Herriaren Etxea

Eraikin zibila, 1916 (Ramón Cortazar Urruzola )
Untzaga plaza, 18

Deskribapena

1897ko irailean Eibarko Elkarte Sozialista sortu zen eta fundazioan, besteak beste, Aquilino Amuateguik eta Marcelino Bascaranek parte hartu zuten. Hasieratik bazkide asko izan zituen, herriko langile mugimendu gehiena bilduz. 1901ean, Eibarko taldea '¡Adelante!' izeneko aldizkaria argitaratzen hasi zen, eta 1903an lehen aldiz lortu zuen udal-ordezkaritza izatea. Elkartearen ospea Euskal Herrian ez ezik, Espainian ere hedatu zen.

1909an, espazio fisiko bat izatea beharrezkoa zela erabaki zen, eta taldea Bidebarrieta kalean kokatu zen. Hala ere, 1912ko maiatzean, Marcelino Bascaranek, Untzagako plazan eraikitzeko lizentzia izapidetu zuen udaletxean. Ramon Cortazar arkitektoak egin zituen lanak, eta solairu bakarreko eraikina 1916ko urriaren 29an inauguratu zuten.

Herriko etxean jarduera asko antolatzen ziren eta Gipuzkoa osoko Herriko Etxerik esanguratsuena izatera iritsi zen. Eraikinak funtzio politiko eta sindikalak izateaz gain, kultura, arte, kirol eta irakaskuntza arloko ekintzak ere sustatu zituen. Mitinak, kongresuak, hitzaldi politikoak, gaualdi literarioak, musikalak, prestakuntza-jarduerak eta langileen interesen defentsa izan ziren Etxearen helburuetako batzuk. Adibidez, 1934an Kalamua mendian inauguratu zen Tomas Meaberen aterpea Herriko Etxeak sustatutako ekimenetako bat izan zen.

Herriko Etxeak diru-bilketak antolatzen zituen grebalariei laguntzeko eta mutualismoa garatu zuen, kontsumo kooperatiben eta laguntza-mutuen bidez.

Gerra hastean, elkarteak Defentsa Batzordea eta Amuategui Batailoia antolatu zituen. Bonbardaketak gorabehera, eraikinak eutsi egin zion. 1940an nazionalek hartu zuten eta erregimen frankistako sindikatu bertikaleko egoitza bihurtu zen.

1975ean Franco hil zenean, sozialistek Bista Eder kalean zuten egoitza eta Untzaga plazako Herriko Etxea berreskuratzea planifikatu zen. 1977ko abenduaren 23an, PSOEko eta UGTko militanteek eraikina okupatu eta Herriko Etxea berreskuratu zuten.

 

Bideoak

Candido Eguren: "Casa del Pueblo"-aren inaugurazioa

Aurora Bascaran eta Concepción Martinez: Lehenengo sozialista eibartarren borrokak

Candido Eguren: Errusiako iraultzaren eragina Eibarren

Argazkiak

Argazki historikoak

Mapa