Solaun Rubio y Ormaechea (Solac)
Deskribapena
Eraikina Solaun, Rubio eta Ormaechea enpresarena zen, SOLAC izenez ezagunagoa. Etxetresna ugari fabrikatu zituzten eta ospe handia lortu zuten. 1930ean egin ziren lehen eraikuntza-lanak eta gerora hainbat fasetan jaso zen, hamaika gehikuntza eta zabaltze-lan eginez. Enpresa laga ondoren asko hondatu da eta gaur egun aurri-egoeran dago.
Bideoak
Maite Zangitu: Hasieran Solac-en bertan egiten ziren pieza guztiak
Maite Zangitu: Solac lantegiaren sorrera gerra aurrean
Maite Zangitu: Langile eta nagusien arteko harremana "hi"tik "don"era
Sintesi dokumentala
Eraikina Solaun, Rubio y Ormaechea enpresarena zen, eta SOLAC markarekin etxetresna ugari fabrikatu zituzten eta ospe handia lortu.
Matxarian kokatutako eraikina hainbat fasetan egin zen, hamaika gehikuntza eta zabaltze-lanen ondorioz.
HASIERAKO FASEA. Urbano de Manchobas
1930 eta 1931 urteetan Urbano de Manchobas arkitektoak tailerraren lehen eraikuntza-lanak egin zituen.
Eraikina egiteko lehen eskaera Jose Ormaecheak egin zuen, 1930ean. Hormigoi armatuz egina, tailer txiki bat zen, beheko solairua eta oin-solairu bat zituena, Matxariako bidearen eta Ibargain kalearen artean kokatua.
1930eko urrian, José Solaeguik, obraren kontratista gisa, eraikina Ibargain eta Matxaria kaleen arteko bidegurutzerantz zabaltzeko eskaera egin zuen, Manchobasen proiektuaren eta zuzendaritzaren arabera. Orubearen forma estua eta kale horien arteko desnibel gogorra zirela eta, eraikina egokitu beharra egon zen: beheko solairuaren ordez euste-horma bat jarri, eta osteko aldea pixka bat atzerago utzi zen, orubearen zabalerara mailakatzeko [C5.38.24-2].
1931ko martxoan, José Solaeguik baimena eskatu zuen zabaltze-lan berri baterako, hasierako obra egin zuen arkitekto beraren proiektu eta zuzendaritzarekin. Kasu horretan, pisu bat eraiki zen multzo osoan, jada eginda zegoen eraikinaren estetikari jarraituz. Zabaltze-lan horri estalki laua jarri zitzaion, hala, etorkizunean beste handitze batzuk ahalbideratzeko [C5.38.24-3].
1931ko ekainean, eskatu zen estalpe txiki bakartu bat eraikitzea orubearen mutur estuenean, Matxaria eta Ibargain kaleen arteko bidegurutzean. Neurri txikiko eraikina zen eta hasieran tailerretik aparte eraiki zen [C5.38.24-4].
1931ko abuztuan, eskaera aurkeztu zen tarteko gunea eraikitzeko eta tailerrari bat eginda geratu zen. Zabalkunde horrek forma mailakatua zuen, kaleen bidegurutzean orubearen zabalera-murrizketara egokitzeko. Halaber, solairu bat gehiago eraiki zitzaion gune horri [C5.38.24-5].
-
Urbano de Manchobasek 2 urtean zuzendutako eraikuntza horren emaitza tailer bat izan zen, beheko solairua eta bi oin-solairu zituena estalki lau batekin, orubearen forma eta aldapara egokitua. Eraikina horrela mantendu zen Gerra zibila amaitu arte.
-
HANDITZE-LANA Raimundo Alberdi.
-
Gerra zibilaren ostean Raimundo Alberdik ordezkatu zuen Manchobas, udal arkitekto lanpostuan. Jarduera eta hazkunde handiko sasoia izan zen herriarentzat. Bonbardaketaren ostean Eibar berreraikitzeaz gain, ekimen pribatuak (batez ere industriala) bultzatu zituen eta tailer berri pila bat eraiki eta beste hainbeste handitu zituen.
