Rodisa
- Eraikin industriala, (cat) 1960
(Faustino de Basterra,
Pedro María Iñarra Iraegui
)
Barrena 34
Deskribapena
Jatorrizko tailerra 1941ean eraiki zen, Matienakoa zen Juan Olalderen ekimenez. Eraikina Olave Solozabal y Cía. (El Casco) enpresarena izatera pasatu zen, eta hark Rodisa enpresari alokatu zion. Eraikina hainbat zabalkuntza-lanen emaitza da eta, hala ere, kanpoko itxura bateratu eta trinkoa du. 1971 urte inguruan, produkzioa INA-RODISA enpresaren instalazio berrietara joan zen Elgoibarrera, eta pabiloia erabilerarik gabe geratu zen. Gaur egun hutsik jarraitzen du.
Sintesi dokumentala
Eraikin hau ezaguna da Rodisa enpresa egon zelako bertan, baina ez zen enpresa hori izan edifizioa jasotzea sustatu zuena hasieran.
Jatorrizko tailerra 1941ean eraiki zen, Juan Olalderen ekimenez eta Faustino de Basterra arkitektoaren proiektuarekin. Barrena kalean eraiki zen hormigoi armatuzko tailerrak solairu errektangular bakarra zuen, harlangaitzezko zokalo baten gainean 6858.101.
Hurrengo urtean, industrialari berberak beste zati bat eraiki zuen industria-pabiloiaren izkinan, bulegoetarako 6859.47.
Eraikina Olave, Solozabal y Cía. (El Casco) enpresarena izatera pasatu zen, eta hark Rodisa enpresari alokatu zion. Hala zehaztu zuen Juan Ciorragak, 1955ean aurkeztutako eskabidean, Olave, Solozabal y Cíaren izenean lehen solairua eraikitzea osatzeko baimena eskatu zuenean, Pedro Maria Iñarrairaegui ingeniariaren proiektuaren arabera 6882.14.
1957ko abuztuan, Juan Solozabalek, bere enpresaren izenean, berriz ere eraikina handitu nahi zuen. Oraingoan obra garrantzitsu bat zen beheko eta lehenengo solairuen atzeko aldean, maldan kontra egingo zen sekzio mailakatu batekin. Proiektua Iñarrairaeguik idatzi zuen. Ideia hori hasieran baztertu egin zen, eraikin ostetik aurreikusita zegoen zirkunbalazio-errepidearen trazatuari eragiten ziolako 6890.09.
Nolanahi ere, 1957ko abenduan, berriz ere eskatu zuten lan berbera egitea, eta udal arkitektoaren erantzunak ezezkoa izaten jarraitu bazuen ere, ez baitzuen araudia betetzen, azkenean onartu egin zen obren exekuzioa 6890.28.
1961ean, solairu bat jaso zen eraikin osoan, Jose Zuloaga Osorok enpresaren izenean egindako eskaera batean oinarrituz eta Iñarrairaegui ingeniariaren proiektuaren arabera. Lokal berriak kontrol eta bulegoen departamentuetarako izango ziren 6902.25.
1962an, Jose Zuloagak anpliazio berri bat eskatu zuen, eta José María Echeverría Aranzabal izan zen obren ingeniari industriala. Erdisotoko solairu bat erantsi zen aurrealdean alde horretako lursaila ezabatuz, araudiak ez baitzuen lagatzen pabiloiaren kanpoko bolumena handitzea. Beheko solairua kalearen mailan zegoela aprobetxatu zuten erdisotoko solairu hori egokitzeko eta kaletik sarbide zuzena izateko.
Gehiago hazi ezinik, obra txikiak baino ez zituzten egin, esaterako, etxola bat eraikinaren estalkian eta estalpe bat bizikletak gordetzeko 1964an, Tomas Arteaga Aizpurua Rodisako gerenteak eskatuta, erantsitako krokisen arabera 6919.03.
1971 urte inguruan, produkzioa INA-RODISA enpresaren instalazio berrietara joan zen, Elgoibarrera, eta pabiloia erabilerarik gabe geratu zen. Gaur egun hutsik jarraitzen du eta degradazio-prozesuan. Ur-estalkia lehortu egin da, eta inpermeabilizazioak ez du ondo funtzionatzen.