JAZ Zubiaurre

Eraikin industriala, ant. 1970 (cat.) 1977
Asua Erreka 7

Deskribapena

Eraikin hau fase ezberdinetan egin zen, tailerra okupatu zuten enpresek bultzatuta: "Manufacturas Elcoro", "JAZ Zubiaurre" eta "Marbil". Elcoro enpresak ilea mozteko tresnak egiten zituen, eta 1947an eraiki zuten tailerra, Aasuaerrekan. 50eko hamarkadan "Marbil"en eskuetara pasatu zen; jarduera nagusia torlojugintza estanpatua zen eta hariztatzeko orraziak, Landis sistemakoak. Ondoren Javier Zubiaurre Ezenarro jarri zen beheko aldean eta hainbat handitze-lan egin zituen bertan. JAZ Zubiaurre enpresa 1997an joan zen Azitainera, eta han jarraitzen du lanean eskuila metalikoen alorrean.

Airetik

Planoa

Bideoak

Eduardo Zubiaurre: JAZ-Zubiaurre: lantegiaren sorrera

Eduardo Zubiaurre: JAZ-Zubiaurre eta Unceta

Eduardo Zubiaurre: JAZ-Zubiaurre: Javier Zubiaurre

Sintesi dokumentala

Eraikin hau hainbat fasetan egin zen tailerra okupatu zuten enpresa desberdinek bultzatuta, hain zuzen ere, Manufacturas Elcoro, JAZ Zubiaurre, eta Marbil.

MANUFACTURAS ELCORO (1947-1952)

Lehen tailerra 1947an sustatu zuen Manufacturas Elcoro SA enpresak, ordurako ibilbide luzea zuena.

Fernando Teodoro Elcoro Maulandak fundatu zuen; Industria-matrikulen arabera, Barrenkale kalean zegon finkatuta, gutxienez 1924az geroztik. Gero, Arrateko pasealekura (gaur egun Barakaldo kalea) joan zen, eta azkenik eraikin berri hau eraiki zuen Aasuaerrekan.

Ekoizpena nagusiki ilea mozteko tresnak ziren, "Espiral" izenarekin komertzializatu zirenak.

Fernando Elcorok 1947ko maiatzean baimena eskatu zuen tailer berria eraikitzeko, Felipe Anitua Guisasola ingeniari industrialaren proiektu eta obra-zuzendaritzarekin 6866.05.

Nahiz eta beste tailer batzuk egon Aasuarrekako bidean trenbidearen tunelaren ondoan (Ochandiano [AS-06] eta Viuda de Ortuoste [AS-01]), eraikin honek formatu eta neurri handiagoak zituen. Igoerako bideari atxikia, edifizioak 60 m-ko luzera zuen.

Proiektuak etxabea eta oin-solairu bat zituen eta lursailaren aldapa gogorra zela-eta solairuak mailakatuak geratzen ziren; nolanahi ere, obra-prozesuan erdisotoa gehitu zitzaion, aldapak berak ahalbidetu egiten zuen-eta. Solairu horien neurriak egiturazko zutabeek osatzen duten 7,5 m x 5m-ko erretikula batez markatuak daude. Beheko solairuak 30x15m zituen, eta lehen solairuak 60x15m. Eraikina erabat funtzionala zen, inolako pretentsio estetikorik gabea, eta teilatua solairu-estalki batez amaitzen zen, altueran handitzea ahalbidetzen zuena.

MARBIL (1952-1968)

50eko hamarkadan, tailer hau Marbil SAren eskuetara pasatu zen. Sucesores de F.Elcoro enpresak tailer berri bat egina zuen eraikin horren ondoan [AS-03] 1952an, eta haien tailerrean Marbil jarri zen .  

Félix Martín Monforte zen enpresaren buruetako bat, zeinak lekuz aldatu aurretik tailer bat zeukan Jardiñetan, industria-matrikulek diotenez. Haren jarduera forja, estanpazioa eta torlojugintza zen, bereziki torlojugintza estanpatua eta hariztatzeko orraziak, ”Landis” sistemakoak.

Tailerra eskuratu ondoren, handitze-lanak egin zituen:

-          1959an, Felix Martin Monforteren eskaeraren arabera, Marbilen izenean eskatu zen atzealdeko patioa (24m x 6m) estaltzea hormigoi armatuzko egitura batekin, Faustino de Basterraren arkitektoaren proiektu eta zuzendaritzapean 6905.13.  

-          1962an, eragile berberek eskatuta, obra berri bat egin zen eta tailerraren ezkerraldean bigarren solairu bat jaso zen. 30m x 15m-ko neurriak zituen, beheko solairuko neurriekin bat etorriz 6905.12.

