Trust Eibarrés

Eraikin industriala, c.a. 1957 - 1958 / (cat)1961 (Ramón Martiarena Lascurain )
Murrategi 9

Deskribapena

Trust Eibarrés Eibarko enpresa enblematiko bat da, kartutxoak fabrikatzen jardun duena historikoki. Jatorrizko tailerra Txontako goialdean zegoen. 60ko hamarkadaren hasieran Azitainen eraiki zituzten instalazioetara joan ziren, eta han jarraitzen dute gaur egun ere. Estiloak ez du zerikusirik garai hartako industria-arkitekturarekin. Bere teilatu inklinatuaren eta formatu txikiko leihoen eraginez, bizitegi-arkitekturaren itxura handiagoa du industria-arkitekturarena baino.

Airetik

Planoa

Sintesi dokumentala

Trust Eibarrés Eibarko enpresa enblematiko bat da, kartutxoak fabrikatzen jardun duena historikoki, nahiz eta hasieran, 1926. urte inguruan, eskopetak ere egin zituzten.

Jatorrizko tailerra Txontako goialdean zegoen [TX-16], eta bulegoa eta banaketa-biltegia Urkizuko beheko solairu batean; batetik besterako bidea astoekin eta gurdiekin egiten zen.

60ko hamarkadaren hasieran Azitainen eraiki zituzten instalazioetara joan ziren, eta han jarraitzen dute gaur egun ere.

Estanislao Aramberri Mallaviabarrenak (enpresaren zuzendari gerentea) 1958ko abenduan [6891.18] eskatu zuen enpresa eraikitzeko baimena, Ramon Martiarena arkitektoaren proiektu bati jarraituz.

Proiektuaren arabera, lursailak kokatuta zeuden poligonotik bereiztea eskatu behar izan zuten, Hirigintza Antolaketa Planean jasotzen denez: enpresarentzat 66bis poligonoa egokitu zuten. Halaber, lursaila landa eremukoa zenez, lan batzuk egitea aztertu behar izan zuten, esaterako, bidea zabaltzea, ur-erreka partzialki estaltzea eta zubia indartzea, beren industriarako sarbide egoki bat izateko.

Industria-instalazioa bereziki kartutxoak ekoizteko zegoen diseinatuta, eta segurtasun-neurri handiak zituen bolborarekin lan egiteko (hortik herritik urrun egotea). Bi pabiloi zituen, bata kartutxoen bidalketak egiteko eta bestea kartutxoak kargatzeko; horrez gain, zortzi bolborategi zeuden.

Pabiloiak luzeskak ziren eta plazatxoaren bi aldeetan zeuden, elkarrengandik 20 metrora; bolborategiak, berriz, bidean gora zeuden eta haien artean ere tarte handi samarra zegoen, leherketak saihesteko.

Hormigoi armatuzko eraikuntza xumeak ziren, teilatu inklinatuekin burutuak. Karga-pabiloia lan egiteko lekua zen, eta solairu bakarra zuen, azpian erdisoto txiki batekin; kartutxoak kanpora bidaltzeko pabiloian, berriz, produktuak biltegiratzen ziren: beheko solairua eta lehen solairua zeuden, igogailu batez eta eskaileren bidez lotuak.

Pabiloiak martxan jartzeko, sarbideko zubia sendotu beharra egon zen, Estanislao Aramberrik 1960ean aurkeztutako eskabidean azaldu zuen bezala. Obren arduraduna Ramon Martiarena izan zen atzera ere, zeinak zubiaren bi arkuak errekan behera metro bat zabaltzea proposatzen zuen, galtzadak gutxienez 4 metroko zabalera izateko, eta bi aldeetako espaloiek 1 m [6900.11].

Hasierako eraikuntza eta sarbideen eraberritzeak egin ondoren, enpresak han bertan jarraitu du, eta harrez geroztik hainbat mantentze-lan egin dira:

Bolborategiak ordeztea [6989.02].

 

1972an, zortzi bolborategien gainean lur-jausi ugari gertatu ondoren, planteatu zuten osorik ordeztea, edukiera handiagoko bi biltegi berri eraikita.

Lur-jausiek, kalteez gain, arriskua ere eragin zezaketen; hortaz, Luis Portillo ingeniariak 2.000 k-ko bi bolborategi eraikitzea diseinatu zuen, elkarrengandik eta tailerretatik 50 m-ko distantzia batera bereizita.

Segurtasun-neurri handiak zituzten: hormigoi armatuzko egitura sendo bat zuten, aireztapen-sistemak, instalazio elektriko berezia, kanpoko ureztatze-ahoak eta su-itzalgailuak barruan.

Nolanahi ere, exekuzio-prozesuan zehar, obraren ingeniari zuzendariak, terrenoaren baldintza eskasak ikusita, aldatu egin zuen proiektua, eta biltegietako euste-hormak luzatu egin ziren[6989.01].

Kartutxoen pabiloia handitzea [7019.05].

 

1977ko otsailean, Julio Errasti Aramberrik, Trust Eibarren SA enpresaren gerente gisa, baimena eskatu zuen kartutxoak kargatzeko pabiloia handitzeko.

Proiektua Domingo Goitia ingeniari industrialarena zen, eta proiektuaren memorian obraren aurrekariak zehazten zituen.

Itxura denez, 1972ko apirilean, Estanislao Aranberrik jada eskabide bat egin zuen fabrikaren produkzio-ahalmena handitzeko, eta 29 milioitik 39 milioi kartutxo ekoiztera pasatzeko. Hala ere, haren heriotzak zuzendaritza berria eskabidea bertan behera lagatzera behartu zuen, eta 1974ko ekainean beste instantzia bat egin zuten 60 milioi kartuxoko handitze bat eskatzeko.

Hainbat arrazoi tarteko, ezin izan ziren obrak egin, eta 3 luzapen ere eskatu ziren. Azkena 1977ko urtarrileko proiektua izan zen. Handitze-obra hori karga-pabiloiari atxikia zegoen; bertan, kartutxoen produkzio automatizatuko lerro bat zegoen, markaren inprimaketa egiten zen eta kartutxoak kaxetan enbalatzen ziren.

Gaur egun instalazio horietan jarraitzen du enpresak.

Signaturak

Mapa