Urkiko gurutzea
Deskribapena
Gurutzea Urkiko auzoaren goialdean kokatuta dago. Gaur egun auzo handi eta jendetsua bada ere, herritik kanpo eta Elgetara bidean zegoen baserri-auzoa zen. Bertan, San Lorentzo ermita, Takillangua dorretxea eta bost baserri zeuden (Urki Guena, Urki Kurutzekua, Urki Barrena “Txantxingua”, Urki Garro “Ferranenekua” eta Sarasketanekua).
1950-1960 urte bitartean Eibarrek jasandako populazioaren izugarrizko gorakadaren ondorioz, Urki auzoko ia elementu gehienak desagertu eta etxebizitza berriak eraiki ziren. Urte batzuetara, autopista berria eraikitzeko San Lorenzo ermita eta Urki Guena baserriak ere desagertu ziren.
Gaur egun, dorretxea eta Urki Kurutzekoa baserriaren alboan zegoen gurutzea besterik ez dira gelditzen, nahiz eta azken hori lekualdatu egin den azken etxebizitzen eraikuntzaren ondorioz.
Kurutzekua baserriaren ondoan zegoen gurutzea kokatuta, 1610. urtean Maria de Mallearen testamentuaren aginduz eraikitako San Lorentzo ermitatik gertu. Agirietan lehenengo aldiz 1494. urtean aipatzen da eta gaur egun Eibarren geratzen den bakarra da. Antzina, hiru gurutze zeuden: Ibarrakoa (Ibarkurutzean, Gipuzkoa aldeko sarreran), Ulsagakoa (Bizkaia aldeko sarreran) eta Urkikoa, azken hori Elgetarako bide bazterrean. Halako gurutzeak, bidegurutzeetan edo udalerrien mugetan kokatzen ziren eta jendeak gidatzat hartzen zituen.
Eibarren, “Urkidi” edo “Urki”-ren lehengo erreferentziak 1494. urteko "Ordenanza sobre conservación y conservación de los montes y dehesas del Concejo de San Andrés de Eibar" izeneko ordenantzan ageri da, eta jasota dago 1506an aipatutako hiru gurutzeak bazeudela. Urkiko gurutzetik abiatzen zen Elgetarako bidea handik Leintz haranera, Arabara eta Gaztelara joateko.
Gurutzearen deskribapena
Gurutzeak 4,35 metroko altuera du eta hareharriz dago osatua, lehen bi kareharrizko harmailak izan ezik.
Gurutzearen aurrealdean Gurutziltzatua dago. Haren oinak abakoan bermatuta daude, atzealdean dagoen Ama Birjinarenak bezala.
Bideoak
Faustina Lopez: Urki ingurua eta San Lorentzo eguneko erromeria
Julian Echeverría: Urkiko San Lorentzo ermita, baserriak eta erromeria
Faustina Lopez: Urki ingurua nolakoa zen