-          1964an, berriz ere eraikina handitzea eskatu zen bigarren solairua osatzeko, Faustino de Basterraren proiektu eta zuzendaritzapean 6917.32, nahiz eta obra ez zen gauzatu 1968ra arte. Kasu honetan, Angel Bilbatua Lecetak, Marbil SAren izenean, berriz ere baimena eskatu zuen handitze-lana egiteko Faustino de Basterraren proiektu batean oinarrituta 6938.20.

MARBIL – JAZ ZUBIAURRE (1968-1997)

1968an, Bilbatuak kontsulta bat egin zuen definitzeko zein izango zen baimenduko zen gehieneko bolumena, tailerra handitzeko zeukaten lursailean 6939.08.Horretarako, beharrezkoa zen ezagutzea lursailaren topografia eta gune horretan harrobi bat egon zenez (Aasuko harrobia) arazoak izan zituzten hura definitzeko.  Azkenean, erabaki zen artean ere 7.000 m3 inguru baino gehiago eraiki zezaketela, ia eraikitakoa halako bi.

Seguru asko kontsulta hori eraikinaren zati bat Javier Zubiaurre Ecenarroren enpresari (Cepillería Metálica JAZ) saldu aurretik egin zen, izan ere, handik gutxira eraikina eta haren lursailak bi zatitan bereiztu ziren. Goiko aldean Marbilek jarraitu zuen eta behekoan Javier Zubiaurreren enpresa jarri zen.

Enpresa honek (Cepillería Metálica JAZ) ere ibilbide garrantzitsua zuen eraikin honetara etorri aurretik. Jatorriak gerra aurrekoak dira, izan ere, industria-matrikulen arabera, Domingo Zubiaurre Arguiñanok (Javierren aita), tailer bat zuen Arraguetan metalezko eskuilak fabrikatzen zituena. Gerra ostean, Legarreko lokal batzuetara joan ziren eta gero Muzateguira, harik eta 60ko amaieran tailer honen zati bat eskuratu zuten arte.

Tailerra bi zatitan banandu zen, eta beheko zatian Javier Zubiaurre Ecenarrok obra handiak egin zituen:

-          1969ko urtarrilean, baimena eskatu zuen handitze-lan bat egiteko, bera izanik proiektuaren idazle eta obra-zuzendari (peritu industriala zen).  Obra zaila zen, jasotako eraikinaren azpian hondeaketa-lanak egin behar baitziren erdisotoko solairua eraikinaren goiko solairuetako perimetrora iristea lortzeko 6958.13.

-          1969ko abenduan, handitzeko beste eskaera bat aurkeztu zuen, nahiz eta kasu honetan obraren proiektua eta obra-zuzendaritza Faustino de Basterra arkitektoaren esku laga 6980.08. Azalera gutxiko eranskin bat gehitu zen eraikinaren ostean. Tailerra zabaltzeko aukera aztertu zen, uste baitzuten artean ere gehiago eraiki zitekeela.

-          1973an obra handia egin zen. Eskaera Javier Zubiaurrek idatzi zuen eta proiektua Faustino de Basterra arkitektoarena izan zen 6980.09. Anpliazioak 532 oin-m2 hartu zituen, eta jatorrizko tailerrak adina solairu izan zituen, hala, lehendik zegoen tailerraren tamaina bikoiztuz.  Nahiz eta hasieran udal arkitektoak pentsatu eraikitako bolumena gehiegi zela, azkenean erabaki zen obra egitea, aldea ez zela handiegia iritzita.  

Handik aurrera, hainbat obra egin ziren, hala antzematen baita gaur egungo bolumetrian. Hala ere, nahiz eta artxiboan dokumentaziorik ez aurkitu:

-          Marbil enpresak bere tailer-zatia handitu zuen, bi solairu gehiago eraikiz.

-          JAZ enpresak azalera txikiko obra bat egin zuen eraikinaren estalkian, forma kubiko berezi bat emanez.

TAILERRAK HUTSIK (1997-2020)

JAZ Zubiaurre enpresa 1997an joan zen Azitaingo industria-poligonoko oraingo instalazioetara, eta han jarraitzen du lanean eskuila metalikoen alorrean, Zubiaurre familiaren zuzendaritzapean.

Marbil SA enpresak, ordea, utzi egin zuen jarduera.

Hitz batez, eraikina hutsik geratu zen, eta egoera onean egon eta eraikitako azalera handia izan arren, gaur egun ez da erabiltzen, gune horretako ia industria-azalera osoa bezala.

 

Signaturak

Mapa