Olave Solozabal y Cia. (El Casco)
- Eraikin industriala, 1938
(Joaquín Domínguez Elosegui,
José Antonio Ponte Picavea,
Raimundo Alberdi Abaunz
)
Blas Etxeberria 1 - 3
Deskribapena
Juan Olavek eta Juan Solozabalek sortu zuten enpresa, 1920an. 1938an tailer berri bat eraiki zuten Pagaegin eta han garatu du historikoki bere jarduna El Casco enpresak. 1961ean etxebizitza-bloke bat eraiki zen Pagaegiren beste aldean eta 1968an tailerraren aurreko aldea handitu. 1980 aldera beste instalazio batzuetara joan zen. Bulegoko artikuluak ekoizten zituzten, boladun grapagailu enblematikoa, besteak beste. El Casco enpresak Elgetako instalazioetan jarraitzen du jardunean fundatzaileetako baten bilobaren zuzendaritzapean. Eraikina bota egingo da etxebizitzak egiteko.
Bideoak
Alberto González: "El Casco" markako arkatz-zorrozkailua
Argazkiak
Informazio gehiago
El Casco 1920an sortu zen, 22 urteko bi behargin elkartu zirenean: Juan Olave eta Juan Solozabal, biak ere Orbeako langile ohiak.
Hasieran batez ere pistolak ekoiztu zituzten beste fabrikatzaile batzuen markekin, lehenik Ardantzako lokal batean eta geroago Gisastubideko tailer batean. Bere merkatu handiena Estatu Batuetan zegoen eta 29ko Krisialdiak bete-betean eragin zion enpresari.
Bazkide berriak sartu ziren, enpresa berriz ere aurrera ateratzen lagundu zutenak; fabrikazioa bulegoko artikuluetara bideratu zen. “Un aparato cose papeles” izeneko 1932ko patenteak markaren grapagailu boladun enblematikoaren berri ematen digu.
Gerra zibila amaitu aurretik, tailer berri bat eraiki zuten Pagaegin. Huraxe izan zen lehen hazia, eta gerora eraikitako multzoak ia kale osoa hartuko zuen herriaren erdigunean.
Enpresa hazten eta instalazioak zabaltzen joan zen, 60ko hamarkadan 450 langile eta eraikitako 8.000 m2 baino gehiago izateraino.
Eraiakinen multzo horretan, kontrastea egiten du gune industrialak estilo klasikoko “jauregiarekin", bazkideen etxebizitza zena. Industria gunean nabarmentzekoa da errezel-horma metalikoa, Blas Etxeberria kaleko fatxadakoa, izan ere, lehen adibideetako bat izan daiteke Euskal Herrian eraikuntza-teknologia hori erabiltzen.
El Casco enpresak jardunean jarraitzen du fundatzailearen bilobetako baten zuzendaritzapean, Elgetako instalazioetan.
Gaur egun, eraikina ez da erabiltzen, eta aurreikusita dago multzoaren industria-zatia botatzea etxebizitzak eraikitzeko eta Jardiñeta-Muzategiko atzealdea birmoldatzeko.
Informazio gehiago
- El Casco (EVO) PDFa
Sintesi dokumentala
Artxiboetan egiaztatu ezin izan bada ere, Juan Olavek eta Juan Solozabalek sortutako enpresak Ardantzan hasi zuen bere jarduera 1920an, etxabe batean. 1930 urte inguruan Gisastubide 1era (Txonta) joan ziren eta han zurezko egiturako tailer bat eraiki zuten. Azkenean, 1938an hormigoi armatuzko tailer berri bat eraiki zuten Pagaegin, eta han garatu du historikoki bere jarduera El Casco enpresak.
Azpimarratzekoak dira Eibarko gune honek izan dituen aldaketak (ikus eskemak):
-
1925ean alhondiga Ibarkurutzen zegoen (ikus argazkia), gaur egun BOJ enpresaren bulegoak dauden lekuan. Pagaegi kalea gurdi-bide bat baino ez zen, alde batean eskailera-maila batzuk zituela.
