Matsaria 1
Deskribapena
Jenaro Crucelegui Esnaola izan zen, 1959an, “Herederos de Jenaro Crucelegui” enpresaren izenean, tailer berri baten aurreproiektu bat aurkeztu zuena, lehen zegoena ordezteko. Lokalak alokatu edo saltzeko erabiltzen ziren, eta trenbide gaineko zubian zegoen eskailera batek lotzen zituen. Jaso zenetik, eraikina ez da aldatu eta industria-erabilerari eusten dio, nahiz eta oso erabilia ez izan.
Argazkiak
Sintesi dokumentala
Eraikinaren orubean, gerra zibilaren aurretik armagin batzuen tailer bat egon zen, eta aurrerago baita Jenaro Cruceleguiren tailerra ere [JR-D-04] (tailer hau Estazioarekin lotzen zen zubi baten bidez).
Hain zuzen, Jenaro Crucelegui Esnaola izan zen, 1959an, Herederos de Jenaro Crucelegui enpresaren izenean tailer berri baten aurreproiektu bat aurkeztu zuena, lehen zegoena ordezteko. Udalak emandako erantzuna baiezkoa izan zen, eta baimena eman zuten, betiere teknikari batek sinatutako proiektu oso bat aurkezten bazen 7660.74.
Hala, 1960ko abuztuan, Marcelino Aguirre obra-kontratistak eraikina egiteko eskaera egin zuen Faustino de Basterra arkitektoaren proiektuan oinarrituz 6901.03.
Lizentziari buruzko desadostasun batzuk izan ziren Udalaren eta Batzorde Probintzialaren artean; izan ere, Batzorde Probintzialak trenbide gaineko zubia kentzea eskatzen zuen, bai eta bidearen zabalera handitzea ere. Nolanahi ere, Hermenegildo Bracons udal arkitektoak alegatu zuen Plan Partzial hori onartuta zegoela Batzorde Probintzialean eta ez zegoela nahikoa justifikaziorik eraikina egiteko eskaera ukatzeko, ez baitzuen hirigintza-araudia urratzen.
Edonola ere, eraiki aurretik, han zegoen tailerra bota behar zen; lanak 1960ean hasi ziren Marcelino Aguirreren eskariz 6897.03.
Eraikina proiektuari jarraituz egin zen: egoki moldatu zen orubearen irregulartasunetara eta udal araudiak ezarritako alturetara. Hormigoi armatuz eraikita zegoen eta etxabea, lau solairu eta ur-estalkia zituen. Lokalak alokairurako edo saltzeko erabiltzen ziren, eta trenbide gaineko zubian zegoen eskailera batek lotzen zituen.
Eraikina okupatu zuen enpresetako bat Juan Maruriren inprenta izan zen, aurretik Arragueta eta Victor Sarasqueta lotzen dituen zeharbidean kokatua zegoena; 1962an joan zen eraikin honetara 6905.15.
Jaso zenetik, eraikina ez da aldatu eta industria-erabilerari eusten dio, nahiz eta oso erabilia ez izan. Ignacio Zubillaga arma-fabrikak han segitzen du lanean eraikinaren 4. solairuan.
Fitxa teknikoa
Estiloa
Eraikinaren bolumetriak, batez ere, orubeak eta udal ordenantzek ahalbidetzen zuten aprobetxamendurik handiena bilatzen zuen, eta, ororen gainetik, praktikoa zen.
Industria-eraikin gehienetan bezala, fatxadak lauak dira eta neurri handiko arotzeria-baoak errepikatu egiten dira, hormigoi armatuzko egituraren erretikulari jarraituz.
Hala ere, arkitektoak ez du alferrik galtzen fatxadak maila estetikoan lantzeko aukera, eta eskailera-kaxaren kokapena eta izkinako igogailua baliatzen ditu, ingurune horri presentzia handiagoa emateko: altuera handiagokoa da eta bi idi-begi ditu teilatu azpian.
Singularidades
Tailerrerako sarbidea, trenbide gaineko oinezkoentzako zubi batean, benetan bitxia da. Halaber, haren irudia zubitik begiratuta, altuera handiagoko gune batekin eta gailurreko bi idi-begiekin, ikonikoa da.
Nabarmentzekoa da fatxadaren tratamendua; izan ere, sarbideko eskailera nagusia zubiaren aurrean geratzen da. Gune hori altuxeagoa da eta goialdean bi idi-begi daude, eraikinaren bereizgarri direnak.
- Neurriak:
- 1462/345