Barrena-32
- Eraikin industriala, (cat) 1948
(Raimundo Alberdi Abaunz
)
Barrena 32
Deskribapena
Edifizio hau eraikin mistoaren adibide bat da, alegia, erabilera industriala eta etxebizitzak eraikin berean daude. 1947an eraiki zuen Manuel Retolazak eta asmoa zen eraikitako bolumenari ahalik eta errentagarritasun handiena ateratzea, tailerrak eta etxebizitzak saldu eta alokatzeko. Eraikin honen zati industriala hainbat enpresak erabili zuten.
Argazkiak
Informazio gehiago
Industria eta etxebizitzak eraikin berean izatea Eibarko industria-ondarearen ezaugarri bereizgarrietako bat da, nahiz eta beti egon erabilera bat bestearen gainetik nagusitzen dena. Kasu honetan, proportzio hori orekatua dago, erdia industria eta beste erdia etxebizitza baita.
Edifizio hau eraikin mistoaren eredu da, alegia, etxebizitzen bloke bi industria-bloke baten gainean.
Eraikina 1947an jaso zuen Manuel Retolazak, herriko industria-gizonak; haren asmoa zen eraikitako bolumenari ahalik eta errentagarritasun handiena ateratzea, tailerrak eta etxebizitzak saldu edo alokatzeko. Bere seme José Retolazak ere eraikuntza alorra sustatu zuen.
Eraikin honetan ekosistema bat sortu zen, non era ezberdinetako espazioek bat egiten zuten: Bar Donosti beheko solairuan; tailerrak lehen lau solairuetan: bertan egon ziren, besteak beste, ciclos Gamma (bizikletak), Silca (seiscientoserako segurtasun-uhalak...), mecanizados DEJ; eta goiko solairuetan 12 etxebizitza.
Gaur egun industria-solairuetako enpresak desagertu egin dira, eta haietako bi birmoldatu etxebizitzak izateko; beheko solairuan, berriz, bizikletak konpondu eta saltzeko denda bat dago.
Sintesi dokumentala
Eraikin hau Manuel Retolaza industrialari eibartarrak egin zuen; inbertsioaren xedea tailerrak eta etxebizitzak saldu edo alokatzea zen. Eraikinaren jatorrizko proiektua jasota geratu zen 1947ko obra-artxiboan 6866.56.
Ondamendi inguruan kokatu zen, Aya Durex fabrikaren parean; gaur egun, Barrena kalea, 32.zk. da. 1947an, inguru horretan ez zegoen etxe askorik, eta zeudenak txiki samarrak ziren. Alde horretan zeuden Hijos de A.Gabilondo eta Ayra Durex fabrika handiak, erreka gainean eraikiak, eta altuera handirik ez zutenak.
Eraikin berriak, aldiz, 20 m zituen fatxada nagusian, eta atzealdean altuera handiagoa. Eraiki zen unean, haren ondoan tailer txiki bat zegoen, beheko eta lehenengo solairua zituena (Rodisa), eta, beste aldean txalet bat.
Proiektua Raimundo Alberdi arkitektoak idatzi zuen; arkitekto horrek eraikin ugari proiektatu zituen herrian. Oso diseinu berezia dauka: modu harrigarrian konbinatzen dira tailerraren erabilera eta bizitegi-erabilera. Ezaugarri horrek bereizten du hain zuzen Eibarko industria- ondarea.
Esan genezake edifizioa industria-eraikin baten gainean etxebizitzen bloke bi gainjarrita eraikita dagoela. “H” formakoa oinean, aldamenetan bi patio ditu, eta haren sekzioa terrenora egokitzen da.
Arkitektoak berak hala deskribatzen du proiektua: “la superficie en planta completa es de 582 metros cuadrados; el declive del terreno obliga a ir disminuyendo esta superficie en las plantas bajas. La construcción forma unidad hasta la planta 4; aquí se divide en dos partes separadas por una terraza descubierta de 14m de largo por 3 de ancho, que da su acceso a 4 viviendas en la parte que da a la calle y a 8 en la posterior. (…) Los talleres ocupan tres plantas, servidos también por una amplia escalera y un montacargas”.
Tailerraren eraikuntzak zorrotz erantzuten dio jatorrizko proiektuari. Bolumen indartsua da, 4 baoko fatxada lauarekin. Lehenengo 4 solairuek bao zabalak dituzte eta egitura metalikoa erabilera industrialerako; azken bi solairuek, berriz, leiho txikiagoak dituzte, etxebizitzetarako dira-eta.
Fatxadan arkitektoaren berezitasun estilistiko batzuk nabarmentzen dira. Leiho industrialen azpiko molduretan, esaterako, erdian erronboide formako pieza bat dago. Eraikinaren goialdean balkoi bat dago hegalean ertz borobilduak dituena, eta estalki gisa hormigoizko habe-egitura bat. Halaber, azpimarratzekoa da fatxadan zutabeek hartzen duten forma eliptikoa.
Eraikinak bi eskailera-gune ditu. Bata karga-jasogailu batekin lehen 4 industria-solairuetarako, eta beste gune bat etxebizitzetarako igogailurik gabe. Eskaileren bigarren gune hori terraza batera iristen da, eta han dauden etxebizitza-blokeetara joateko sarbidea ematen du.
Jatorrizko proiektuan ez zegoen elementu bat sartu zen: kanpo-igogailu bat jarri zen eskailera gunearen ondoko patioan goiko terrazara iristeko. Ez da topatu horren inguruko obren artxiborik, baina bere tipologiagatik, igogailua ia eraikinarekin batera eraiki zen.
1973an, obra txiki batzuk egin ziren eraikinaren ekialdeko patioan, alde horretako lokalak zabalduz, 1973ko obren artxiboan 6980.02 ikus dezakegun bezala.
Azkenik, 2000. urtean, obrak egin ziren 3. eta 4. industria-solairuak etxebizitza bihurtzeko; proiektua Fernando Garate eta Agustín Oteiza arkitektoek idatzi zuten. Tailer txikien industria-jarduerak behera egin zuen nabarmen, eta seguru asko lokal horiek ez ziren erabiliko. Birmoldatze-obrek ez zuten eraginik izan eraikinaren kanpoko bolumetrian, baina barruan obrak egin ziren eta fatxada aldatu:
-
Eskaileraren ibilbidea aldatu egin zen beheko solairuan. Jatorrizko karga-jasogailu industriala igogailu bihurtu zen.
-
Bi industria-solairuak birmoldatu egin ziren, solairu bakoitzean 8 etxebizitza egokituz. Etxebizitza bakoitzerako sarbidea barruko pasillo batetik egin zen.
-
Fatxada berreraiki egin zen: isolamendu termikoa jarri eta leiho industrial handiak ordeztu egin ziren arotzeria-baoekin, egokiak bizitegi-erabilerarako.
Era berean, beheko solairua eta lehenengoa denda eta bizikletak konpontzeko zerbitzu bihurtu ziren, eta eraikinaren jatorrizko arotzeria aldatu egin zen.