Sagartegieta Jauregia

Eraikin zibila, 1655
Maltzaga auzoa

Deskribapena

Sagartegieta edo Sarteitta jauregia jatorriz baserria zen, eraikin xume bat. Han bizi ziren sustaetatarrek indarra eta boterea hartu ahala, eraikuntza ere handitzen eta dotoretzen joan zen. Urteetan zehar indar handiko etxea izan zen Sagartegieta, inguru guztian nagusia.

1655. urtean eraikitako etxea da, eta XVIII. mendean berritua estilo barroko eta neoklasikoan. Arkupearen gainean dagoen armarriak hau dio: "Soy Sagarteguieta. Vinculada en 13 de maio de 1655 y corroborada en 23 de maio de 1765".

Gaur egun jauregia nahiko hondatuta dago eta hara iristea ez da erraza. Eibartik Elgoibarrera doan bidean, Maltzaga igaro ondoren 300 metro ingurura, ezkerretara gora egiten duen bidezidor bat hartu behar da bertara heltzeko.

Sustaetatarrak izan ziren inguru horretan familiarik boteretsuenetakoa mendeetan zehar. Kontuan izan behar da, Eibartik kanpo egon arren, Maltzaga beti izan dela leku garrantzitsua, batez ere bidegurutze handia zelako. Han egiten zuten bat Gipuzkoatik zetorren bide nagusiak (kostaldea eta barrualdea batzen zituena), Bizkaitik zetorrenak eta Deba ibaia jarraituz Arabara eta Gaztelara zihoanak. Handik pasatu izan dira urteetan zehar arraina, artilea, armak, ikatza, garia... Ondorioz, mendeetan zehar gune aipagarria izan zen Maltzaga, eta baserriez gainera, ermita, benta, eskolak, aduanak, eta abarrak ezagutu izan ditu. Trenbidea Euskal Herrira iritsi zenean ere, Maltzaga zen Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba batzen zituen lekua. Azken urteotan haren garrantzi soziala asko gutxitu den arren, oraindik ere jarraitzen du bidegurutze izaten: burdi-bideak eta zaldi-bideak atzean geratu ziren, trenak ere eman ditu onenak, baina autopisten sasoian ere hiru probintzien arteko bidegurutze da Maltzaga.

Airetik

Argazkiak

Argazki historikoak

Barruko argazkiak

Kanpoko argazkiak

Mapa