Norica
- Eraikin industriala, 1955 / (cat) 1968
(Faustino de Basterra
)
Otaola 16
Deskribapena
Norberto Arizmendi y Cía izenak familia eta abizen bereko hiru industrialari batzen zituen. 1916tik armak egin zituzten eta gerra zibilaren ondoren, su armak ekoizteari utzi, eta "Norica" markako karabina pneumatikoen manufakturan zentratu ziren. 1955eko uztailean, instalazio berriak eraikitzen hasi ziren Otolaerdikua baserritik gertu, Otaolan (Bilbo hiribidea zena), Faustino de Basterrak idatzitako proiektuaren arabera. Hainbat handitze-lan egin ziren, eta enpresa Elgetara joan ondoren hutsik geratu zen.
Sintesi dokumentala
1951ean hasi ziren Otaola hiribidean tailerra eraikitzen Noricaren ekimenez, baina enpresaren jatorria lehenagotik dator.
Norberto Arizmendi y Cia izenak familia eta abizen bereko hiru industrialari batzen zituen. 1916tik armak egin zituzten, batez ere motzak, nahiz eta piezen mekanizazioan ere lan egin zuten.
1924 eta 1938ko matrikula industrialen arabera, tailerra Ibarkurutze kaleko 10. zenbakiko beheko solairuan zegoen (antzinako helbidea), eta gerra zibilaren ondoren, hor jarraitu zuten beste hainbat urtez. Hala ikusten da Norberto Arizmendik 1941eko apirilean sinatutako eskabidean, non Ibarkurutzeko bere tailerraren kanpoaldeko teilape bat txukuntzea eskatzen zuen 6858.31.
Gerra zibilaren ondoren, su armak ekoizteari utzi zioten, "Norica" markako karabina pneumatikoen manufakturan zentratuz, eta Isasiko lantegi batzuetara joan ziren, atzeko aldetik ibaira ematen zuten etxebizitza batzuen beheko solairuetan kokatuak. Planta industrial horiek zubi batek lotzen zituen San Andres pasealekuarekin. Hala islatzen da enpresak egindako eskaeretan; izan ere, zubi horren ondoan biltegi batzuk eraikitzea eskatzen zuten. [foto 21040HIF]:
-
1946an, Toribio Arizmendiarrietak, Norberto Arizmendi y Ciako bazkide gerente gisa, San Andres pasealekuan kokatutako lurretan lehengaiak gordetzeko behin-behineko estalpe bat eraikitzeko eskatu zuen, Echenagusia eta Echeverría jaunek eraikitako zubiaren ondoan, Ego ibaiaren ezkerreko ertzean.
-
Eskaera ukatu egin zen, egin nahi zuten obraren izaera industriala zela-eta 6864.36.
-
Hala ere, 1951ean oso antzeko obra eskatu zuten. Udalaren partzela horren alokairua nahi zuten, fuel-oileko tanke bat jartzeko; izan ere, oso arriskutsua zen ontziak tailerretako nabearen barruan edukitzea.Kasu horretan Udalak onartu egin zuen eskaera 6871.34.
Dena den, 1955eko uztailean, instalazio berriak eraikitzen hasi ziren Otolaerdikua baserritik gertu, Otaolan (Bilbo hiribidea zena). Faustino de Basterrak idatzitako proiektuaren arabera, hasiera batean tailer txiki bat eraiki zuten solairu bakarreko 100 m2 ingurukoa; estalkiak irekiera bat zuen goian, espazioa aireztatzeko 6884.15
Tailer hori lursailaren atzeko aldean geratzen zen, ibaitik gertu eta errepide orokorretik urrun, lurzatiaren izkina batean. 1962 eta 1963 artan handitu egin zuten, baina Isasiko instalazioak laga barik. Handitzeko hasierako eskaera ukatu egin zen, plan partziala idazketa-prozesuan zegoelako, eta eraikuntza-lanak lizentziarik gabe hasi baziren ere, azkenean baimena jaso zuen. Beheko solairuko nabea partzelaren zabalera osoan luzatzean zetzan.
Handitze hau eraikitzeko prozesuan zehar, 1962ko uztailean, zati honetan solairu bat gehiago igotzea eskatu zuten, Faustino de Basterra arkitektoaren obra-proiektuari eta zuzendaritzari jarraituz. Lehendik zegoen nabearen gainean ere egin zuten beste solairu bat, eta, beraz, aireztapena kendu behar izan zuten eremu horretako estalkian. Proiektuarekin batera, enpresaren idazki interesgarri bat ere aurkeztu zen, non azaltzen baitzen handitze hori tailer mekanikorako erabiliko zela eta Isasiren instalazioen pilaketa arintzen lagunduko zuela 6910.15.
1963ko irailean, udal aparejadorearen txosten baten ondorioz, non arauz kanpoko obra batzuen berri ematen baitzuen, zigorra jarri zitzaion enpresari eta obrak dokumentatzeko eskatu zitzaion, legeztatu ahal izan zitezen 6910.16.
Enpresak, ordea, alegatu zuen lehendik zegoen itxitura konpontzeko obrak baino ez zirela egiten ari, eta aparejadoreak aipatzen zuen solairuartekoa jatorrizko eraikuntza egin zenean eraiki zela. Hura deskribatzen zuen planoa sartu zuten, obra Faustino de Basterrak zuzendu zuela ziurtatuz. Azkenik, ezarritako zigorra kendu zen, nahiz eta jasota geratu beheko solairuan solairuarte hori eraiki zela 6910.17.
1964ko azaroan, eraikin industriala lursailaren gainerako zatian zabaltzeko eskatu zuten. Enpresak erantsitako idazkian azaltzen zenez, handitze horren helburua zen horra eramatea Isasiko sotoetako tailerrak, hala, instalazioak bateratzean produktibitatea handitzeko, eta Isasiko etxebizitzetako bizilagunei eragozpenik ez sortzeko 6923.31.
Industriaren gainerako zatien arkitekto berak idatzi zuen proiektua, Faustino de Basterrak. Proiektua honetan zetzan: eranskin bat eraikitzea, industria errepide nagusiraino luzatzeko, hala industriaren fatxada nagusia eratuz. Kota-diferentziaren ondorioz, aurretik zegoen tailerraren beheko solairua erdisotoa izango zen, eta solairu horren gainean beste bi solairu eraiki ziren "U" formakoak, fabrikaren erdian patio bat utziz 6923.31.
Hortik aurrera, eraikinaren oraingo egoeran ikus dezakegunez, hainbat aldaketa egin ziren:
-
Estalkian bolumen batzuk sartu ziren (haietako bat transformazio-zentrorako).
-
Eranskin bat jarri zen eraikinaren atzealdean, ibaiaren beste aldeko bide berritik zuzenean sartzeko.
-
Barruko patioa estali egin zen, eraikitako espazio hori fabrika barruari gehituz.
Norica enpresak eraikin horretan (4.000 m2 baino gehiago zituen) ekoiztu zituen karabinak, harik eta Elgetara joan zen arte.
Une honetan eraikina erabilerarik gabe dago eta degradazio-prozesu etengabean.