Joaquín Domínguez Elosegui
Ikasketak: Arkitektoa
Joaquín Domínguez Elósegui (1903-1970)
Joaquín Domínguez Elósegui Vigon jaio zen, 1903ko irailaren 13an. Arkitektura ikasketak Madrilgo Arkitekturako Eskola Politeknikoan egin zituen, eta 1932an graduatu zen.
1940an, Dirección General de Regiones Devastadas y Reparaciones erakundearen Gipuzkoako lurraldeburu izendatu zuten, eta José Antonio Ponte Picavea arkitektoarekin batera lurralde-ordezkaritzaren Bulego Teknikoa eta Obretakoa eratu zuen.
Eibar Hondatutako Eskualde izendatu zuten gerra ostean, eta Dominguez Elosegui eta Ponte Picavea izan ziren hiriaren analisia eta diagnostikoa egin eta haren konfigurazioa goitik behera eraldatuko zuen Urbanizazio Plana diseinatu zutenak.
1940ko irailean bien artean egin zuten Eibarko urbanizazio-plana, gerora, Reconstrucción aldizkarian argitaratu zutena. Plan berria gehienbat erdigunean zentratu zen, hiriaren eremu kaltetuena zelako, eta egitura urbanistiko zeharo berri bat proposatu zuten. Eibarren benetan larria zen hirigintza-egoera. Joaquin Dominguezek eta Jose Antonio Pontek ziotenez, estatu osoan etxebizitza higienikoak jartzeko baldintza okerrenetarikoak zituen udalerria zen.
Proposamenean, instituzio bakoitzak behar zituen zerbitzuak eta berreraiki beharreko lanak zehaztu ziren. Horretarako, 24.000 biztanlerentzako hiri bat definitu zen. Egitasmoak ibaia estaltzea eta bideratzea eskatzen zuen, beharrezkoa zelako espazio berriak lortzea. Beraz, hiri-planoa guztiz berregituratu, eta kale batzuk desagertu egin ziren, (Barrenkale eta San Andres eliza ingurukoak), beste batzuk sortu (Zuloagatarren, San Agustin eta San Juan), beste hainbat zabaldu (Arragueta, Bidebarrieta, Calbeton, Isasi), beste batzuk moldatu (Arrate pasealekua) eta beste batzuk luzatu egin ziren (Toribio Etxebarria). Hurrengo irudi honetan ikusi daiteke Dominguez Elóseguik eta Ponte Picaveak Eibarrentzat definitu zuten hiri-plano berria:
Iturria: Muñoz Fernández, F. J. Gerraosteko Euskal Herria eraikitzea: Eibarko berreraikuntza (1937-1957)
Bestalde, industrialdea herriaren ekialdean eta mendebaldean kokatzea pentsatu zen, Azitain eta Otaolan, hain zuzen ere. Hala ere, txikituta geratu ez ziren tailerrek lehen zeuden lekuan jarraitu zuten, eta gogaikarriak ez ziren industriak eraikinen beheko solairuetan jartzea onetsi zen. Ur-hornikuntza, estolderia, argiztapena, hilerria eta beste hainbat zerbitzu publiko ere berregin eta hobetu egin ziren.
1950eko urtarrilaren 23an Eibarko behin-behineko udal arkitekto izendatu zuten Joaquín Domínguez Elósegui, eta 1952ko apirilean udal arkitekto plaza eman zioten. Geroztik, hainbat eraikin diseinatu eta gauzatu zituen gure herrian.
1970eko irailaren 4an hil zen, 67 urterekin.
Hona hemen arkitekto honek gure herrian egin zituen lanik esanguratsuenak:
Tailerrak
- Domingo Guisasola SL , Arane 4 (1950)
- Lambretta. Otaola kalea 3 (1953)
- Laspiur, Bidebarrieta 23-25 (1953)
- Nicolas Correa S.R.C enpresako bulegoak, Matxarian (1955)
- Alfa. San Andres pasealekua 8 (1956)
- Jata (1956)
- Andutz Fundiciones, Otaola 9 (1963)
- "Fremap" industria-eraikina, Otaola 21 (1966)
- Industrias Alzuca, Otaola 23 (1967)
Etxebizitzak
- Ipuruako udal etxebizitzak (1957)
- San Kristobal kaleko 3., 5. eta 7. zenbakiak. (1952).
- Juan Gisasola kaleko 4., 6. eta 8. zenbakiak (1955).
- Txonta 42., 44., 46. eta 48. zenbakiak (1955).
- Iparragirre 5., 7., 9. eta 11. zenbakiak (1955).
Bakarkako bestelako lanak:
- Banco de San Sebastian, Bidebarrieta kalean (1946). Domingo Aguirrebengoarekin batera.
- Santa Kurutzeko eskola berreraikitzea (1948).
- Futbol-zelaia (1950)
- Maltzagako eskola berria (1954), 1935ean eraikitakoaren ordezkoa izango zena.
- “Hermanos del Sagrado Corazón de Jesús” (LaSalle isasi) ikastetxearen handitze-lana (1955).
- Kontzeptzionisten eliza-komentua (1955).
- Ipuruako merkatua (1956).
- Ipuruako udal eskola (1957).
- “Nuestra Señora de la Providencia” (Aldatze) ikastetxearen handitze-lana (1957).
Jose Antonio Ponte Picavearekin egindako lanak:
- Orbeako Frontoia (1944), Orbea enpresaren enkarguz.
- Merkatu kaleko 1. auzo-etxea edo ”El Casco”-ko etxebizitzak (1944)
- Arancetatarren etxea. Errebal kalea, 15 (1945)
- Basterratarren etxea. Generalisimo kalea 9 (gaur egun, Julian Etxeberria) (1946)
- Maria Angelako urbanizazio osoa (1947)
- Agustín Churrucaren etxea (1951) – Generalisimo kaleko (gaur egun, Julian Etxeberria) 3.,5. eta 7. zenbakiak.
Informazio gehigarria
Eibarko eraikinak
Laspiur S.A.
CENTRO BAJO
Olave Solozabal y Cia. (El Casco)
CENTRO BAJO
Nicolás Correa
MATSARIA
Andutz Fundiciones S.A.
OTAOLA
Taller Otaola 21
OTAOLA
Industrias Alzuca
OTAOLA