San Joan ermita, Untzaga

Eraikin erlijiosoa, 1600
Untzaga plaza

Deskribapena

Untzagan, orain dela bostehun urte inguru, etxeak errege-bidearen alde bietan zeuden, eta gaur eguneko plaza dagoen lekuan ortuak eta soroak zeuden, “surcadas por el camino real y otros secundarios, y las acequias del molino del Portal y de Burgua, así como la regata que desde Ubidieta descendía al arroyo principal, para lo cual existía un pequeño pontón en el camino real para salvar este arroyo”. Inguru hartan zegoen etxe bakarra  Sancho Sánchez de Ibarrarena zen, Isasi barrenean.

Hala ere, mendeek aurrera egin ahala, Untzaga (Ulsaga) etxez betetzen joan zen. Untzagako San Juan ermita XVI. mendearen bigarren erdian eraiki zuten, Ego errekaren ertzean, gaur egun udaletxea dagoen aurreko partean. Esangura handiko ermita dugu, izan ere, 1664an Kontzejuak ezabatu egin baitzuen San Juan eguneko meza nagusia Azitainen emateko ohitura zaharra (las juntas se han hecho de tienpo inmemorial en los días de San Juan de junio en la hermita de Nuestra Señora de Azitayn),  bero larregi egiten zuelako eta Azitain herritik urrun geratzen zelako. Harrez geroztik meza parrokian ematen hasi ziren eta mezaren ondoren ‘Ulsaga’ auzoko San Juan ermitara joaten ziren. 

1863. urtean, San Juan Bautista ermita txikia (7x6 m) oraindik jendearentzako zabalik zegoen, baina 1866. urteko urtarrilaren 21ean, Untzagako plaza handitzeko, Juan Antono Erbite kontratatu zuen Udalak, ermita lekuz aldatzeko; 1866ko maiatzaren 15erako, amaituta zeuden lehengo lekutik aldatzeko obrak. Plazaren mendebaldean zegoen Erregetxearen ondora eraman zuten. Erregetxea 1847 urtean eraiki zen; Udalak, 1845ean, Bustinduitarren jauregia edo Juan Estebanekoa, haren ondoko etxe bat eta ortua erosi zituen Arma Fabrika jasotzeko. Bustinduitarren jauregia berriztu eta hura izan zen jaso zen Erregetxea.

Ermitak ez zuen urte asko iraun leku berrian, 1899. urtean, Ramón Cortazar arkitektoak plaza handitu eta udaletxea egiteko zuen proiektua aurrera eramateko, ermita bota egin baitzuten beste eraikin hauekin batera: Untzagako dorretxea, Amigonekua etxea eta Erregetxea.

Apezpikuari berba eman zitzaion udaletxe berrian San Juanendako kapera bat egingo zela. Eta egin omen zen, baina erabili ez, ermita zaharreko aldarea eta San Juanen irudia herriko ospitalera (gaur egungo San Andres egoitza) eraman zituztelako. Baserritarrak orain dela 40 urte arte hara joaten ziren San Juan eguneko sorba bedeinkatzera; orain Azitainen egiten da.

Bideoak

Jabier Elortza: San Juan ermita, gaur egungo Untzaga plazan

Mapa