Horren adibide bat izan zen 1940ko maiatzean Solaun, Rubio y Ormaechea enpresa handitzeko egindako lana, Jose Ormaecheak, enpresaren izenean egindako eskaeraren arabera eta Raimundo Alberdiren proiektu eta zuzendaritzarekin 6856.44.
Bi solairu gehiago egin ziren eraikin osoaren gainean, eta azpimarratu behar da proiektuaren memorian arkitektoak zioena: "Estalkiaren terrazan dauden ur-filtrazioen arazoen aurrean, teilatu bat eraiki behar da hezetasun-arazoak konpontzeko. Premia hori baliatuz, hormigoi armatuzko bi pisu eraikitzea aurreikusten da, estalkia ere hormigoi armatuzkoa eta bi isurikoa, eta forjatu gainean teila arabiarra jarriz".
Eraikina altueran handitzea eragozten zuen teilatu bat jartzea erabaki zenez, eraikitako bolumena ordenantzetan baimendutakoaren arabera betetzea erabaki zuen enpresak (etxabea gehi lau oin-solairu).
Horrekin eraikinaren itxura halaxe geratuko zen behin betiko, geroago egin ziren garrantzi gutxiagoko eranskin batzuk izan ezik
BESTE LAN BATZUK.
1942an obra txiki bat egin zen eraikinaren izkinan, Ibargain eta Matxaria kaleak elkartzen diren tokian6860.56. Eskaera berriz ere Jose Ormaecheak egin zuen, Solaun, Rubio y Ormaechea enpresaren izenean, eta obrak proiektatu eta zuzendu zituena Luis Astiazaran arkitektoa izan zen. Egitasmoa zen lehen solairua luzatzea, 20 m2 eskaseko eraikuntza trapezoidal bat eraikiz, lehendik zegoen fatxadaren estetikari jarraitzen ziona.
1949an, materialak biltzeko behin-behineko estalpe bat eraiki zen tailerretik gertu, Ibargain kalean 6868.29. Urte horretarako, enpresa bananduta zegoen, izan ere, Jose Ormaechea SRC1 enpresa izan baitzen —Agustin Ormaecheak ordezkatua— baimena eskatu zuena. Garrantzi gutxiko estalpe bat da, solairu batekoa uralitazko edo antzeko materialez egindako estalki batekin; kasu horretan benetan azpimarragarria zera zen, kokapenaren planoan aldameneko bi edifizioak ere sartzen zirela enpresaren parte gisa, bai eta lursail horien atzealdea ere Ibargain kaleraino. Enpresa hazten ari zen eta, lokalak eta tailerrak eskuratu zituen inguruetan.
Horren erakusgarri da, 1949an, Agustin Ormaecheak, Jose Ormaechea SRC enpresa ordezkatuz, baimena eskatzea Matxaria kaleko 1 zenbakian zegoen (JR-D-01) eraikinaren etxabeko atean leiho bat aldatzeko, kanpotik sarbide zuzena emateko tailerrera ataritik pasa gabe [6885.85] (aurretik tailer hori Miguel Anituarena izan zen).
Goraxeago zegoen eraikina —Valentin Saezek jasoa (M-02) — ere okupatu zuen enpresak; izan ere, 1957an, Crispin Garate Muguerzak, Jose Ormaechea SRC enpresaren bazkide-gerente gisa, zabaltze-lan garrantzitsu bat egiteko eskaera egin zuen eraikin horretan [6888.09].
1950ean, transformadore elektriko bat jarri zen eraikinaren azken solairuaren mutur batean, edifizioaren irudia eta bolumena itxuraldatuz. Eskaera Crispin Garatek egin zuen, Jose Ormaechea SRC enpresaren izenean, eta bertan baimena eskatzen zuen obra hori egiteko, Damian Lizaur arkitektoaren planoen arabera 6869.39.