-
1928an, obra batzuk proiektatu ziren Pagaegiko bidea zabaltzeko eta gune horri ibilgailuen sarbide bat emateko (El Casco izango zena), bai eta Ibargaineko edo Matxariako tailerrei ere.[C5-43.05]. Bidea zabaltzeko,eraikin batzuk bota behar ziren eta eragindako lursaila birpartzelatu.
-
1935a baino lehen, alhondiga berria eta beste udal bulego batzuk eraiki ziren komentuko lursailen mugan.
-
1937an Eibar bonbardatu zuten; Maria Angelako (Errebal) etxebizitza-eraikinak eta agustindarren komentua suntsitu ziren.
Industria-ekimenak erreakzionatzeko ahalmen handia erakutsi zuen bonbardaketaren ostean; izan ere, industria-edifizio nabarmen pila bat eraiki ziren gerra amaitu aurretik, besteak beste Olave y Solozabal tailerra. 1938ko artxiboak [685424 8] jasotzen du tailerra eraikitzeko Raimundo Alberdik idatzitako proiektua. Pagaegirako igoeran dago kokatua, izkina eginez Muzategi kalearekin, aldameneko fatxada suntsitutako komentuaren lursailen ondoan duela. Haren oin-forma irregularra da, ostean alhondiga errespetatu egin behar baitzuen; horrek justifikatzen du eraikinaren gune horren lerrokadura zeiharra.
3 solairuko hormigoi armatuzko tailer honek, aldapan eraikia, aurrerapen handia dakar Gisastubiden zituen aurreko instalazioekin alderatuta, bai azaleran bai edukieran. Hala ere, Gisastubideko tailerrak jarduerari eutsi zion, eta hainbat enpresaren alokairurako erabili zen, sarritan enpresa laguntzaileak.
1940ko martxoaren 9an Eibar Suntsitutako Eskualde izendatu zuten, eta Errebal inguruan eskonbroak ateratzeko lanei ekin zitzaien (etxebizitzak eta komentua). Eibar berreraikitzeko Suntsitutako Eskualdeen Antolamendu Plana Joaquin Dominguez Elosegui eta Jose Antonio Ponte Picavea arkitektoen kargu geratu zen. Arkitekto horiek Merkatu Plaza berriaren eraikuntzan ere parte hartu zuten, bai eta El Casco tailerraren handitze-lanetan ere, komentu zaharraren lursailetan.
1944ko obra-artxiboak 6862.48 jasotzen du arkitekto horiek idatzitako proiektua Echeberria, Gabilondo, Solozabal, Ciorraga eta Olave jaunen etxea eraikitzeko (bazkide berriak sartuak ziren enpresan). Eraikinak beheko solairua gehi 5 solairu zituen, eta seguru asko 5 bazkideentzat izango ziren etxebizitzak. Erabilitako estilo arkitektonikoa erregimenaren estatu-ekimeneko eraikinen antzekoa da; horixe da, esaterako Merkatu Plazaren edo Coliseoaren estiloa, eta bietan parte hartu zuten arkitekto horiek.
Etxebizitza-eraikinaren jauregi-estiloak kontrastea egiten du geroago egin ziren industria guneetan erabilitako estilo arrazionalistarekin, haiek ere Joaquin Dominguez Elosegui arkitektoak diseinatutakoak. 1945eko obra-artxiboan 6863.64 zehazten da Muzategiko hormaren kontra eraiki zen handitzea-lanaren aurretik egindako hondeaketa.
Fabrikaren handitze-lan horren proiektua 1946ko obra-artxiboan 6864.15 dago jasota. Zabaltze lanak bi zati ditu ondo bereiziak:
-
Industria-blokeak, beheko solairu eta bost pisukoa, aukera ematen du enpresaren industria-azalera bikoizteko. Muzategiko hormaren kontra eraiki zen, jatorrizko tailerraren anpliazio gisa, eta eraiki berria zen etxearen ondoan geratu zen. Etxebizitza-eraikinaren altuera berera iristen da eta osatu egiten du fatxada. Estilo arrazionalista dauka, apaindurarik gabea, eta bao zabal etzanak konbinatzen ditu bi urradura bertikalekin aldamenetan, etxebizitza-eraikinaren jauregi-estiloarekin kontrastea eginez.
