Valentín Sáez

Eraikin industriala, 1940 / (cat) 1953 (Faustino de Basterra )
Matsaria 8

Deskribapena

1946ra arte eraiki ez arren, Acha y Basterra besaulkien enpresa fabrikatzaileak 1940an hasi zituen eraikitzeko izapideak. Valentin Saezen jardueratik eratorritako ebanisteria-enpresak artean aktibo jarraitzen du tailerrean. Etxabean tailer mekaniko bat dago, eta aldameneko bidetik sarbidea duten etxebizitzak erabiltzen dira oraindik. Eibarko industria-ondarearen ezaugarriak ditu: forma irregularreko orube aldapatsu batera egokitzea, erabilerak uztartzea, eraikina fase ezberdinetan egina egotea eta izkinan duen alaka kurbatua.    

Airetik

Planoa

Sintesi dokumentala

1946ra arte eraiki ez arren, Acha y Basterra besaulkien enpresa fabrikatzaileak 1940an hasi zituen eraikitzeko izapideak.

Matxaria hazten ari zen industriagune bat zen, izan ere, bonbardaketaren ostean BOJ [M-03] eta Pablo Soroa [M-01] tailerrak eraikitzen ari ziren inguruetan, eta lehenago ere bazen bertan Arma eta Munizioen Espainiar Sozietatearen tailerra (geroago ABC izango zena).  [M-04].

Faustino de Basterra arkitektoaren proiektu batekin, eraikinak uztartu egiten zuen bulegoen ekoizpen-espazioa salmenta-erakusketetarako espazioarekin, eta forma orubearen eta lursailaren pendizera egokitzen zen.

Hala ere, ez zen eraiki. Desadostasunak egon ziren, eraikinak zabalera gutxi ematen ziolako kaleari; hala ikusten da bai inguru horretako industrialariek eta bizilagunek sinatutako eskaeran 6858.57, bai Acha y Basterraren alegazioetan ere 6858.25.

Azkenean, industrialariek obra-eskabide berri bat egin arren, non aldaketa nagusia zen kaleak 7 m-ko gutxieneko zabalera bat izango zuela, eta nahiz eta eskaera Udalean onartu 1941eko udan 6858.60, tailerra ez zen gauzatu. Bidea zuzen egiteko nahitaez lursail batzuen trukea egin behar zen, eta agian horrek eragingo zuen obren atzerapenean.

Tailerraren eraikuntza 1946an hasi zen gauzatzen atzera ere, lursaila Valentin Saezen eskuetara pasatzean; Valentin Saez ebanista zen eta lehenago Arragueta eta Victor Sarasqueta kaleen arteko zeharkalean zeukan tailerra. Felipe Anitua Guisasola ingeniariaren proiektuan oinarrituz, hasieran tailer xume bat aurreikusten zen etxabea eta solairu bat izango zuena, aurreko proiektuaren modu berean kokatua, 7 metroko gutxieneko pasabidea utziz.

Nolanahi ere, eraikitzen ari zirela, baimenak izapidetu ziren beste solairu bat gehiago egiteko industriarako, eta haren gainean etxebizitzetarako buhardilla bat jartzeko, Jose Ramon de Basterra arkitektoaren proiektuan oinarriturik 6865.04. Era berean, atzeko aldean, etxebizitzetarako sartzeko auzobidea egin zen 6864.05.

1957an, Jose Ormaechea SCR (Solac) enpresak, pixkat bat beheraxeago beste tailer bat zuena Ibargain eta Matxaria kaleen arteko bidegurutzean [JR-04], eraikina handitzeko lanak egin zituen Crispin Garate Muguerzaren eskariz (enpresaren bazkide-gerentea), Diego de Basterra arkitektoaren (aurreko arkitektoaren semea)  proiektuan oinarrituz 6888.09. Handitze-lana hauxe zen:

  • Bolumen bat gehitzea eraikiaren aurrealdean, Matxaria kalearen eta bidearen artean.  Bolumenak alaka kurbo bat zeukan eta eraikinaren ezaugarri nabarmenena bihurtu zen.
  • Beheko solairuan hustuketa bat egitea, erdisotoko azalera hori irabaziz.
  • Eraikina handitzea ezkerraldean, hiru solairu eraikiz.

Gaur egungo eraikina ikusita, obra horiek proiektuaren arabera egin ziren.

Jose Ormaechearen enpresak aspaldi utzi zion eraikin horretan lan egiteari. Hala ere, Valentin Saezen jardueratik eratorritako ebanisteria-enpresak artean jarraitzen du tailerrean.  Etxabean tailer mekaniko bat dago, eta aldameneko bidetik sarbidea duten etxebizitzak oraindik erabiltzen dira.  

Gainontzean, 2006ko HAPOk eraikin hau antolamendu zona geroratuzkotzat sailkatua du; beraz, bertan egin daitezkeen berrerabiltze- eta birkonpontze-lanak oso mugatuta daude, nahiz eta haren egoera nahiko ona izan.

Signaturak

Mapa