José Antonio Ponte Picavea
Ikasketak: Arkitektoa
José Antonio Ponte Picavea (1903-1969)
José Antonio Ponte Picavea Irunen jaio zen, 1903ko maiatzaren 13an. Ama, Dolores Picavea Leguía, etxekoandrea zen eta aitak, Enrique Ponte Rodríguez, aduana-agentzia bat zuen. Familia Irunen bizi izan zen beti.
Umetan eta gaztetan jaioterriko San Marcial eskolan ikasi zuen. Arkitektura ikasketak Madrilgo Arkitekturako goi mailako Eskola Politeknikoan egin zituen, eta 1929an graduatu zen.
Bere ibilbide profesionala Gipuzkoan bertan garatu zuen eta formazio akademiko ortodoxoa jaso bazuen ere, arrazionalismo modernora ondo moldatzen jakin zuen. GATEPAC (Arkitektura Garaikiderako Espainiako Arkitekto eta Teknikarien Taldea) elkarteko kide izan zen 1933tik 1936ra, gerra zibilarekin elkartea desagertu zen arte. Hasierako lanak Irunen egin zituen, Luis Vallet arkitekto iruindarrarekin batera, eta, besteak beste, Irungo Kasino Elkartea (1938) eta La Perla lantegia diseinatu eta eraiki zituen.
Arkitekto garrantzitsua izan zen gerra ondorengo berreraikuntza-lanetan, eta Joaquín Domínguez Eloseguiren esanetara jardun zuen, hasieran Direccion General de Regiones Devastadas y Reparaciones (1938) izeneko erakundean eta ondoren Obra Sindical del Hogar (1941) delakoan. 1941 eta 1947 artean egin zituen Eibarren berreraikuntza-lan gehienak. Eibarkoa amaitu ondoren, Pontek Gipuzkoako beste zenbait herritan ere egin zituen berreraikuntza-lanak.
Hona hemen arkitekto bien artean gure herrian egindako lan batzuk:
- Orbeako Frontoia (1944), Orbea enpresaren enkarguz.
- Merkatu kaleko 1. auzo-etxea edo ”El Casco”-ko etxebizitzak (1944)
- Arancetatarren Etxea. Errebal kalea, 15 (1945)
- Basterratarren Etxea. Julian Etxeberria, 9 (1946)
- Maria Angelako etxadia (1947)
- Agustín Churrucaren etxea (1951) – Julian Etxeberriako 3.,5. eta 7. zenbakiak.
Bakarka ere aritu zen Ponte Eibarren. Azpimarratzekoa da Azitaingo hiltegia, 1953an eraiki zuena.
Irunen, hainbat kargu izan zituen arlo pribatuan zein publikoan: Real Unioneko presidente (1937), udal arkitekto (1940), Kasinoko presidente (1943-1954), Udaleko ordezkari sindikal (1948), zinegotzi eta Alkateorde (1949-1955) eta Urbanismo eta Obrak batzordeko presidente (1954). Gainera, El Bidasoa egunkariko kolaboratzailea ere izan zen.
Rafael Picavea Leguía politikari eta enpresaburua bere amaren anaia zen, eta Enrique Ponte Ordoqui arkitektoaren osaba da.
1969ko azaroaren 22an hil zen Irunen, 66 urte zituela.
María Ángela (Errebal) eta Bidebarrieta kaleko etxadiaren planoa, 1941an diseinatua eta 1947an eraikia. Iturria: Muñoz Fernández, F. J. Gerraosteko Euskal Herria eraikitzea: Eibarko berreraikuntza (1937-1957)
Eibarko eraikinak
Olave Solozabal y Cia. (El Casco)
CENTRO BAJO