1962an eraberritze txiki bat egin zen barruan, Crispin Garatek eskatuta 6906.03, eta fuel-oil tanke bat ere jarri zen, nahiz eta kasu honetan Jose Acha-Orbea Murga izan Jose Ormaechea SRCren bazkide-gerente gisa eskaera egin zuena. 5.000 litroko tanke bat zen, 1950ean eraikitako etxolaren ondoan lur azpian jarri zena, eta Ibargain kaletik sarbidea zuena 6911.04.
Enpresak eraikina laga ondoren, asko hondatu da eta gaur egun aurri-egoeran dago. Matxariako bidean zeuden aldameneko eraikinak eraitsi egin ziren (JR-D-01),(JR-D-03), eta orubeak hutsik geratu ziren.
(*1) Solaun, Rubio y Ormaechea enpresa Jose Ormaechea SRC eta Solaun y Rubio SA enpresetan banandu zen, 1947 aldera.
Fitxa teknikoa
Estiloa
Eraikina hainbat fasetan egin arren, hasierako faseetako eraikuntza da —Urbano Manchobas arkitektoak 1930 eta 1931 urteen artean egina— haren estetika markatuko duena.
Nahiz eraikina hormigoi armatuz egina izan, fatxadak horma-egiturako eraikinak gogorarazten dizkigu, leihoen artean dauden goitik beherako pilastrengatik. Pilastra horiek ez ziren beharrezkoak hormigoi armatuzko egitura batean eta hala ere sartu egin ziren, mende-amaierako adreilu-fabrikako industria-eraikinen estetikari jarraituz.
Hain zuzen, lehen eraikin honen planoetan [C5.38.24-1] ikusten da, hormigoi armatuzko egitura eduki arren, solairuan erabilitako grafismoak horma-egitura bat iradokitzen duela, egitura portikatu baten ordez, fatxada sostengatzaile sendoekin eta egurrezko zutabeekin (ohikoagoa garai hartako eraikuntza tipikoan).
Arkitekto honek lan egin zuen garaian bi eratako egiturak erabiltzen ari ziren, batetik, zurezko egitura tradizionalak eta karga-hormak, eta, bestetik, hormigoi armatuzko egiturak, indarra hartzen ari zirenak. Anbibalentzia hori oso garbi ikusten da eraikinean, nabarmen geratzen baita hormigoi armatuaren erabilera —hizkuntza arrazionalistago batekin— ez zegoela erabat normalizatua.
Raimundo Alberdik, aldiz, 1940ean handitze-lanak proiektatu eta zuzendu zituena, hormigoi armatuaren erabilera aldarrikatzen duen arkitektura bat defendatzen zuen, mugimendu modernoaren ideiei jarraituz (nahiz eta baliabide propioak erabili, haren diseinuak bereiztea ahalbidetzen dutenak). Nolanahi ere, eraikin honetan, bi solairuko handitze-lanak egiteko, errespetatu egin zuen Manchobasek markatutako pilastren herentzia, eta irudi bateratu bat eman zion eraikin osoari.
Singularidades
Eraikin honek Eibarko Industria Ondarearen ezaugarri batzuk biltzen ditu:
-
Eraikinaren kokapena eta bolumetria oso ondo egokitzen dira orubera, oso estu eta irregularra den aldapa batean baitago kokatua.
-
Eraikina hainbat fasetan eraiki zen, enpresaren hazkundeak eraginda.
Eta baita berezi eta desberdin egiten duten ezaugarriak ere:
-
Crucelegui Hermanos tailerrarekin batera (JR-01), hura ere Urbano de Manchobasek eraikia, edifizio hau da Eibarko lehen industria-eraikinetako bat hormigoi armatuz egindakoa (1930).
-
Hainbat fasetan eraiki arren, egindako multzoak duen estetika eta konposizio-irizpidea Manchobasek hasieran ezarritakoa da. Haren pilastra bertikalen estetika hormigoi armatuaren erabileraren aurretiazko eraikuntza-mota bati dagokio, adreilu-fabrikako horma-fatxaden herentziaren eredu.
-
SOLAC markaren jatorri izan zen, estatu mailan etxetresna elektrikoen erreferente izan zena.
- Neurriak:
- 1702/455