituelako 6971.04.

Enpresaren garairik onena 70eko hamarkada izan zen, Lauronak 160 langile izatera iritsi baitzen (Ayak 200 zituen). Hala ere, 80ko hamarkadako armagintza-sektorearen krisiak enpresari ere eragin zion, eta zailtasunak eta berregituraketak izan zituen, itxi gabe mantentzea lortu zuen arren. Nolanahi ere, 1996. eta 2000. urteen artean, Laurona São Paulo eraikineko solairuak beste enpresa batzuei saltzen hasi zen, hala nola AYAri…, harik eta 2009an bi solairurekin geratu arte (http://egoibarra.com/publicaciones/revista-eibar/eibar_2010_01.pdf/view, Javi Martín Lapeyrarena).

Azkenean, Noricak bereganatu eta Laurona desagertu egin zen. Gaur egun, eraikinak erabilera industrialari eusten dio, eta hainbat enpresa daude bertan, AYA, besteak beste. Duela gutxi eraberritu egin zen fatxada, azuleju-estaldura mortero-zarpiatu batez ordeztuz.

Signaturak

Mapa