-
Beheko solairuan zabaltze-lan bat egin zen, txikiagoa, alhondigaren lerrokadurari jarraituz. Aurrealdean proiektatuta zegoen kalearen lerrokadura errespetatu zen (gaur egun Blas Etxeberria kalea).
1947ko obra-artxiboaren arabera 6866.04, handitze-lanak egin ziren estalkian. Oin bateko bi biltegi dira gune ezberdinetan jarriak. Seguru asko produktu sukoien biltegiak ziren, horregatik jarriko ziren segurtasun-distantzia batera kate-erreakzioa saihesteko.
Hurrengo urteetan, tailerrak bere horretan jarraitu zuen, nahiz eta inguruan edifizio batzuk eraiki, esaterako,Coliseoa; bestalde, Blas Etxeberria kaleko bidea ireki zen, horretarako traba egiten zuen udal eraikuntzaren bat partzialki bota behar izan bazen ere.
Antza denez, 1961a baino lehen enpresak alhondiga eta haren lursailak erosi zizkion Udalari. 1961eko obra-artxibotik 6902.21 ondorioztatzen da hori, izan ere, ate bat irekitzea eskatzen da tailerra eskuratu berria den gunearekin lotzeko.
1961ean, etxebizitza-bloke bat eraiki zen enpresaren ekimenez Pagaegiren beste aldean (gaur egun Ibargain kaleko 2 zk.a), 1961eko obra-artxiboan 6902.21 jasotzen denez. Etxebizitza-bloke hori trenbidearen gainean dago. Egoera-planoan marra etenez ikus dezakegu tunel antzeko bat, Pagaegi kale azpitik pasatzen dena, eta tailerra trenbidearekin lortzen zuena. Tunel horren atea ikus daiteke oraindik tunel-sarreran. Horrek ahalbidetu egiten zuen enpresa treneko biltegiarekin lotzea, merkantzia gehienak handik banatzeko. Ahozko informazioaren arabera, tunel hori erabili izan zen harik eta tailerretik trenera zihoan bagoneta bat irauli eta trenbidearen gainean jausi arte. Hortik aurrera, deuseztatu egin zen sarbidea.
1968an, tailerraren aurreko aldea handitu zen, 1968ko obra-artxiboan 6939.13 jasotzen denez. Proiektuaren eta obra-zuzendaritzaren arkitekto arduraduna berriz ere Joaquin Dominguez Elosegui izan zen. Handitze-lan garrantzitsua da eta berriz ere enpresaren industria-azalera bikoiztu zuen. Bolumen handia osatzen du etxe-uhartea itxiz fatxada nagusia Blas Etxeberria aldera duela. Eraikuntza moderno baten gisara diseinatu zen, eta asmoa zen okupatzen zuen industriaren abanguardia transmititzea. Nabarmendu egiten da fatxadaren egitura metalikoa; Gipuzkoan eraiki ziren lehenetariko errezel-hormak izan ziren. Halako fatxadak arkitektura modernoaren elementu nagusi izatera pasa dira.
Handitze-lan hori ez zen diseinatu zen moduan eraiki, eraikinak berak erakutsi eta 1970eko espedientean jasotzen den bezala 6957.03. Aldaketek nagusiki sotoei eragin zieten, ez baitziren jasotzen jatorrizko proiektuan. Sotoak garaje gisa erabiltzeko egokitu ziren.
Ordudanik, tailerrak ez du aldaketarik izan. El Casco enpresa hor egon zen 1980 ingurura arte. Gaur egun industria-gunea ez da erabiltzen eta ordenamenduz kanpo dago. Bota egingo da etxebizitza-bloke berriak egiteko.
Signaturak
- 1928 - C5 43.05
- 1938 - Sig..6854.24
- 1938 - Sig..6855.50
- 1944 - Sig..6862.48
- 1945 - Sig..6863.64
- 1946 - Sig..6864.15
- 1947 - Sig..6866.04
- 1961 - Sig..6902.21
- 1961 - Sig..6902.22
- 1968 - Sig..6939.13
- 1970 - Sig..6957.03 + ikusi