Aibe

Eraikin industriala, (cat) 1967
Gisastubide 5

Deskribapena

Graciaga forja eta torloju-fabrikak lursaila eskuratu ondoren, 60ko hasieran eraiki zen tailerra. Geroago eraikina Industrias Aibe enpresaren eskuetara pasatu zen, eta han jarraitu zuen, harik eta 2016 inguruan Matxariako industrialde berriaren instalazioetara joan arte. Gaur egun ia 3.000 m2-ko eraikin hau egoera onean dago, eta nahiz eta asko ez erabili, badira enpresa edo biltegi txikiak bertan.

Airetik

Planoa

Sintesi dokumentala

Gisasturako bide ondoko lursailak Izarra y Ormaechea enpresarenak ziren, eta 1947ko azaroan industria-eraikin bat jasotzea eskatu zuten bertan [6866.54].

Partzela horretan zaila zen lan egitea, lursailaren pendiza eta sarbide malkartsua zirela-eta. Planteatzen zuten hormigoi armatuzko tailer bat eraikitzea, oin laukizuzenekoa eta 6 solairukoa (2 erdisotoan), Txontako errekaren oinetan geratuko zena. Nolanahi ere, tailerra ez zen egin.

Lursaila Garaciaga forja eta torloju-fabrikaren eskuetara igaro zen, eta tailerra 60ko hasieran eraiki zen [6902.04].

Lehenik, 1960ko urrian, María Gáratek, enpresaren izenean, Udalari baimena eskatu zion lur-mugimenduak hasteko harik eta proiektuari oniritzia eman arte; eta handik bi astera, eskatu zuen soto-solairua eta erdisotoa eraikitzea, Maximo Trincado Solozabal ingeniari industrialaren egitasmoan oinarrituta.

Mendi mazelaren kontra eraikitako edifizio bat zen, eraikinaren ostean egitekotan zen errepideari egokitua. Sotoan forja eta lehengaien biltegia zegoen, eta erdisotoan eta etxabean mekanizatua eta produktuen biltegia. 1., 2. eta 3. solairuak negozioaren anpliazioetarako erabiliko ziren, eta azken solairuan zaintzailearen etxebizitza egongo zen.

Eraikinari zegokion 58. poligonoaren antolaketa artean ez zegoenez zehaztuta, Batzorde Probintzialak proposatu zuen baimenik ez ematea. Hala ere, Maria Angela kalean zuten tailerrak auzokideei eragozpenak sortzen zizkienez, Udalak interes handia zeukan industria hori lehenbailehen beste leku batera eramateko, eta, hortaz, baimena eman zieten.

Azkenean eraiki zena ez zen jatorrizko egitasmo hura izan. Asko sinplifikatu zen eta detaile apaingarriak ezabatu, baina oro har bolumetria berbera izan zen.

Geroago eraikina Industrias Aibe enpresak eskuratu zuen, eta han jarraitu zuten, harik eta 2016 inguruan Matxariako industrialde berriaren instalazioetara joan ziren arte.

Gaur egun ia 3.000 m2-ko eraikin hau egoera onean dago, eta nahiz eta asko ez erabili, badira enpresa edo biltegi txikiak bertan.

Signaturak

Mapa