Lorentzo Tellería S.L.

Eraikin industriala, c.a. 1943 / (cat) 1954 (Raimundo Alberdi Abaunz )
Errekatxu 5

Deskribapena

Lorenzo Telleria industria-gizonak mozketa-, enbalaje- eta artezte-makinak egiten zituen, "Telle" marka komertziala erabiliz nagusiki. 1940an handitze-lan bat proiektatu zuen Errekatxu inguruan eta hor hasi ziren puzzle erara eraikitzen instalazioak eta gerora baita etxebizitzak ere. Aldapa gogor batean mailakatutako sekzioak, erabilera-justaposizioak, eta fase ezberdinetan egindako lanak multzo berezi bat osatzen dute, aldameneko eraikinekin batera, Eibarko industria-ondarearen ezaugarri oso markatuak biltzen dituena. Botatzeko asmoa dago.

Airetik

Argazkiak

Argazki historikoak

Sintesi dokumentala

 

Lorenzo Telleria industrialariak mozketa, enbalaje eta artezte-makinak egiten zituen, "Telle" marka komertziala erabiliz nagusiki.

Gerra aurretik hasi zen, 1934an, estalpe txiki bat eraikiz Gisasola Anaien tailerraren ostean 6853.39.  

1940ean, lehen handitze-lana proiektatu zuen seguru asko estalpea zegoen lekuan, Raimundo Alberdiren diseinu batekin 6857.43.

Errekatxuko ingurune horrek guztiak oso aldapa handia zuen, eta arazoak izan ziren lurren mugimenduak zirela-eta. Hala ere, pendiza ez zen oztopo izan enpresak bere instalazioak hainbat fasetan handitzeko.

Arazoak agerian geratu ziren 1942ko azaroan, beste handitze baterako lur-erauzteak egiten ari zirenean. Ikusi zuten, lurren ezaugarrien eraginez, hasieran aurreikusita zegoen baino askoz ere  hondeaketa-lan handiagoa egin behar zela 6860.58. Erabaki zen hondeaketa Errekatxu kaleraino luzatzea, eta eraikin bat jasotzea sotoko sabaia Errekatxu kalean izango zuena eta haren gainean beste solairu bat. Hormigoi armatuzko eraikin txiki bat zen, eta haren proiektua eta obra-zuzendaritza Raimundo Alberdirena izan zen 6861.06.

Lorenzo Telleriaren instalazioak, beraz, hiru tailerretan banatuta zeuden, bata Errekatxu 3 zk.ko gaurko kokalekuaren ostean, eta beste bi tailer gehiago, kota ezberdinean kokatuak, Errekatxu 5 zk.ko gaurko kokapenean. Eraikuntza guztiak hormigoi armatuz eginda zeuden eta sabai lauak zituzten, etorkizunean beste pisu batzuk gehitzeko aukera emanez.   

1947an osteko aldea handitzea eskatu zuen, atzera ere Raimundo Alberdiri emanez diseinuaren eta obra-zuzendaritzaren enkargua 6866.51. Luzapen bat zen, erdisotoko bi solairuak lotuko zituena Errekatxu 3 eta Errekatxu 5 zenbakietan.

1953an handitze lan bat egin zuen estalkian, Diego de Basterraren proiektuaren eta zuzendaritzapean 6877.56. Bi isuriko estalkia zuen, 62 m2 zituen eta eskailera batek lotzen zuen beheko zatiarekin.

Multzoa nola zegoen ikus dezakegu 1955 inguruan ateratako argazki batean [21031HIF_ER-REC].

Handik gutxira etxebizitzak eraiki ziren eta tailerrak handitu. Lorenzo Telleria SRC enpresak, Pedro Telleriak ordezkatua eta Ramon Martiarenaren proiektu eta zuzendaritzarekin, baimena eskatu zuen eraikin bat jasotzeko, honela banatua: erdisotoa, etxabea, 3 solairu industriarako, eta 4. eta 5. solairuak etxebizitzetarako.

Puzzle erara, erdisotoko gainerako industria-guneak okupatu zituen, eta gainera eraikin bat jaso zuen, 5 solairu zituena lehendik zegoen hormigoi armatuzko egituraren gainean, industria eta etxebizitzak bateratuz. Gure herriko ondarearen bereizgarriak dira horiek, eta eraikin honetan, hain nabarmen geratzen direnez, oso eredu baliotsu bihurtzen dute.

Aurreko argazkiarekin alderatuta, anpliazio honetan [21031HIF_ER-REC] ikus daiteke oraindik ere zutik dirauen zatia.

Izan ere, argazki honetan oraindik ere ageri da gerraurreko egurrezko egiturako eraikina, Errekatxu 3 zk.ra ematen zuena (gaur egungo helbidea). Eraikin hori erre egin zen, eta 1967an haren ordezkoa eraiki zuten, Juan María Aguirregomezcorta sustatzaile pribatuak bultzatua, eta Javier Marquet Artolaren proiektuarekin [6931.06]. Etxebizitza-bloke bat da, etxabea eta 5 solairu dituena; sotoko bi solairuak industria-erabilerarako bideratu ziren eta lehengo tailerrekin komunikatu.  Halaber, osteko industria-zatian bi solairu gehiago egin ziren.  

Aldapa gogor batean mailakatutako sekzioak, erabilera-justaposizioak, eta fase ezberdinetan egindako lanak multzo berezi bat osatzen dute, aldameneko eraikinekin batera, Eibarko industria-ondarearen ezaugarri oso markatuak biltzen dituena.

1988an onartutako Arau Ordenatzaileez geroztik, multzo hau ordenamenduz kanpo dago.  2006ko Plan Nagusiak hala berretsi zuen eta gaur egun multzo osoa botatzeko asmoa dago ingurua zaharberritzeko.

 

Signaturak

Mapa