Pablo Soroa

Eraikin industriala, 1938 (Raimundo Alberdi Abaunz )
Matsaria 1

Deskribapena

Pablo Soroak tailer berri bat eraikitzea erabaki zuen Matxaria aldean, 1938ko martxoan. Eraikinak tailerra eta etxebizitzak izango zituen. Enpresa zapatarien gremiorako lanabesak egiten espezializatu zen, eta, geroago, zapata-orkoiak ekoiztu zituen. Jarduera horreten HEINZA izenarekin segitu zuen, harik eta ixi zuen arte. Kasu honetan, etxearen izaera misto nabarmena eta eraikitze-prozesuan egindako aldaketa baten ondorioz sortutako bolumetria dira eraikuntza enblematiko honen ezaugarri nagusiak.

Airetik

Planoa

Informazio gehiago

Pablo Soroa industria-gizonak Elgetan lan egiten zuen torlojugintzan. 1920ko hamarkadan, Eibarren finkatu zen Estaziño kalean, eta han jarraitu zuen 1937ko apirilera arte, bonbardaketaren ondorioz tailerra suntsituta geratu zen-eta.

Orduan tailer berri bat eraikitzea erabaki zuen Matxaria aldean. 1938ko martxoan, obra-lizentzia eskatu zuen tailer berri hori jasotzeko, Raimundo Alberdi arkitektoaren proiektuaren arabera eta haren zuzendaritzapean. Hasierako asmoa tailer soil bat eraikitzea zen, L formakoa eta bi solairukoa, beheko solairua tailerraren erabilerarako, eta lehen solairua alokairurako.

1938ko urrian, eraikitzeko prozesuan, handitzea erabaki zen, langileen etxebizitzetarako bi solairu gehiago eginda. Horren ondorioz, berriro diseinatu zen eraikina. Arkitekoak, etxebizitzei sarbidea emateko, gorputz bat sartu zuen, eskailera bat sortuz fatxada nagusian.

Konposizio aldetik, nabarmendu beharrekoa da eskailera-bolumenaren tratamendua: berezitasuna ematen dio eraikinari, altuera handiagoa, teilatu propioa, eta bao mailakatu batzuk izateagatik. Bereizgarria da, halaber, behealdeko tailerren eta goialdeko etxebizitzen arteko kontrastea: batetik, bao zabalak, egitura metalikoz inguratuak eta, bestetik, etxebizitzen bao tipikoak. Halaber, teilatu inklinatu bat izateak, ohikoagoa bizitegi-eraikinetan, izaera misto nabarmena ematen dio.

Hor jardun zuen Pablo Soroak, eta ez zen inolako aldaketarik egin eraikinean. Enpresaren ekoizpenean gertatzen den bilakaera ohikoa da Eibarko tailerretan: enpresa espezializatu egin zen zapatarien gremiorako lanabesak egiten, eta, geroago, zapata-orkoiak ekoiztu zituen. Jarduera horrek HEINZA izenarekin segitu zuen, harik eta ixi zuen arte.

Eraikin honek Eibarko industria-ondarearen ezaugarri asko ditu, hala nola moldatzeko gaitasuna, bai produkzio mailan bai eraikuntzaren aldetik. Gaitasun horren eraginez sortu ziren halako eraikinak, nekez jaioko zirenak beste baldintza batzuetan. Kasu honetan, etxearen izaera misto nabarmena eta eraikitze-prozesuan egindako aldaketa baten ondorioz sortutako bolumetria dira eraikuntza enblematiko honen ezaugarri nagusiak.


Sintesi dokumentala

None

Signaturak

Mapa