Mendiguren y Zarraua
- Eraikin industriala, 1943
(Raimundo Alberdi Abaunz
)
Arragueta 2
Deskribapena
Mendiguren y Zarrauak bazeukan tailer bat gerra aurretik Maria Angela aldeko (gaur egun Errebal kalea) etxe baten ostean. 1937ko bonbardaketaren ostean, Maria Angelako inguru guztia suntsituta geratu zen, eta 1941ean tailerra berreraikitzeko eskabidea egin zuten. Eraikin modernoa zen eta diseinu xehekoa, eraikuntza bakarrean biltzen zituena Mendiguren y Zarrauako biltegia, tailerra, bulegoak eta etxebizitzak. Enpresa MZ Taldea bihurtu zen, eta produkzioa Berrizko pabiloi berrietara eraman zuten. Erabilera industriala zeukan blokearen ordez etxebizitza-, lokal- eta garaje-eraikin berri bat egin zen 1990 eta 1992. urte bitartean. Enpresaren industria- eta bulego-zatiak birmoldatu egin dira eta orain Diputazioaren administrazio-espazio eta bulegoak dira.
Sintesi dokumentala
Mendiguren y Zarraua Eibarko enpresa enblematikoak, malgukiak eta alanbreari lotutako lanetan jarduten zuen eta bazeukan tailer bat gerra aurretik, Maria Angela aldeko (gaur egun Errebal kalea) etxe baten ostean. 1934an, Alberto Mendigurunek baimena eskatu zuen hormigoi armatuzko tailer batez ordezteko 6852.32.
1937ko bonbardaketaren ostean, Maria Angelako inguru guztia suntsituta geratu zen. 1941eko maiatzean, Mendiguren y Zarraua jaunek, beste bi jaberekin batera, beren jabetzak berreraikitzea eskatu zuten 6858.45. Hormigoi armatuzko tailer txiki bat zen, etxe osteari atxikia, eta beheko solairua eta oin-solairu bat zituen.
1943ko amaiera aldera, izapideak hasi zituzten tailer eta etxebizitzen eraikin berri bat egiteko Arraguetaren eta Pedro Martin zubiaren (Airikitxako zubia) arteko bidegurutzean, Garate Anitua y Cíaren (GAC) jatorrizko fabrikak okupatzen zuen espazioan.
Alberto Mendigurenek aurkeztu zuen eskaera Mendiguren y Zarrauaren izenean, Raimundo Alberdi arkitektoaren proiektuarekin batera 6861.72.
Eraikina Eskualde Suntsituetako hirigintza-planak ezarritako lerrokadura berrietara egokitu behar zen, eta suntsitutako eraikinak baino atzerago kokatu. Hormigoi armatuz egina, eraikin zaharraren tamaina gainditzen zuen, argi eta garbi bereizitako bi zatirekin: kaleen arteko bidegurutzeko blokea, etxebizitzena (sotoa, etxabea eta lehen solairua tailerrerako, eta 5 oin-solairu etxebizitzetarako); eta beste bloke bat Arragueta kaleari atxikia, bakarrik tailerrerako zena (sotoa, etxabea eta oin-solairu bat).
Eraikin modernoa zen eta diseinu xehekoa, eraikuntza bakarrean biltzen zituena Mendiguren y Zarrauako biltegia, tailerra, bulegoak eta etxebizitzak.
Eraikina hazten joan zen eta enpresaren produkzio-eskaerei moldatzen. 1948an 5x5 metroko estalpe txiki bat eraiki zen tailerraren teilatuan 6867.45, eta 1953an anpliazio handi bat egin zuten, 3 solairu eraikita Arraguetako tailerraren gainean. Horretarako, Joaquin Dominguez Elosegui arkitektoak errespetatu egin zuen eraikinaren kanpo-irudia eta hura luzatu zuen goiko solairuetan, espazio diafano batzuk eginez, eskailera eta karga-jasogailu baten bidez lotuak 6877.05.
Handik urte batzuetara, 1957an, obra txiki batzuk egin zituzten lehen solairuko bulegoa tailerrarekin komunikatzeko, lehen solairuko patioaren zati bat estalita. Eskaera Pablo Aldazabal Zarraua jaunak egin zuen, Mendiguren y Zarraua SRC sozietatearen izenean; Martinez Anido eta Pedro Maria Aristegui arkitektoek zuzendu zituzten obrak 6888.06.
1959ko abenduan, Arikitxako zubia bobeda bikoitzeko sekziora egokitzeko birmoldaketaren eraginez, transformadore elektrikoaren etxola lekualdatu egin behar izan zen, zubi berriaren estribuarekin kointziditzen baitzuen 6895.01. Etxola berria espaloi azpian kokatu zen, pixka bat goraxeago 6895.02.
1960an, zubiaren eraberritzea egin ondoren, enpresak bere instalazioak handitu zituen ibaiaren zati bat okupatuz; horretarako, ibilgua bitan banatzen zuen erdiko pilarea eraiki zuten, zabaltze-lan hari eusteko balio zuena. Obrak gune horretako Plan Partziala onartzearen mende egon arren, azkenean baimena lortu zuten 6900.04.
Mendiguren y Zarraua enpresa MZ Taldea bihurtu zen eta produkzioa Berrizko pabiloi berrietara eraman zuten.
Soilik erabilera industriala zeukan blokearen ordez etxebizitza-, lokal-eta garaje-eraikin berri bat egin zen, 1990 eta 1992. urte bitartean, baina eraispen-prozesuan egonkortasun-arazoak zeudenez —Arragueta kaleko euste-horma eta aldameneko eraikina—, eraikinaren egitura errespetatu egin zen, neurri batean, etxebizitza-bloke berri bat bertan egiteko 7999.02. Tailerraren erreforma-proiektua Javier Saez eibartar arkitektoaren lana izan zen; hein handi batean egituraren banaketa aprobetxatu zuen, nahiz eta aldaketa batzuk egin, batez ere, eskailera berriak eta igogailu komunitarioak txertatzeko. Fatxadari dagokionez, estetikak hautsi egin zuen erabat eraikinaren jatorri industrialarekin eta haren ingurnearkin.
Aldiz, jatorrizko etxebizitzen blokea oraindik erabiltzen da, oso ondo kontserbatuta dago eta egoera onean; enpresaren industria- eta bulego-zatiak birmoldatu egin dira eta orain Diputazioaren administrazio-espazio eta bulegoak dira.